2017 AZA. 18 Elkarrizketa Andoni Egaña bertsolaria «Orain sekulako bertigoa emango lidake txapelketaren erakusleiho horretan jartzeak» Lau aldiz Euskal Herriko txapelduna. Gertutik ari da segitzen aurtengo txapelketa, leihotik begira dagoenaren lasaitasunetik eta gozamenetik. Amagoia Mujika Telleria Saio batzuk etxeko sofatik segitu ditu, bakarrik, begiak eta belarriak zorrotz. Asko poztu izan denean edo asko haserretu izan denean emozio hori inorekin ezin partekatua da sofaren traba handienetakoa Andoni Egañaren ustez. Txapelketa oso gertutik ari da segitzen eta gozamena da bidean josi dituen gogoetak entzutea, behatzaile fina eta kontalari aparta delako Euskal Herriko lau txapela jantzi dituen bertsolaria. Nola ari zara bizitzen txapelketa? Nire azkenengotik zortzi urte pasatu dira. Orain dela lau urtekoa beste era batera ikusi nuen, oraindik utzi berria nintzelako. Orain ja distantzia batetik ari naiz ikusten; adi eta miresmenez. Distantziak ematen duen talaia honetatik begira, neure burua ez nuke hor jarriko orain, erakusleiho horretan, sekulako bertigoa emango lidake. Zurrunbilo horretan nenbilen garaian ez nintzen jabetzen nolako erakusleihoa den, zer arrisku dauden, zenbatek epaitzen zaituzten... ez nintzen horren jabe, edo ez nuen izan nahi. Orain, zortzi urteko distantziarekin, hor egote hutsa harrigarria iruditzen zait. Oholtzan ez dira igartzen, baina oholtzapean ikusten dira erupzio txikiak eta gorriuneak bertsolari batzuen aurpegietan. Estres fisikoa handia da, ezta? Normalean ez da gertatzen txapelketan ari zaren bitartean, baina gero bai. Nik psoriasi agerraldi bakarra izan dut, azken txapelketatik hamabost egunera. Urduritasunagatik ez zen, baina bai emozioengatik. Emozio pilaketa bat gertatu zitzaidan; azken finala, hurbileko pare bat hiletatan kantatu beharra... Gorputzak ere sufritzen du. Inbidiarik? Ezta batere ez. Aurrekoan Iturriagarekin komentatu nuen eta hari ere ez omen dio inbidiarik ematen. Txapelketak ez al du ba plazerik ematen? Plazer handiak ematen ditu. Baina txapelketaren alde onak parte hartu gabe ere lor zenitzake; bertso asko entzun, bertso on asko entzun, zure burua jarri gai horren parean... entrenamendu hori egin daiteke ia paraleloki, baina gero azaldu gabe. Eta hori sekulako pagotxa da. Plazako martxan, igartzen al da txapelketaren itzala? Gehiena autoa partekatzen dugunean, atze-aurreetan, afalosteko elkarrizketetan... hor beti dago presente txapelketa. Egia da kantuan ere zeozer igartzen dela. Sumatu izan dut bertsolariren bat orain arte baino estuago, bere burua txapelketako oholtzan aurreikusi eta hilabete lehenago olatuan igota bezala. Aurrekoan, Ermuan, Odei Barrosok bakarkako lan ikaragarria egin zuen, eta denon burura etorri zena komentatu genion bukaeran; «Odei, pena, hori egin izan bahuan hiru aste lehenago Zallan, oso goian egongo hintzan». Baina txapelketa mundu bat da eta plaza beste bat. Eta esango nuke, zorionez, publikoaren aldetik txapelketa garaian hauspoaldi izaten den arren, plazek berez funtzionatzen dutela. Oholtzara igo izan zaren azken finaletan kantukideak eusten eta bultzatzen igarri zaitugu. Orain ere bai? Kanpoan dagoenaren gurasokeria ez da zilegi. Barruan baldin bazaude eta adinez nagusiagoa bazara –azken nire finaletan bigarren zaharrena baino 11 urte zaharragoa nintzen–, nahi gabe ere atera egiten zaizu guraso punturen bat berriekiko eta gazteekiko. Baina kanpotik ez da zilegi. Gatozen txapelketara. Nagusia da, baita adinez ere. Txapelketa Nagusi hau oso nagusia da eta orain aurreikus litekeenez, finala are nagusiagoa izango da. 86ko finala baino zaharragoak izan dira finalerdi hauek; Amuriza, Lopategi, Enbeita, Lizaso, Peña, Murua, Sarasua eta ni, batez besteko adinez ez ginen iristen 34 urtera. Gizartea