GAUR8 - mila leiho zabalik

ADOREZKO OLATUAK SORTZEN DABILTZANEN OIHARTZUNA

Dokumentalaren izena «Sands of silence» (Isiltasun hareak) bada, «Waves of courage» (Adorezko olatuak) du abizen. Hitz egitea bera pauso zinez ausarta baita. «Euren oihartzuna adorezko olatuak sortzen ari da», nabarmentzen du sexu jazarpena ardatz duen lanaren egileak.


Isiltasuna apurtzea, modu batera edo bestera, norbere buruarekin, intimitatean, familiartean, hitzen beharrik gabe, ikertzen, kasu ezberdinak ezagutzera emanez... baina isiltasunarekin apurtzea. “Sands of silence” dokumentala gidatzen duen ezaugarria hori da. Sexu abusu eta pertsonen salerosketaz mintzo da. Mintzo baino gehiago, biktimen bizipen latzen bilduma da dokumental saritua. Nepalen, Mexikon edo Zarautzen. «Etxera bertara ekarri nahi izan ditut abusuak, talka handiagoa eragiteko, eta askotan hain urrun ikusten ditugun kasuak hurbilarazteko», azaldu zuen Donostian egileak, Chelo Alvarez-Stehle kazetariak. Donostiako EHUko campuseko Carlos Santamaria zentroan izan baitzen errioxarra, lana aurkeztu eta bertaratutakoekin eztabaidatzeko.

Kriminologiako ikasleak ziren gehiengoa Antonio Beristain auditorioan, baina Gizarte Hezkuntzako ikaslerik zein zigor-bitartekaririk ere bazen tartean. Gema Varona Martinez Kriminologiako Euskal Institutuko ikertzaileak ez zuen ukatu entzule gehiago espero zituela, aurreko egunean Errioxan egindako emanaldiaren oihartzuna ikusita. Dena den, grinatsu aurkeztu zuen Alvarez-Stehle, duela bi hamarkadatik emakumeen salerosketa eta sexu jazarpena salatzen dabilen kazetaria. «Mundua gustuko dut eta gogoko ditut pertsonak», laburbildu zuen, xume, Alvarez-Stehle berak.

Gori-gorian dagoen gaia da sexu jazarpenarena, eta ikuspuntu humanista eman nahi izan dio errioxarrak. Biktimak, edo “bizirik atera direnak” –egileak erabilitako kontzeptua sobreviviente da–, zenbakiak baino gehiago direlako eta guztien atzean mundu bat dagoelako. Emakumeen salerosketak 32 bilioi dolar mugitzen dituela jakinarazten du dokumentalak, edota 27 milioi pertsona esklabotzan bizi direla. Zenbaki hotzetatik urruntzea nahiago du baina Alvarez-Stehlek, datuak aipatu aipatzen dituen arren kontzientzia sortzeko funtsezkoak direla jakitun.

Baina seguru biktima zuzenak izan direnen adierazpenek tripa gehiago mugitzen dituztela: «Hiru bider ihes egin nuen etxolatik, baina bidean soldaduek harrapatu eta trafikatzaileengana eraman ninduten berriro». Edota, «nire alaba beste jaioberri batengatik aldatu zidaten ihes egin ez nezan». Virginia Isaiasen hitzak dira. «Ezer eduki gabe aurrera atera da», zehaztu zuen kazetari errioxarrak, mexikarraren ausardia eta kemena nabarmenduz.

Isaiasek gaztetatik jasan zuen indarkeria sexista, eta horren froga da bere alaba Lala bortxaketa baten ondorioz jaio zela. Ameriketako Estatu Batuetatik Mexikora itzultzea erabaki zuen, senarrak ematen zizkion jipoietatik ihesi. Baina okerrena etortzeko zen. Alaba elikatzen ari zela, bat-batean kolpe indartsu bat sentitu zuen, eta, esnatu zenerako, etxola batean bahituta zuten. Gizonez inguratuta zegoen. Alabari prezioa jarrita zioten, eta berak dantzaldiak egin behar zituen egunero gizonontzat, edota beraien gainean eseri limurtzeko. Marrazkien bitartez irudikatzen dira eszenok, Isaiasen ahotsak lagundurik. Beldurgarriak diren pasarteokin ikuslea kontzientziatu nahi da. Edo, behintzat, pentsatzen jarri.

Virginiak dokumentalaren osteko eztabaidan harridura sortu zuen datu bat ere kontatzen du filmean. Nola egin zuen ihes gaizkile haiengandik? Bera zaintzen zuten hiru gizonak presiopean ari ziren “lanean”, diruarekin euren familiak laguntzeko. Alegia, gogoz kontra zeuden bertan. «Mafien funtzionamendua horixe da: aberastu agintean daudenak egiten dira, besteek esklabo gisa dihardute», zehaztu zuen emanaldiaren ostean kazetariak. Virginia eta morroi horiek tratu batera iritsi ziren, guztiak “irabazten'”ateratzeko. Bizitako infernua lau haizetara zabaltzea asko kostatu zitzaion Virginiari, baina, salbu sentitu bezain pronto, lagunari deitu zion «bizirik nago» esanaz.

