GAUR8 - mila leiho zabalik

Lurraldea eta dieta


Lurzorua baliabide natural baliotsua dela badakigun arren, bere espoliazioaren garaia bizi dugu. Lurzoruak giza bizitza garatzeko urak adinako balioa duen arren, ez du babes handirik jaso izan, lurzoruaren eraikigarritasunean inplikaturik diren diru iturriak direla eta. Etxebizitzaren eta higiezinen goraldi garaian “lurzoruaren terrorismoa” praktikatu da, kalteak non gertatzen ziren bereizi gabe. Hiriek eta herriek inoizko lur kontsumorik handiena izan dute, beraien historian zehar sekula izan ez bezalakoa. Gainera, aurrenekoz, hirien zabalkuntza basatia ez da egon lotua biztanleriaren hazkuntzaren beharrari. Denbora errekorrean lur azalera handiak okupatu eta urbanizatu egin ditugu, eta fenomeno hau izurritea bailitzan zabaldu da lehen munduko lurraldeetan zehar. Hondeatzaileen eta garabien paisaia globalizatuan bizi izan gara.

Kontsultatutako datuen arabera, 2006. urtean Europar Batasuneko lurzoruaren %2,3 hormigoiz bete da, hots, 100.000 kilometro koadro inguru. Zirrara sortzen dute datuok. Gertaera honen irakurketak izaera geopolitikoa duela ezin ukatu, elite ekonomikoek lurzoruaren errentagarritasuna eraikuntzan finkatu dutenean gertatu delako. Ekonomiaren zirkulaziorako negozio borobila da urbanizatzea –gudak diren bezalaxe–: lurraren transformazioan BGP mugimendua ikaragarria da, eta behin lanak bukaturik, lur urbanizatuaren mantzentze kostuak oso handiak dira. Diruaren mobilizazio hau erlazionaturik dago pobreziaren indizeekin. Hau da, zenbat eta lur urbanizatu gehiago lurralde aberatsetan, orduan eta pobreagoak direla lurralde txiroak. Horregatik, martxan jarri den People4soil kanpainaren helburuak balio anizkoitza du, hain zuzen, Europar Batasunean lurzorua babesteko legea bultzatu nahi du. Lege europarrak gidalerroak besterik ez diren arren, behar-beharrezko lehen pausoa da, gerora, estatuek horiek ezartzeko legeak gara ditzaten. Lurzoruaren okupazioak ekartzen dituen kalte andanak mahaigaineratzea bere babeserako bidea da eta.

Lurzoruaren babesaren aldarrikapenean hainbat gai desberdin gurutzatzen dira, baina hirigintza eta agroekologia dira lerro hauetan azpimarratu nahi direnak (hauen arteko loturak marrazteko nahiarekin). Izan ere, zementoak lurra estaltzen duenean, bizitza agortzen da. Lurraren emankortasuna akabatzen da. Eraikuntzak eta urbanizazioak dakarten lurzoru kontsumoaren eta elikaduraren artean bataila bat pizturik da, eta gure dietak galdu du. Nekazaritzarako egokiak diren lurrak, ibaiertzetako meandroak eta eguzkitzapen oneko eta lautasun handiko lur asko, hiriak hartu ditu betiko. Lurzoru galera honi nekazari kopuruaren jaitsiera gehitzen badiogu eta landa lurrak utzi eta hirietarako migrazioa gaineratzen badiogu, dietaren eraldaketa estruktural bat gertatzen da: elikadura, elikagaietan oinarritua izatetik, kontsumo produktu izatera pasatu da, gure dieta enpresen esku utziaz. Nekazaritza intentsiboaren industria aferak lehen munduko hiritartze prozesu masiboarekin zerikusia du seguru. Honela egin diogu lurzoruaren zaintzari entzungor.

Dieta osasuntsu baten aldeko apustuak lurzoruaren babesetik eta berreskurapenetik pasatu behar badu ere, gure esku badago zereginik. Balkoietako eta eraikinen estalkietan ortuak landatzearen modak salbatuko ez gaituen arren, joera honetan mezu argi bat irakur daiteke: gure hirietako urbanizazio lanak “naturalagoak” egiten ikasi behar dugula. Azalera pabimentatuegiak eta gehiegizko eraldaketarekin egitera ohitu gara, iragazkorrak diren gainazalak sortuz eta lurzoruaren azpialdeko bizitza arbuiatuz. Has gaitezen berandu baino lehen, gure auzoetako urbanizazio lanetatik, okupatu gabeko lurzoruaren sentsibilitate berri baten garaiari ateak irekitzen. •