2017 ABEN. 23 ATZOKO ETA GAURKO BASERRITAR JANTZIAK Baserritar jantzia uniforme bilakatzen den euskal festetan haserretu egiten da Ramon Garcia, Iraultza dantza taldeko kidea. Errenteriako Jantziaren Zentroan eman du bere denbora librea eta asko daki jantzi tradizionalez. Aurtengo Gabonetan jendea txukun jantzita ikusi nahi du. Nagore Belastegi Martin Tradizio guztiak eraldatu egiten dira eta, nolabait, beharrezkoa ere bada moldaketa hori euren biziraupenerako. Jantzi tradizionalak ere moldatuz doaz, euskal baserritar jantzia barne. Azken hamarkadetan berrinterpretazio ugari jasan ditu azoka, festa edota Olentzeroren errondan jantzi ohi ditugun arropak, baina esentzia galtzen ari da eta jada ez dakigu nolakoa den jatorrizko baserritar jantzia. Errenteriako Iraultza dantza taldeko kidea den Ramon Garcia nahiko purista dela esan dezakegu, zorrotzegia agian, baina jantzi tradizionalengatik duen pasioa ezin du ezkutatu. Horregatik, amorrua ematen dio baserritar jantzia “uniformea” den festa horietan antzinako baserritarrekin zerikusirik ez duten jantziak ikusten dituenean: minigonak, gehiegizko makillajea, bota militarrak edota gizonezkoen blusa distiratsuak. Baina goazen pixkanaka errepasoa egitera XIX. mendeko baserritar euskaldunen jantziei. Honela, baserritarrez janzten garenean, jakingo dugu ea tradizioari eusten ari garen edo, baten batzuen bihotzean min pixka bat egin arren, gure berrinterpretazio propioa egiten ari garen, modei zein gustu pertsonalei jarraituz. Garciak egungo jantziak kritikatzen ditu, baina ez inoren lepotik barre egiteko intentzioarekin baizik eta modu didaktikoan benetako baserritar jantzia zein den erakusteko, eta ohiturari jarraituz jantzi nahi duenari bide zuzena erakusteko asmoz. Izan ere, lehenengo kritika bere dantza taldeari egin zion aspaldian. Nazioarteko dantza jaialdietan parte hartzen zuten eta bertan ikusten zituzten beste herrialdeetako dantzarien jantzi ederrak. «Eta guk... a ze piurak eramaten genituen, gaixoak! Hori ez zen posible; nondik datorren ez dakigun herri batek ezin zuen halako janzkera pobrea izan. Orduan hasi nintzen ikertzen eta ezagutzen ez genituen piezak aurkitu nituen. Bizitza osoan engainatuta izan gaituzte! Ez dugu kolore askorik ezta dekorazio askorik ere, baina janzkera zoragarria dugu», kontatu zigun. Dantza taldean janzkera garrantzia hartzen hasi zen eta honela sortu zitzaien baserritar jantziak erakusteko ideia, «jendeak jakin dezan euskaldunak tristeak eta aspergarriak izango garela, baina pobreak ez». Pixkanaka Garciak jantzi mordoxka bildu zituen eta han-hemenka erakusketak prestatzen ibili ostean, pasa den udaberrian Errenteriako Kapitain Etxe dotorean lortu zuten txokoa. Beren denbora librea bertan ematen dute zainketa lanetan edota patroi zein argazkietatik jantzien erreprodukzioak egiten. «Ditugun baserritar jantzi zaharrenak XIX. mende erdialdekoak dira. Lehen dena erre egiten zen eta arropa asko galdu da», aipatu zuen Garciak. Bere ustez baserritar jantzi tradizionala benetan ederra da. «Baratzean jo eta ke ibiltzeko ez, baina erromeriarako edo mezetarako prestatzen zirenean zoragarri janzten ziren... ez orain bezala! Ni Santo Tomas egunean ez naiz kalera ateratzen ez dudalako haserretu nahi», aipatu zuen hasperenka. Adituaren esanetan, pinttadun jantzi beltza, beti baserritar jantzi bezala saldu dena, eta satinezko blusa distiratsua 1930eko hamarkadako asmakuntza bat dira: «Lantegi bat handizka jantziak egiten hasi zen, eta euskaldunei gurea balitz bezala saldu ziguten, eta orain arte iraun du», azaldu zuen. «Jantzi zahar baten deformazioa da: beltza pinttekin, baina marrazkitxoak ere bazituen. Adineko emakume batek esaten zidan ‘hauek uste dute gu bezala jantzita daudela, eta gu koloretsuak eta alaiak janzten ginen, loreekin, marrekin, koadroekin. Orain denek alargunak ematen dute’. Bera ere asko haserretzen zen». Bestalde, Garciaren ustez modak ez dio baserritar jantziari gehiegi lagundu. 