GAUR8 - mila leiho zabalik

Sarrerarik gabeak


Askotan iritsi ohi gara berandu historiaren hitzorduetara. 68ko Maiatzera hilabete batzuen atzerapenarekin heldu nintzen, eta, gertakari hartaz beroturik hitz egiten entzuten nituenean, amorratu egiten nintzen. Sasoi horretan izan nuen Samuel Beckett ezagutzeko aukera ere. Falstaff edaritegira joaten zen ilunabarrean bere lagun irlandarrekin garagardo batzuk edatera. Beti joatekotan, baina ez nintzen joan eta damu hori daramat gainean. Bazter batetik begira egon izan banintzaio, gaur auskalo zer ipuin kontatuko nituen idazleari buruz.

Ez nituen Paco Ibañez eta Imanol Olympian kantatzen ikusi, baina tira!, urte batzuk lehenago Imanol Lasarteko gure ikasle-etxera etorri ohi zen afaltzera eta errezitaldi pribatuak ematen zizkigun.

Ez nintzen sasoi hartan Larraizko “akelarre” famatuan egon, baina Gaur taldeak Barandiaran aretoan bere lehen erakusketa zabaldu zuenean hantxe nengoen eta gogoratuta bakarrik paparra puzten zait.

Badakit beste batzuk kosmopolitagoak direla eta Woodstockeko jaialdian egon ez izanaz damutzen direla, edo Jimi Hendrixen Monterreyko kontzertuan bere gitarrari su eman zion hartan, edo Sex Pistolsek lehen aldiz “Good Save” kantatu zuenean. Tira! Niri ez zitzaizkidan hutsegite horiek samingarriak iruditzen.

Gaurkora etorriz, aurten hiru aldiz egon naiz Katalunian eta urriaren 1ko hitzordua huts egin izana egiten zait mingarri. 1980an Amurizak lehen txapela jantzi zuenetik egon naiz Txapelketa Nagusiko final guztietan, lanera joanda, egia da, baina han. Aurtengoan sarrerarik gabe gelditu naiz eta gogorra egin zait. Elkartekoei proposamen bat: zerrenda bat zabaldu behar lukete aurten sarrerarik gabe gelditu garenontzat, lau urte barru lehentasuna izan dezagun. Eskerrik asko. •