GAUR8 - mila leiho zabalik

Iraila


Zenbat aldiz hasten gara hutsetik? Zenbat irailetan zirriborratu ditugu koaderno berriak gure boligrafo erosi berriekin? Ohartzerako busti gaitu irailak eta Tolosa Hiribideko errepide distiratsuaren ertzeko geltokietan oka egiten dute autobusek bost minutuero.

Semaforo baten konpas gupidagabeari amore eman dio gure udako abenturazale senak eta urduri gurutzatzen ditugu zebrabideak berokipean gordeta. Auto-ilaretan irratiaren bolumena goratzen dugu ahots ezagunen batek auto honetatik, ilara amaiezin honetatik, hiri honetatik, mundu honetatik urrun eramango gaituelakoan. Baina udazkenean berriz ere hitzez betetako esatariak auto-ilarak dauzka ahoan; Ipar Korea, Estatu Batuak, Katalunia, sexu-erasoak, euria, politikarien promesak eta euria; iraileko euria euria euria eta alertak; eta Atlantikoa gurutzatzen duten urakanak eta lurra zartatzen duten lurrikarak. Eta zu zure iraultzaile senaz akordatu zara zure auto zahartzen hasiaren bolanteari helduta; Karibeko uharte guztiak ezagutu nahi izan zenituen garai hartaz; Kubaz eta Mexikoz, eta postaletan ikusitako Habanako malekoia lainoak eta urak irentsia irudikatu du zure irudimen nekatuak.

Zure garuneko etorbide kolapsatuetan ekaineko egun urrun haiek dabiltza atzera-aurrera: nola agindu zenion zure buruari sekula ez zintuela berriro bizitzak nahi ez zenukeen leku batera eramango; zure burua jarriko zenuela erdigunean, zure zilborrari gehiago begiratuko zeniola eta ezker-eskuin dabiltza aurreko haizetako garbigailuak. Autoko metal hotzaren kontra lehertzen diren euri tantek atera zaituzte zure kabutatik eta zurea bezalako dozenaka begirada galdu ikusi dituzu nor bere autoko bolanteari amorruz helduta autora jausten zaizkien euri tantei begira, isilik, aurreko autoa noiz mugituko zain baina lanera joateko gogorik gabe.

Eta autoko kristal bustian apurtu eta bideak zabaltzen dituzten tantei begira pentsatzen hasi zara: zure baitan errepasatu dituzu zure burua berriz asmatutako aldiak, hutsetik abiatutako irailak. Zenbat “zu” asmatu dituzun urte gutxian. Eta, aldi berean, “zu” guztiek nolako antza hartu duten ekaina iristerako.

Urakan denboraldian hasten da ikasturtea hemen. Dena neurtzen baitugu denboraldika, dena kurtsoka. Telebistan ikusi dituzu palmera erauziak eta uholdeek irentsitako autoak eta haizeak paperaren moduan okertutako hormak. Zure buruari galdetu diozu Estatu Batuetara iristen den arte existitzen ote den urakanik. Eta kuriosoa egin zaizu errutinara itzuli zaren egunetan mundua hankaz gora ikustea; barruak irauli dizkizu pantailaren bestaldeko kaosak. Eta berehala Mexikora joan dira albistegiak: lurrikarak zulatutako errepideak agertu dira, espaloietan eseritako jendea eta gaur hamasei urtetako irailaren hamaika hartaz akordatu zara; ikastolatik etxera bazkaltzera joan eta albistegietan nola ikusi zenuen kea dorre batetik irteten, eta bat-batean hegazkin batek nola jo zuen aldameneko etxe orratza, eta sabela eta eztarria korapilo batek lotuta nola itsatsi zenizkion begiak telebistari eta ama nola sartu zen egongelara ikastolara itzuli behar zenuela esanaz. Eta absurdoa iruditu zitzaizun erlojua, absurdoa motxila bete beharra, absurdoa ikastola bera mundua ulertzeko zure klabeak kolokan jarri ziren une hartan.

Eta orain auto bateko bolanteari helduta zaude, ilara batean preso, begiak autoko erlojuari itsatsita, bost minutuko atzerapenak sabela eta eztarria korapilatuta. Eta urakanak eta lurrikarak irudikatu dituzu zure ziurtasunak, zure ordutegiak eta zure egutegiak errotik erauzten, baina ohituegia zaude irail euritsu hauetara, zure burua berrasmatu duzunaren itxura eginez iazko antzerki bera egitera. Errazagoa baita hutsetik baino hutsetatik hastea. •