2017 ABEN. 09 «Bigarren Emakumea, Cariño» Nerea Ibarzabal O, finaleko bigarren emakume, zatoz. Txapelketa hasi zenetik hainbestetan aipatua, bigarrena –ez hiru, ez lau, ez bost–, Maialen eta beste bat, beste hori, zu, beharrezkoa bezain nahikoa. Zatoz, nik inbokatzen zaitut, bigarren emakume! Orain arteko albiste, kronika eta iruzkin denetan ikusi izan zaitut, berdintasunaren ikur gisa aurkeztua, kristalezko sabaiaren kontra burua hausteko programatua, argazki perfektua. Izango duzu, ba, zerbait esateko. Egia esan behar badizut, ez zaitut gustuko izan, bigarren izendatu zintuzten unetik bertatik. Helmuga bat, baina muga bat jarri zenigun aldi berean. Eta presioa buru gainean, aurtengoa emakumeen txapelketa zenez, oraintxe sartu behar zuelako batek finalean, amaierak inporta du beti, ezta? Bertsoan bezala. Ondo-ondo josten joan arren, amaieran huts eginez gero… nork oroituko du? Gogoangarria izan zitekeen, baina… Eta zuk badakizu, bigarren emakume, txapelketa ze eremu den. Txapelketa Nagusian 43tik 13 emakume izateak adierazten du probintzietako lehian ere zenbat garen zenbatetik, eta epaileen artean ere ziur nago badakizula izaki mitologiko bat garela ia. Hori ere jakingo duzu zergatik den, argi baitago nortzuk hezten dituzten erdigunean eroso egoteko, lehiatzeko, umorea egiteko, ez amore emateko. Ez nabil aitzakia bila, baina hori hala da. Esan nahi dizudana da, txapelketaren formatuak oraindik neskak uxatzen dituela kontutan hartuta, ea zer espero zenuen. Estatistikak aurka geneuzkan hasieratik, eta ahal izan duguna egin dugu, nahiko ondo gainera. Baina zu ez zaudenez finalean, akabo. Gu sare bat gara, eta ez gaituzu ikusezin bihurtuko. Ze behin borrokatzen hasita, ez da gure lehentasuna izango bigarren emakumea BECen. Nahiago ditugu plaza anitzak urtean zehar, oholtzara salto egitera animatu diren emakume jubilatuak, neska gazteak, bertsokideen eta publikoaren inolako gutxiespenik jasango ez dugun saioak, gure kezkak eta gure umoreak marrazteko aukera emango diguten esparruak, txapelketa den eskaparateak hainbeste baldintzatuko ez gaituen eremu bat. Eta, badakizu zer? Hori dena lortzen ari garela. Susmagarria da? Bai! Konspirazioa? Bai! Eta batzuk oraindik ez dira ohartu ere egin. Zure hutsunea baino ez dutelako ikusten, bigarren emakume, edo okerragoa dena, zu hor inoiz egongo zarenik ere ez dutelako sinesten. Eta iritsiko zara, noski, eta seguru ez zarela bakarrik iritsiko, gainera. Txapelketak asko du pentsatzeko, eta baita gaztetzeko ere, genero aniztasunaz gain, belaunaldi aldaketa ere ez delako islatu behar bezala, eta esango nuke lotura badagoela bien artean. Edo agian ni naiz horrekin pikatuta dagoen umea, duela 15 urteko Prestige petrolio ontziaren hondamendiari buruz kantatu behar izan zituelako hiru bertso, bakarra botatzeko aski informazio ere ez zuenean. Aurtengoa amaitzear da, goza dezagun finala eta segi dezagun lanean. Soilik espero dut, bigarren emakume, zu finalean ez egoteak eragin duen ezinegonak urtean zeharreko bertso saioetan ere irautea, eta begiko min bera eragitea antolatzaileei eta bertsozaleei halako desberdintasunak. Hori behintzat lortzen baduzu, eskerrak eman beharko dizkizugu azkenean. • Behin borrokatzen hasita, ez da gure lehentasuna bigarren emakumea BECen. Nahiago ditugu plaza anitzak, bertsokideen eta publikoaren inolako gutxiespenik jasango ez dugun saioak