Penak bakoitzaren golkoan gorde

«Isilik egotearen balorea transmititu zenidan eta horregatik gorde nuen guztia nire barnean». Amari berari esaten dio esaldia Virginiak dokumentalean, inoiz ezer susmatu ez zuela esan ondoren. Latinoamerikarraren esperientzia, Anu Tamang nepaldarrenarekin tartekatzen du dokumentalak (Donostiako emanaldian lanaren bertsio motza jarri zuten, eta Tamang itzalean gelditu zen). Virginiaren alaba Lala Isaias ere ezin ahaztu, umetan pertsona trafikoa eta adingabeen aurkako abusuak zuzen-zuzenean jasan zituena. Anu Tamang nepaldarraren kasuan, mutil talde batek bortxatu zuen. Donostiako ekitaldian Alvarez-Stehlek ez zuen aipatu gabe utzi nahi izan “Niñas de hojalata” (Latorrizko neskatilak) dokumentala ere, berak egindako kazetaritza erreportaje batean oinarrituta Nepaleko emakumeen egoeran gehiago sakontzen duen lana.

“Sands of silence” dokumentalean, berriz, nahita edo nahigabe –nahita talka handiagoa lortzeko baina nahigabe protagonista bihurtzeagatik–, kazetariaren ahizpa Marianen eta kazetariaren beraren kasuak dira indargune. Hasieran aipaturiko gertutasunaren indarra da, hurbileko gertakizunen berri izatea erreakzio bat lortzeko. Bi ahizpek, senideak alboan dituztela, gaztetan familiaz kanpoko gizon baten eskutik jasandako abusuen gertakaria azaleratzen dute, ordura arte ezkutuan egona. Betiere, azpimarratuz, munduan zeharreko beste kasuekin ezin daitekeela alderatu. Pisua edo garrantzia kentzen saiatzen dira eta ibilbide bat markatzen du horrek dokumentalean; jarrera aldaketa bat, larritasunaz jabetzera eramaten duena. Familian tabu bihurtu zen Mariani, gaztetan, Zarauzko hondartzan, toldo baten azpian gertaturikoa, eta, Chelo tabuak apurtzearen garrantziaz konturatu zen bere lehen film luzea prestatzeko bidean.

Biktima bakoitzak bere modura eramaten du jasandakoa, bakoitzak penak bere golkoan gordetzen ditu. Eta hori da Chelo Alvarez-Stehlek islatu nahi zuena. Bera, adibidez, nerabezaroan abusuak egin zizkion gizona barkatzeko gai da. Barnelan sakonaren ostean, eskutitz bat bidaltzen dio, eta erantzuna hiru astera datorkio, Malibuko etxeko postontzira. Onarpen eta barkazio eskaera gisa. Jarrera horrek barkatzera eramaten du. «Nola barkatzen da halakorik?», galdetu zion ikasle batek. «Zu zeu askatzeko egiten duzu, zulotik irteteko, eta karga edo motxila dagokion lekura eramateko; hau da, erasotzailearen bizkarrera», erantzun zuen. «Ikuspuntu humanista ez dugu begi bistatik galdu behar, barkazioak gizartiatu egiten gaitu. Barkamena bai, baina betiere ordainarekin», gaineratu zuen.

«Gizartearen makineriak huts egiten du»

Ulertzen zaila den teoria dela ez zuen ukatu, ezta Varona Martinez kriminologoak ere. Baina, era berean, beharrezkotzat jo zuten. Eta are funtsezkoago ikusten dute hitz egiteko espazioak sortzea, «salaketa kontuan izan gabe», bizitzan aurrera egin eta barneko pisua arintzeko. Badira kulpa beraien gain hartzen duten emakumeak ere, eta isiltasuna da ondorioa. Biktimak indarberritzeko espazioak sortzeaz gain, ordea, birgizarteratze programak ere uste baino baliagarriagoak dira Alvarez-Stehlerentzat. «Emakume denek errepikatzen duten beraiek pairatutakoa berriro ez gertatzeko desioa», argitu zuen, eta horretarako gizarte ereduan aldaketa sakona behar delakoan dago. Horrelakoak gehiago ez gertatzeko, horrelako jokabideak errotik ezabatzeko, gizonei zuzenduriko heziketa programen beharraz mintzatu zen: «Askotan badirudi gizonezkoak aldentzen gabiltzala, baina borroka honetan guztien eskuak behar ditugu. Gizonak besarkatu eta beraiekin bildu behar gara arazoari irtenbidea topatzeko».