aldatu egin da. Lehen askoz azkarrago egiten ziren gauzak, askoz gazteago. Nik 24 urte neuzkan eta orain Nerea Ibarzabalek bakarrik dauzka 23 urte, beste denak zaharragoak dira. Ordurako urtebete neraman Gasteizko Udalean lanean, eta gaur egun zaila da norbaitek adin horretan horrelako lanpostu bat lortzea. Sebastian Lizaso guraso zen, nahiz eta 28 urte eduki. Zergatik zahartu da txapelketa? Belaunaldi oso indartsu bat egon da, orain 40 urte jira dauzkatenak, eta txapelketan segitzen dutenak; Elortza, Maia, Lujanbio, Mendiluze, Sarriegi... belaunaldi oso indartsua da. Eta, pentsa, 2001eko finala hartuz gero, lauzpabost izen errepikatuak izango dira segur aski. Eta bakoitzak hamaseina urte gehiago dauzka. Gainera, 2001eko hartan bederatzigarren Amets Arzallus gertatu zen eta Sustrai Colina ere han zegoen. Pentsa. Lurraldetasunari begira ere interesgarria aurtengoa. Bai. Ez dakit gero horrek finalean islarik izango ote duen, baina finala, azken batean, finala bakarrik da. Piramidearen benetako zentzua final-laurdenek eta finalerdiek ematen dute eta alde horretatik ikusi ditut gauza interesgarriak. Adibidez, Odei Barroso eta Maddalen Arzallus iritsi izana, bertsotan Ipar Euskal Herrian heziak. Nafarroari begira, Julio Soto hor dabil, baina Eneko Lazkoz ere ibili da, nahiko ondo nire ustez. Bertsolaritzaren sozializazioak ez du bakarrik generoa harrapatu, baita lurraldea ere. Emakumearen presentzia nabarmendu da txapelketan. Harrigarria da nola aldatu den plaza. Esaten da txapelketak, ahal dela, plazan gertatzen ari denaren isla izan behar duela eta, alde horretatik, plazetan gertatzen ari zen ja. Plazetan gabiltzanak ohitu gara gero eta emakume gehiagorekin abestera. Egia da 2000. urtetik hona salto egin izan bagenu, tartean gertatu denik gertatu gabe, erabat harrituko ginatekeela plazaren gaur egungo konposizioa ikusita. Baina, erabat logikoa iruditzen zait txapelketara emakume asko eta indartsu iritsi izana, plazan ere horrela dabiltzalako. Presentzia ez ezik, gai eta ikuskera propioak ekarri ditu emakumeak oholtzara. Horrek gizonezko bertsolariak mugiarazten al ditu? Mugiarazi gaitu dagoeneko, bestela oso tontoak ginateke. Guk zorte handia daukagu. Bertsolariok igurtzi handia daukagu elkarrekin; saioetara elkarrekin bidaiatzen dugu, otordu asko egiten ditugu elkarrekin... ez da oholtza bakarrik. Eta hor ikasiz joaten zara. Igual ez zara konturatzen zer ari zaren ikasten edo zenbatero ari zaren ikasten, baina etengabe elkarrengandik ikasten ari gara. Genero ikuspegia txertatzea, inor ez mintzeko moduan aritzea... baldintza asko jartzen zaizkio bertsolariari. Baina, gaiak horiek guztiak saltatzea eskatzen badu? Hori da, nire ustez, eztabaidaren muina. Behin Harkaitz Canok bota zuen kontzeptua garrantzitsua da; bertsolariena maskara gardena da. Pentsa hurrengo gaia jartzen didatela: “Andoni, polizia bat zara eta emakume bati araketa bat egiten ari zara”. Nik jakin behar dut maskara bat badudala, polizia bat naizela, baina publikoak entzun nahi duela –maskara hori gardena denez– Andoni Egañak zein interpretazio egiten duen polizia horrena. Eta hori oso kontu zaila da, bai bertsolariarentzat eta baita ulertu nahi duenarentzat ere. Jakin behar duzu maskara batekin ari zarela, paperaren maskara, baina kontziente izan behar duzu maskara hori gardena dela eta horren atzean dagoen pertsona ere ikusi egiten duela publikoak. Bien arteko jolas hori da. Bertsozaleak beti ulertu izan du hori. Bertsozalea ez den bati azaltzea ez da hain erraza. Oreka zaila da. Kritika oso zorrotzak irakurtzen ari gara. Batzuetan perspektiba galdu eta ahaztu egiten al zaigu oholtzara inprobisatzera igotzen dena, arriskatzen dena, bertsolaria dela? Kritikak zorrotzak izan daitezke, baina ez da ahaztu behar bertsolaria