GAUR8 - mila leiho zabalik

Arguedasko emakumeak, 1890ean


Arguedas Nafarroako Erriberako herriak 1.800 biztanle zituen 1890 aldera. XIX. mendeko garai hartan, Bardearen atean dagoen udalerriko zenbait bizilagunek, beren baliabide ekonomiko urriak zirela-eta, arroka zulatu eta beren etxeak kobazuloetan eraikitzen zituzten. Familien beharren arabera, handitu egiten zituzten. Joan den mendeko 60ko hamarkada arte bizilagunak izan zituzten etxe-koba haiek. Garai hartan, nafar herri horretan pattar, nitro, xaboi eta eltzegintza fabrikak zeuden, baita hiltegi bat ere. Bi errota zituzten, bat irinetarako eta bestea oliotarako. Halaber, bi eskola ere bazituzten, bat neskatoentzat eta bestea mutikoentzat. Arguedasen, emakumeek, etxeko zereginetan ez ezik, etxetik kanpoko lanean ere parte hartzen zuten. Ordaindutako lan gehienek inguru hurbilarekin zerikusia zuten: latsariak, jostunak... izaten ziren, eta, kasu batzuetan, saltzaile edo industrian ere aritzen ziren. Uztaroan, soroetan ari lan egiten zuten emakumeek. Egile ezezaguneko argazkia Arguedasko baratze batean egindakoa da, 1890ean. Irudiko protagonista emakume talde bat da. Ez dago beste erreferentziarik, baina ospakizun batean daudela ematen du.