Prostituten kasua ere azaleratu zen eztabaidan. Mundu iluntzat jotzen da –ez dugu argiztatzen– eta atzean ezkutatzen diren bizipenak entzun nahi ez izatea da jarrera ohikoena. Badira «nahi dutelako egiten dute» bezalako esaldiak, justifikatzeko-edo. Gehienetan, aldiz, iluntasunaren baitan, mafiaren bat dago atzean, emakumeak estutu eta zorpetzen dituena. «Harrapatuta ikusi eta menpekotasunezko harremanak sortzen dituzte», erantzun zion kazetariak ikasle baten hausnarketari. Ikasleak iaz proiektu baterako prostituta batzuk elkarrizketatu zituela azaldu zuen, «eta batzuk ez dira abusatuak sentitzen, menpekotasun egoeran sentitzen dira herri berri batera iritsita... Askok zalantzan dute nola froga dezaketen abusatuak izan direnik». «Prostitutengana joatea normalizatuta dago, pentsaezina izan behar zukeenean. Gizarte-makineriak huts egiten du», laburbildu zuen, tinko, errioxarrak.

Dokumentalaren bitartez bidegabekerien aurka borrokatzen du Alvarez-Stehlek –bere alabak bikain deskribatzen du filmaren amaieran–, gizarte aldaketa bat eragiteko kontzientzia sortu behar baita. Sari pila poltsikoratu ditu jada “Sands of Silence” lanak, baina bere lehen film luzea hedatu eta uste baino gertuago den errealitateaz jabetzeko are eraginkorragotzat jo zituen egileak berak ahoz ahoko sistema tradizionalak eta sare sozialak.

AEBetako unibertsitate campusetako sexu abusuak azaleratzen dituen dokumentala

«Gizarte-makineriak huts egiten du», esan zuen irmo Chelo Alvarez-Stehlek Donostiako EHUko campusean egindako ekitaldian, eta horren erakusle den dokumental bat aipatu zuen jarraian: “The Hunting Ground”. Ikasleei erakusteko aproposa dela gaineratu zuen. Izan ere, Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitate campusetan izaten diren sexu abusuez mintzo da. Hainbat zinema festibaletan saritu dute eta gaur-gaurkoz Netflix plataforman ikus daiteke.

«Bost nesketatik batek sexu abusuak jasango ditu unibertsitate garaian». Datu beldurgarri hori azaleratzen du Kirby Dick zuzendariaren lanak. Egoera horretatik pasatu diren emakumeak elkarrizketatzen ditu eta kasu guztietan bada errepikatzen den zerbait: euren salaketak isilarazten saiatu dira unibertsitateak. «Izurrite» gisa deskribatzen du errealitate hori Alvarez-Stehl kazetari errioxarrak. Unibertsitateen jarrera orokorra –pribatuak izanik hainbat interesen menpe daude, tartean kirol arlokoak– abusu sexual eta bortxaketak ukatzea da. Besteak beste, salaketen %8 eta %10 artean faltsuak direla frogatuta dagoela argudiatzen dute. Horren aurrean, ordea, ikerlari batek argi erantzun du dokumentalean: salaketen %90 egia dira beraz, eta, hortaz, kopuru izugarri baten aurrean gaude. Adierazpenon atzean, tamalez, benetako datuak daude. Youtube atarian aurki daitezke egileen azalpenak, “Hona hemen unibertsitateek ezagutzerik nahi ez dutena” izenburupean. Copyright eskubideak tarteko, ez dago dokumentala on line doan ikusterik, baina bai ordea datu interesgarri ugari eta hainbat protagonistaren hitzak.

Harvard bezalako sona handiko unibertsitate batean, 135 salaketa izan ziren 2009 eta 2013 bitartean. Horietatik 10 kasutan soilik jaso zuen zigorra abusatzaileak, unibertsitatea utzi beharra izanez. Kaliforniako Berkeley unibertsitatean, berriz, 78 salaketa izan ziren 2008tik 2013ra. Bada, hiru abusatzaile soilik kanporatu zituzten.

Beste lau unibertsitate ere aipatzen ditu dokumentalak, eta datuak ikaragarriak dira. Darmouthen, esaterako, 155 salaketa eta hiru kaleratze izan ziren 2002 eta 2013 artean. Stanforden are kezkagarriak dira datuak: 17 urteko epean jasotako 259 salaketen ondorio gisa kaleratze bakarra izan zen. Ipar Carolina eta Virginiako unibertsitateek, aldiz, ez dute sexu abusuekin lotutako salaketengandik ikasle bakar bat ere kanporatu, bien artean 341 salaketa jaso arren –136 Ipar Carolinan 2001etik 2013ra eta 205 Virginian 1998etik 2013ra–. Azken unibertsitate horretan, aldiz, 183 kaleratze eman ziren epe horretan beste arrazoi batzuk tarteko.

Bestetik, dokumentalean salatzen denez, herrialdea oro har hartuta, salatutako bortxaketen %26ean soilik atxilotu du gaizkilea Poliziak. Kezkatzeko datuak, zalantzarik ez.