60ko hamarkadan minigona eramaten zen, eta horregatik garai hartako argazkiak daude non neskek minigona eramaten duten. «Baserritarra goitik behera estalita joaten zen, ez zuen ezer erakusten. Baserritar batek kontatu zidan erromeritan gizonei beti erortzen zitzaiela zerbait lurrera, jasotzerakoan dantzan ari ziren neskei gona azpitik begiratu ahal izateko, baina artilezko galtzerdia besterik ez zutela ikusten». Beti txukun eta ondo orraztuta Amantalak txikitxoak egiteko moda ere egon zen. «Egun osoa lanean eman behar zuen emakume batek gonaren aurrealde osoa estaltzen zuen amantalarekin, gona pieza ona zelako eta ez zuelako zikindu nahi». Eta bisita zutenean, amantala zikina bazuten, alde batean biltzen zuten gona garbia erakusteko. Normalean zuriak ziren asko zikintzen zirelako eta askotan garbitu behar zituztelako, eta zuria zuri mantentzea errazagoa zen estanpatu batek kolorea galtzea ekiditea baino. Kroniketan euskaldunak pertsona txukun eta garbi bezala deskribatzen zituzten: zuria zuri, emakumeak ilea jasota, gizonak bizarra kenduta, eta sekula ez zituzten mukiak alkandoraren mahukan garbitzen «mihise zuri bat» eramaten zutelako poltsikoan. Ilea aipatu dugunez, beti ondo orraztuta joaten ziren neskak; ez zegoen kopeta-ile ez geruzarik. Ilea trentza edo motots batean biltzen zuten eta ondoren zapiarekin estaltzen zuten. «Egungo neskek esaten dute ilea zapiarekin guztiz estaliz gero itsusi ikusten direla, eta esaten diet ez dela beharrezkoa ilearen aurrealdea estaltzea», esan zuen Garciak. Berez, neska gazteek atzealdea besterik ez zuten estaltzen, eta adinarekin ilea gutxitzen zitzaien heinean, aurrera ekartzen zuten zapia, ile falta hori estaltzeko. Zapiak esanahi bat zuen eta herri batean posiblea zen jakitea emakumea ezkongabea, ezkondua, alarguna edo «ahulezian eroria» zen, hau da, ezkongabea izanik haurdun gelditzen bazen. Ezkongabeek mototsa edo trentza bistan eraman zezaketen, zapirik gabe, edo zapi estanpatuarekin estalia bestela. Ezkonduek zapi zuria zeramaten, elizak hala aginduta; bekatua egin duen emakume orok mihise zuria eraman behar du buruan. Suposatzen zen ezkondu ondorengo egunean emakume horrek jada bekatua egin zuela, hau da, birjinitatea galdu zuela, eta orduan zapi zuria eraman behar zuen. Alargunarentzat zapi beltza zen. XVII. mende erdialdeko testu batzuek diote «ahulezian eroritako» emakumeek buruan zapi zuria eraman behar zutela inguru beltzarekin (bekatuaren sinboloa) eta ondoan marra berde batekin (itxaropenaren kolorea). Emakume horiek bizitza sozial normala egin zezaketen baina ezkongabeak ziren emakumeekin harremanetan jartzeko baimenik ez zuten, hauek birjinak zirelako. Gona kontuak Egun ikusi ohi den beste gauza bat da gonaren alde bat altxatuta eramatea, barruko-gona gorria erakutsiz. «Historian zehar gaizki-ulertu bat egon da: jendeak uste du baserritarrek gona altxatzen zutela barrukoa erakusteko batzuk oso politak zirelako, baina errealitatea da gona ez zikintzeko altxatzen zutela. Baserritarrak esne marmita eraman behar bazuen, zeraman aldea altxatzen zuen, eta bestaldean sagar saski bat bazeraman, beste aldea ere altxatzen zuen, arropa garbitzen bazegoen aurrealdea altxatzen zuen eta lurrean esertzen bazen, atzealdea. Gona babesteko besterik ez zen». Barruko gonaren tela baieta zen eta beraiek egiten zuten eskuz. Kanpoko kotoizko gona, ordea, hori zen onena. Kotoizko oihalak lortzea ez zen erraza. «Orain baserritar jantziak konbinatuak direla ikusten dugu; aukera dago loredun alkandora izanez gero, koloreekin bat datorren marradun oihala aurkitzeko, baina lehen ez zuten halako aukerarik. Beraiek egiten zuten arropa eta, adibidez, Donostian zerbitzari lanetan aritzen zen alabak baserrira joaten zenean amari oihal zati bat eramaten zion opari. Baina oihal horrek gona egiteko besterik ez zuen balio, eta alkandora beste oihal batekin egin behar zuten», kontatu zuen adituak. Iraultza dantza taldearekin desfilatzen ateratzen direnean jendeak esaten die jantzi zaharrak dituztela, baina ez da egia: «Guk egindako jantziak dira baina patroi eta kolore zaharrak erabiliz. Ikusten ditugu talde