inprobisatzen ari dela eta inprobisazioak bere mugak dituela, bai artistikoki eta baita ideologikoki ere. Ez genuke ahaztu behar bertsolaria bat-batean aritzen dela; dena ez da barkagarri, baina ulergarri bai. Beti hain exijentea eta zorrotza izan al da bertsozalea? Ez dut uste beti hala izan denik. Baina egia da gizarte gutiziatsu baten aurrean gaudela eta hori ere igartzen da bertsotan. Esaterako, Sustrai Colinak sekulako bakarkakoa egin zuen “ez zaituzte gonbidatu, baina joan egin zara” gaiaren aurrean. Sekulako saioa, baina gizarte oso gutiziatsu baten aurrean jartzen gaituena; urtebeteko umea dauka eta ja dibortziatuta dago. Ondo, ondo dago hori egiteko askatasuna, baina begira ze gizarte erakusten digun. Jon Martinen pertsonaiak, bakarkakoan, behin egiten du larrutan beste batekin eta haren ezkontza eta bizi proiektua kolokan jartzeko eskubidearekin sentitzen da. Gizarte oso gutiziatsuan sartzen ari gara eta hori oholtzan ikusten da eta baita behean ere. Normala da bertso saio batera joan eta tope gozatu nahi izatea, nik ere hala nahi izaten dut futbol partida batera noanean, film bat ikusten dudanean edo liburu bat irakurtzerakoan. Baina badaude mugak eta bat-batekotasunarena muga handia da. Hor ibili behar da, inor mindu gabe. Mina eman behar zaio, ahal dela, ahaldunari, ez ahulari. Hori ideologikoki garbi utzi behar da ahal bada. Maialen Lujanbioren Irungo kartzelako lanak puntu asko ez ezik, zeresan asko eman du, baita bertsogintzaren esferatik kanpo ere. Oso pozgarria da eta ez naiz harritzen. Nik badakit Maialen nolako bertsolaria den eta badakit kulturalki zer-nolako erreferentea den, baita niretzat ere. Bertsotan hain ondo egin du, azkenerako ariketa soziologiko bihurtu dela, baina bertsoetatik abiatuta. Ez du tesi bat idatzi, edozein tesiren maila duten bertsoak inprobisatu ditu. Hori Maialenek egiten du, eta beste gutxik egin dezakete horrelakorik. Ez bakarrik bertsotan, denean. Oso ekarpen propioa da berea. Arrasto handiko lana. Zalantzarik gabe. Maialen Lujanbiok begirada periskopikoa ekarri du, ostrukek-eta daukatena. Maialenek begiak dauzka ertzean, atzean, kokotsean... edozein gairen ertzak harrapatzen ditu. Aspaldidanik, gainera, badira 15-16 urte hori egiten duela. Arrastoa, eskola... denetarik utzi du bidean. Jendartearen begietara korapilatsuak diren errealitateak hitz xumeetan kabiarazten ditu. Ahozkotasunari estu lotzen saiatzen da beti. Hori da bere meritu nagusia. Gauza bat da ideologia eta bestea ideologia hori irudikatzeko gaitasuna. Ideologiarik ertzdunena ere xume agertzeko gai da Maialen. Esan duzunez, txapelketa honetan bertsolariak gaiei ertzak topatu nahian sumatzen dituzu nabarmen. Bai. Eta ertzak bilatu nahi horretan, bertsolariak borobiltasun handirik gabeko bertsoaldiak egiten ikusi ditut. Susmo hori daukat. Edozein gai jarrita ere, ertzik ertzena topatzen saiatzeko ahalegina ikusten dut. Baina ertzetan ez bada asmatzen, ez dago ez ertzik ez borobiltasunik. Elkarrizketa zailtzen duen orori lokatza deitzen diot nik; bai bertsolarien arteko elkarrizketa eta baita publikoarekin elkarrizketa ere. Horrelakoetan “ulertu bezala” egiten diren bertsoak izaten dira, sekulako ahalegina egin eta gero ulertzera gerturatzen delako bertsozalea. Bertsozalea, baina, askotarikoa da, gero eta anitzagoa. Ikusgarria da txapelketa plaza bezala. Ariketa zaila izan behar du hain anitza den plazari kantatzea. Ariketa oso zaila eta oso polita. Horregatik ere aldatu da bertsogintza. Publikoak balio batzuk partekatzen zituenean eta balio horiek mugiezinak zirenean, errazagoa zen kantatzea, eta bukaerak ere borobilagoak ziren. 