GAUR8 - mila leiho zabalik

Joan-etorrian


Etxebizitza alokairu eta salmenten kartel asko daude kale guztietan. Hiriak bere horretan daraman behin-behinekotasun izaera hori azalduz. Jendearen joan-etorri etengabea eta inoiz pausaldirik egiten ez duen hiriaren seinaleak dira horiek denak. Etxe bakar bateko paretak hainbeste istorio eta bizitza ezberdinetako kapituluen lekukotza utziz. Sustraiak leku ezberdinetan zabalduz doazen bizitzak dira. Beti iruditu zait txundigarria aspektu hori.

Ez dakit nor bizi de nire alboko etxeetan. Sarritan ikusten ditudan aurpegiak ezagunak egiten zaizkit. Baina izenik gabeko pertsonak dira. Goizetan kirola egiteko arropekin ateratzen den emakumea, berrogei urte ingurukoa, ezkongabea, etxe ondoan dagoen gimnasiora joango da ziurrenik eta handik bankuren batera lanera. Australiako familia bat, hitz egiten entzun nituen egun batean eta azentu itxia daukate; duela gutxi iritsi dira auzora; badirudi aitak lan berri bat aurkitu duela; iritsi zirenean arropa informala soinean ibiltzen zen, orain gorbatarekin ikusten dut egunero. Beste gizon bat, hirurogeita hamar urte ingurukoa, alarguna, sufrimenduren batzuk pasatutakoa, aurpegiko zimurrengatik eta begien azpiko poltsengatik diot; gure kaletik gertu dagoen kafe etxera joaten da egunero, han ikusten dut goizero-goizero lanera bidean pasatzen naizenean, bera baino askoz gazteagoa den emakume batekin kafea hartzen; oraindik ez dut asmatu haien arteko harremana azalduko duen istorio sinesgarri bat osatzen. Telesail ezagun bateko aktore bat ikusi ohi nuen kalearen beste puntako etxean, baina azken asteetan ez dut ikusi; akaso hura ere beste norabait joana izango da, beste telesail bat grabatzera Los Angelesera. Nik osatutako istorioak dira. Gehienak okerrak izango dira, baina entretenigarria iruditzen zait tarteka ariketa hori egitea. Ni ikusten nautenean berdina egingo ote dute?

Kalean patineteekin jolasean dabiltzan haurrek behin-behinekotasunaz zer pentsatuko ote duten galdetzen diot nire buruari. Jaio zirenetik ikusi dituzte kartelak kalean, betidanik normaltzat hartuko zuten jendearen joan-etorria. Ez dute zalantzan jarriko.

Londres zentroan bizi nahi duen edo bizitzako denboraldi batzuk bertan pasatu nahi dituen jendea beti egongo da. Nahi hori ez da aldatu hemen daramatzadan urte guztietan. Hori islatzen dute etxebizitza salneurriek eta alokairuek. Burbuila bat dela esaten dute batzuek. Baina inoiz lehertzen ez den horietakoa. Gentrifikazioa eman da hainbat auzotan, Londres erdialdean inposatu diren salneurri zentzugabeek bultzatuta, eta, batez ere, belaunaldi gazteagoen ahalbideetan eskuragarri dauden lekuak murriztu direnean.

Bitartean, etxebizitzak saltzen saiatzen ari diren agenteei irudimena murriztu zaie. Ez dakite zer esan puztutako salneurriak mantenduko direla defendatzeko argudioak osatzerakoan. Izan ere, noiz argituko da Brexitaren osteko etorkizuna? Noiz jakingo dugu Brexitak zein eragin izango duen auzoan? Hala ere, egoera ekonomikoak ezusteko norabide bat hartu ezean, ez da funtsezko aldaketarik espero. Bitartean, ordea, Brexitaren eta horren ondorengo kaos politikoaren eta ziurgabetasunaren ildotik, salneurriak zertxobait jaitsi dira auzo batzuetan. Laboristek hauteskunde garaian proposatu zuten etxebizitzaren inguruko zergak urduri jarri zituen batzuk. Baina, hori jada atzean gelditu da. Orain nahiko lan daukate Mrs May eta bere ingurukoek geroz eta handiagoa egiten ari zaien zulo horri beste irtenbide bat aurkitzen. Eta, testuinguru horretan, espero ez zen zerbait gertatu da: ezegonkortasun finantzarioarekin eta liberaren egoera ahularekin, atzerriko inbertsoreentzat ehuneko hogei merkeagoa da etxe bat erostea. Horrek, beste bizilagun “mota” bat sortu du. Urtean bi hilabete pasatzera etortzen direnak. Erosketak egitera eta West Endeko ikuskizunak ikustera. Joan-etorrian dabiltzanen beste adibide bat. Pareko etxera etortzen den emakumea bezala; errusiarra da; taxi bat etortzen zaio ia beti bila.

Sekretuan, egun batean esnatu eta guztia gezurra dela esango digutela pentsatzen dut. Ametsetan jarraitzen dut. Eta, joan-etorrian dabiltzanen bizitzak berrasmatzen. •