GAUR8 - mila leiho zabalik

Etxebizitzaren auzia, ezkerraren zutabe bat


Gaiak gure eguneroko berri eta tertulietako portzentaje bat eramaten du, baina nekez esan daiteke gure agenda politikoan txertatuta dagoenik. Gure bizitzetan determinantea denez, berdin dio turismoari buruzko eztabaidaren erdian edo Ikearen katalogoaren errepasoa dela medio, ohiko mintzagaia da etxebizitza. Azken urteotan gure egunkariak ere auziari buruzko berri eta atal interesgarriak izan ditu, GAUR8ko arkitektura eta urbanismoari buruzko atala interes horren adibide ona delarik. Etxebizitzak ez du, ordea, gure bizitzetan duen adinako dimentsio politikorik, inondik inora. Eta beharko luke izan, nire ustez. Mendebaldeko ezkerraren programa politikoei begiratuz gero, garrantzi hori handitzen ari dela nabarmena da.

Gure testuinguruan, krisiaren eragin nagusietako bat etxebizitzaren balioaren erortzea izan da. Duela gutxi GARAn Isidro Esnaolak bikain azaltzen zuen bezala [goo.gl/FkXeFE], egitate horren kaltetu nagusia «klase ertaina» deitzen den hori izan da. Globalizazioaren aroan, efektu hori desberdina izan da toki batetik bestera [artikulu honetan desberdintasunoi buruzko hainbat datu azaltzen dira: goo.gl/VG9LZK]. Nola ez, PIGS delako herrialdeak kaltetuenen artean daude.

Euskal Herriaren kasuan, honek eragin tamalgarria izan du familien ongizatean eta ondarean. Ez gara, inondik inora, bakarrak. Esnaolaren artikulua argitaratzearekin batera Irlandako auzia aztertzen zuen hau irakurri dut: goo.gl/3GyXrA. Artikulu horretan Eoin Ó Broin-ek etxebizitzarako aukerarik ez duen klase ertainaren errealitatea aztertzen du, baita Dublingo Gobernuaren politika publikoen porrota ere. Iaz Irlandan housing crisis delakoa agenda politikoaren gai nagusietako bat izan zen, etxegabetuen [goo.gl/bVPaHh], etxegabekoen [goo.gl/tkrsgZ] eta “Apollo House” bezalako kanpainetan zentratua [goo.gl/M6rLJq]. Errepaso labur horrek, non alderdien posizioak, komunikabideen jarraipena eta gizarte zibilaren antolakundeen lana azaltzen den, Irlandan gaiak duen garrantzia erakusten du.

Britainia Handian ere gero eta mugimendu handiagoa sortzen ari da alor honetan. Horren adibide da “Generation Rent”, politika publikoetan eragitea bilatzen duen lobby-a, kanpaina gisa formulatua [www.generationrent.org].

Etxebizitzaren auzian politikan eta, orokorrean, gizarte antolakuntzan garrantzitsuak diren auzi asko biltzen dira: finantza sistema, lurralde antolakuntza, lana eta formakuntza, zergak eta errentismoa, urbanismoa, publikoaren eta pribatuaren arteko harremanak, energia eta ekonomia zirkularra… Ez hori bakarrik, jendearen bizitzan garrantzitsuak diren auziak eremu honetan ere erortzen dira: emantzipatzeko aukerak, familia ereduak, etxeko ekonomiaren desorekak, erretirorako baldintzak… Alegia, jendearen bizitzaren eguneroko hipotekak, bere adierarik zabalenean, esparru honekin lotuta daude. «Bizi eredu askatzaileak» ez dira pertsonen printzipioei lotutako arau moralak, baizik eta emantzipazioa helburu duten proiektu komunitarioak.

Jakina, hau guztia etxebizitzarekin gero eta harreman gatazkatsuagoa izango duten belaunaldien eta sektoreen arazoaren testuinguruan ematen da. Baita krisiaren izaera egiturazkoa edo ziklikoa den argi ez dagoenean ere, horrek dakarren ezegonkortasunarekin. Gure bizitza komunitarioan, gizarte desberdinkerian eta belaunaldien arteko desorekan horrek suposatzen duen kaltearekin.

Alternatibak egon badaude. Adibidez, Errenteriako Udalak martxan jarritako Marea Gora egitasmoa bereziki interesgarria iruditzen zait, gazteriari eta etxebizitzari buruzko politika publiko bat nola gara daitekeen erakusten duelako [goo.gl/rb71Et]. Beste maila batean, aurreko legegintzaldian, Gasteizen, EH Bilduk eta PSEk, UPyDren babesarekin, Etxebizitzaren Legea adostu zuten. Ondoren Auzitegi Konstituzionalak legea geldiarazi zuen. Mugekin bada ere, legeak alokairuaren eta jabegoaren eta publikoaren eta pribatuaren arteko marrak mugitzeko bitartekoak ezartzen ditu.

Mendebaldeko ezkerrarentzat etxebizitzaren auzia zentrala da, balioak eta politika publikoak uztartuz, pertsonen eta herrian bizi baldintzak hobetu ditzakeelako. •