60ko hamarraldian publikoaren %95 sinestuna zela eta publikoaren %95arentzat “ama” eta “euskara” hitzek gauza bera esan nahi zutela baldin bazenekien, bukaera bat izan zitekeen Uztapidek esana: «beste ze esanik ez da esatean ama». Baina gaur egun publikoa askoz ere askotarikoagoa da, printzatuagoa dago. Batek genero ikuspegia ez daki oso ondo zer den eta besteak oso landua dauka berdintasunaren aldarria; batek sexu etiketak soberan dauzka eta beste bati ez zaio buruan kabitu ere egingo betikoaz aparte beste ezer egon litekeenik... Orduan, denentzat kantatzeko ertzak bilatzera joan behar duzu. Baina beti ertzak bilatzera jotzen baduzu, diskurtsoa oso goian geratzen da, oso kresal pinporten estilokoa. Esaterako, Aitor Sarriegi iritsi zen Irungo finalaurrekora eta oso lurretik kantatuz plaza konkistatu zuen. Sekulako lana eginda. Esaterako, basozainaren paperean borobil aritu zen, argumentazio borobilarekin baina ekologiaren ertz guztiak ukituta. Eta, gainera, basozainaren botak jantzita. Hori egitea oso zaila da. Ideala hori da eta gutxitan gertatzen da, askotan gertatuko balitz emoziorik ere ez luke izango. Maddalen Arzallus, Doraemon eta Puigdemont. Zeresana eman duen agurra izan da, gaztelaniazko albistegietara eta hedabide espainoletara ere iritsi dena. Maddalen Arzallusek egindakoa ondo iruditzen zait, arratsaldeari txispa bat eman zion. Euskaldunok badaukagu poz baten beharra eta ondo dago hori kantatzea. Maddalenek momentuan ondo egindako gauza bat dela uste dut. Gero, horren erabilpenak zalantzak sortzen dizkit. ETB2ko albistegian eman zutenean, etxeraka tiraka ari zirela iruditu zitzaidan. Doraemon beharrean, ETBk ematen ez duen marrazki bizidun bat balitz, ez zen azalduko. Eta, bigarrenik, hori albiste modura ematean, zera esaten ari dira: normalean aspertu egiten gaituzten euskaldun hauek tarteka dibertigarriak izan daitezke. Ez zuten azaldu hori ez dela gure jardunaren muina, hori anekdota bat dela. Anekdotari albistearen muina eman zioten hain justu horregatik, uste dutelako gu anekdota hutsa garela. ETB2n gertatzen dena esanguratsua da. Programa ikusienetan, audientzia gehien dutenetan, parte hartzaile gehienak euskaldunak dira eta gazteleraz hizketan jartzen dituzte. Gero, saioaren bukaeran, irabazleak bertso bat kantatzen du eta grazia egiten die. Eta bertsolaritzaz ezer ez dakien jendeak uste du plato hartan egiten ari dena eta BECen Igor Elortzak, esaterako, egiten duena gauza bera direla kalitatez, ahaleginez... hori gezur handi bat da eta hori esan egin behar da. Gauza berdintsuak bailiran ari zaizkigu saltzen. Hori da kezkagarria. Zein asmo daukazu abenduaren 17rako? Ez daukat asmorik. Oraindik ez dakit zehatz zer egin beharko dudan. Bezperatik joango naiz Barakaldora, aulkiak jartzera edo egin behar dena egitera. Zer egin beharko du irabazleak txapela janzteko? Aurten buruz burukoa irabazi beharko du, estu dagoelako. Gertatu izan da buruz burukoa irabazi arren, bertsolari horrek txapela jantzi ez izana, besteak aurretik abantaila zuelako. Niri gertatu zitzaidan. Maialenek egurra eman zidan buruz burukoan, baina aurretik abantaila handi samarra neraman goizetik. Hori gertatu izan da. Baina aurten buruz burukoa irabazten duenak irabaziko du txapela, parean iritsiko direlako. Sekulako maila egongo da eta ez dakit bi horiek zein izango diren. «Harrigarria da nola aldatu den plaza. Esaten da txapelketak, ahal dela, plazan gertatzen ari denaren isla izan behar duela eta, alde horretatik, plazetan gertatzen ari zen ja. Erabat logikoa iruditzen zait txapelketara emakume asko eta indartsu iritsi izana, plazan ere horrela dabiltzalako» «Bertsolariak jakin behar du maskara batekin ari dela, gaiaren edo paperaren maskara, baina kontziente izan behar du maskara hori gardena dela eta horren atzean dagoen pertsona ere ikusi egiten duela publikoak. Bien arteko jolasa da eta bertsozaleak beti ulertu izan du hori»