GAUR8 - mila leiho zabalik

Internazionalismoa eta irakaspen iraultzaileak


18 urte nituenean Kubara joan nintzen brigada internazionalista batean. 1993. urtea zen. Dakizuenez, herriaren askapenerako estrategia politiko-militarra zegoen martxan Euskal Herrian eta Kuban periodo especial delakoa bizitzen ari ziren. Iraultza egin nahi genuen eta iraultzaz ikastera joan ginen. Internazionalismoa funtsezkoa da ezkerreko ildo politiko eta ideologikoarentzat. Teoria, balioak eta praktika ikasi genituen. Kubari buruz, baita euskal herritarrei buruz ere, han ikasitakoak altxor politikoa izan dira niretzat.

Iraultza egin nahi duenak Kuba ezagutu behar du. Munduan kasu bakarra da, iraultzen mendearen oinordeko ezagunena eta ziur asko interesgarriena. Duela hiru hamarkada guk Kubara eraman genituen kezkak eta beraiek zituztenak, ordea, zeharo desberdinak ziren. Guk matxinadarako ereduak bilatzen genituen eta beraiek biziraupena ziurtatu behar zuten. Gutako batzuek Silvio abesten zuten gauez, eta, beraiek, bioteknologia ikertzen zuten monetarismoarekin eta logistikarekin borrokan ziren bitartean. Guk oihaneko Che-rekin amesten genuen eta beraiek Ekonomia Ministerioko buru gisa egindakoak aztertzen zituzten –gainera, biek zituzten guk uste genuen baino askoz ñabardura gehiago–.

25 urte igaro dira. Askok uste zutenaren kontra, Kubako iraultzak iraun du. Gurean, ordea, estrategia politiko-militarra bertan behera geratu da, gutako gehienok uste genuen negoziazio ereduarekin alderatuta, modu zeharo desberdin batean. Gaur egun, gure herriaren askapenerako estrategia demokratiko-plebiszitarioa da, nolabait esateko. Dekantazio politikoaren eta aliantzen bidez gehiengoak lortuz eta aurrera egiten, independentzia lortu arte. “XXI. mendeko sozialismoa” deitu den horrek egin duen bezalaxe, baina gure testuinguruari egokituz, Europan. Katalunian ikusi dugunez, era horretan estaturik gabeko nazio bat askatzea iraultzailea da, edonondik begiratuta ere. Botere nagusiei, bai espainiarrei baita europarrei ere, agertoki horrek eragiten dien beldurra horren erakusle da.

Hortik sozialismora ozeano politiko bat dago, jakina. Baina Syrizaren Gobernutik sozialismora ozeanoa ez bada itsaso zabala ere bazegoen, eta ikara eta amorru berdinak eragin zituen Europar Batasunean. Finean, gaur egun, herri bat independentziara eramateko metodoa eta sozialismora eramateko metodoa bat eta berdina baita: subiranotasuna, dekantazioa, gehiengo zabalak, ekimen instituzionalaren eta gizarte zibilaren arteko sintonia eta programa argi bat epe jakin batzuetarako.

Iraultza egin nahi duenak Kuba ezagutu behar du. Ez ordea, zaldian mendian ibiltzeko, baizik eta indar guztien aurka Estatu bat eraikitzeko. Ez soilik sozialista garenok, Estatu baten egitura guztiak herritarren mesedetan jarri nahi duenak Kuba ezagutu behar du. Estrategia demokratiko-plebiszitariorako, ordea, badira beste zenbait eredu, iraultzaileak eta agian interesgarriagoak.

Hautesleen testuinguru desberdinetara egokitutako baliabide teknologikoak eta programazioa, marketin politikoa eta segmentazioa, sareei egokitutako antolakuntza formula berriak, komunitatea bertebratzeko ereduak, diplomazia eta negoziaziorako teknikak, idazketa politikoa, militantzia eta aktibismo forma desberdinak… Horiek eta beste hamaika ikasterik nahi ez duenak nekez egingo du iraultza. Internazionalismoa ikastea baita.