GAUR8 - mila leiho zabalik

Eguzkiari so


Eguzkiari so egon da astelehenean estatubatuar andana. Baita munduan beste asko ere, eguzki eklipsea partzialki ikusteko izan bada ere. Lagun batek igotako argazki polita ikusi dut Facebook-en, eta irakurri dut ere eklipseen harira izaten den literatura zientifikoa, fenomeno honek nola lagundu izan digun errealitatea hobe interpretatzen, arrazoia mitoaren gainetik jartzen. Aukeran, ni ere egongo nintzateke astelehenean astroen dantzari begira, baina beste eguzki baten printzek ase zituzten nire zentzumenak egun hartan, elizaren totem odoltsuaren eta polizia kaskoen dirdirak hartu baitzuen Bilboko Aste Nagusiko giroa. Segurtasunaren zaindariak seguru-seguru heldu ziren goizean huts-hutsik zen Areatzara irudira ekarri dudan koadroa eta “Carnicerias Vaticanas” leloa Hontzak-en txosnatik kentzera.

Jakina, segurtasunaren profesionalak ez ziren borondate propioz etorri, baizik eta elizaren borondatea betetzera, guztion eskubideen bermerako behar lukeen justizia bitartekari hartuta. Izan ere, herritarren zati handi baten sentimenduak urratu ei ditu txantxa honek; blasfemia omen da! Nik ez dut ukatzen lagun imajinarioak dituzten –edota gurtzen dituzten– pertsona askok arazoak izatea umorearekin, baina, zer demontre, beste herritar andana batek ere baditugu sentimenduak, arrazoi ezberdinengatik urratzen ahal direnak. Adibidez, politikaren eta erlijioaren integrazioak eragin ahal ditu sentimendu urraketak; alegia, –ez Bartzelonako baizik eta bertako– integrismoak. Kontratu soziala sineskeria parametroen arabera eraiki nahi dutenen jardunak ez al ditu herritarren zati handi baten sentimenduak urratzen? Niri behinik behin nahiko desatseginak iruditzen zaizkit elizaren mezuak, bere ikono odoltsuekin eta udaberri oro kaputxa jantzita egiten dituzten performance beldurgarriekin… Baina are, eta Hontzak-en hitzak nire eginez, «ez dut ulertzen inor honengatik iraindua senti daitekeenik, eta, horrela bada, iraindua sentitzen naiz horregatik eta berehala irainduak sentitzeari utz diezaiotela eskatzen diet, iraintzearekin nire sentimendu intimoenak urratzen baitituzte».

Arazoa, dena den, ez da horrenbeste erlijiosoen jarduna, baizik eta botere publikoak, eta hein handi batean gure jendarte honek, erlijiosoen apeten ondotik hartutako jokabideak! Zein momentutan gailentzen da erlijio baten ordezkarien hitza herriak hilabeteetan (eta urteetan… Bilboko Konpartsak!) eraikitako ekintzaren gainean? Zer dago salaketa jarri duen elizgizon triste horren atzean bere hitza horren azkar betearaz dadin? Eta garrantzitsuena (edo paradigmatikoena), zeini helduko zaio zigorra lehenago, poliziek identifikaturiko Hontzak-eko konpartsakideei, ala 36ko gudan eroritakoen Artxandako oroitarria boikotatu, txupinean debekaturiko lekuan Espainiako bandera eskegi eta sare sozialen bidez mehatxu publikoak egiten dituzten falangistei?

Errealitatea konplexua dela kexatzen gara maiz, baina batzuetan ura bezain garden ageri zaigu. 36an irabazi zuten, eta oraino ez diogu bueltarik eman egoerari; (benetako, faktuzko) boterean jarraitzen dute. Zientzia zutabe honetatik ezin dut astelehenean ezkutatu nahi izan zuten txantxa-datua argitara eman besterik. Hori eta lagun imajinarioak izaten jarraitzen duten helduei azaltzea beraien erlijioa, beste askorena bezala, ez dela eguzkiaren adorazioa besterik, milurtekoz milurteko gure astro nagusiak izan duen garrantziaren seinale, baina eta gainera, modu infantilean moldatua izan den adorazioa izan dela eta kapitalismoa eta sistema heteropatriarkala sustengatzeko ipuin eta instituzio nardagarri bat besterik ez dela egun, Lurretik eta jendartetik guztiz aldendua. Eta hori gutxi balitz bezala, alkandora berriaz eguzkiari so daudenek defendatzen dutela doktrina hori, gure arbasoak masakratu eta berrogei urteko erregimena instalatu zutenek, amaieran dena “ondo lotuta” utzita iruzur handi bat egiteko. Eguzkiari begira diezaiogun, baina eklipseekin bezala, hartu neurriak ez itsutzeko eta intsolazioak jota ez gelditzeko… eta, noski, egin barre! •