batzuk oso jantzi politekin, oso ondo eginak daudenak, baina gaurko patroiekin eginak eta ez dute zahar itxurarik. Baserritarrek josten bazekiten baina ez ziren modistak. Patroi bakarrarekin jantzi guztiak egiten zituzten, eta ondoren gorputzaren gainean jarrita moldatu egiten zuten», aipatu zuen dantzariak. Koloreei buruz ere badu zer esan: «Beti esan da jendea inguruan ikusten duenaren arabera janzten dela. Andaluziarrek asko erabiltzen dute horia edo laranja, eguzki asko dutelako, eta guk grisa, urdina, berdea, okrea... erabiltzen ditugu, gaur egun ere bai. Gure janzkera oso soila da, aspergarriak gara. Ikerketa zientifiko batek dio gorria mendi asko dagoen lekuetan erabiltzen dela, urrunean hoberen ikusten den kolorea delako. Euskal Herrian badago arropa gorri asko, mendia, sastraka ugari eta eguraldi kaskarra ditugulako. Baina inoiz erabili ez dena dira horia, laranja, arrosa fuksia, turkesa, pistatxo berdea... ez dira gureak». Errespetua baserritarrari Ramon Garciaren ustez, baserritar jantziari errespeturik ez dion jendea badago. «Guk uste dugu gure arbasoei errespetua zor diegula. Inauteriak gauza bat dira, eta baserritar jantziak janzten ditugun egunak beste gauza bat dira. Garai hartan baserritarrak euren produktuak saltzeko herrira jaisten zireneko azokak oroitzeko dira. Ikusi izan ditugu emakumeak gizonezkoz jantzita, gizonak emakumezkoz, baserritarrak poltsarekin, takoidun botekin, makillaje askorekin... norbaitek baserritar jantziaren inguruko zalantzak baditu etor dadila galdetzera! Badirudi baserritarrez bai, baina panpoxak joan nahi dutela. Panpox joan nahi baduzu jantzi zaitez erosi duzun modako azken arroparekin. Baina baserritarrez nahi baduzu joan, baserritarrez jantzi. Gainera, berriro esaten dut: baserritar jantzia ondo egina badago, zoragarri joango zara», adierazi zuen zurrunki. Modak sortu duen beste arazo bat gonek duten oihal kantitatea da. Lehen lasaiera handia zuten aldaka handiagoa egiteko, baina orain edertasuna argal egotearekin lotzen da eta emakume askok ez dute halako lasaierarik nahi «gizendu» egiten dituelakoan. Txapela eta gerrikoa Gizonezkoek, bestalde, ez zuten hainbesteko aukerarik. Praka, alkandora, txalekoa eta blusoia, txapela eta gerrikoa. Blusoia kotoizkoa zen, ez distiratsua. Bazegoen tratulari blusoia, xehetasun ugariz josia, dirua maneiatzen zuen baserritarrak erabiltzen zuena; eta baserritar arruntak erabiltzen zuena, beltza, oso dekorazio gutxirekin. Gizonak jantziari kolorea eman nahi bazion, txalekoan ikusten ziren. Prakak grisak edo beltzak izan ohi ziren. Txapela oso txikia zen eta buruan ondo sartuta eramaten zuten. Lasaiera pixka bat bazuen, atzera eramaten zuten. Egun ezagutzen dugun txapel handia 60ko hamarkadatik aurrera agertu zen. Lasaieradun txapela erabiltzen hasi ziren lehenak dirudunak izan ziren, baina langileak ez; segur aski lasaiera deserosoa izango zen lanerako. «Baina beti eramaten zuten txapela! Orain mutilek diote deserosoa dela Santo Tomas egunean txapelarekin ateratzea. Txapela sekula ez da deserosoa, ez da kartoizkoa. Jantzi eta ahaztu egiten zaizu daramazula», zehaztu zuen adituak, argi eta garbi. Gerrikoa ere eramaten zuten, baina ez zen apaingarri bat soilik. «Iñaki Perurenak eramaten duen bezala eraman behar da. Lan gogorra egiten zuten, asko makurtzen ziren. Gerrikoa estutuz giltzurrunetako mina ekiditen zuten. Lanerako beltza eta mezetarako zuria erabiltzen zuten. Ni taldean hasi nintzenean gerrikoa zintzilik eramaten genuen, ezkerrean, ezkertiarrak ginela erakutsi behar genuelako», adierazi zuen irribarre bihurriarekin. Oinetakoekin beste borroka bat du Garciak. «Abenduan normalean txarra egiten du eta alpargatekin joatea alferrik da segituan bustitzen direlako, baina orduan hautatu ezazu zapata arrunt bat, ez jantzi botarik. Baserritarrek erromeria eta azoketan erabiltzen zutena alpargata zen. Baserrian larruzko abarkak erabiltzen zituzten (ez kautxuzkoak), eta herrira bidean zuhaitz batean edo mugarri batean ezkutatu eta alpargatak –edo zapatak– janzten zituzten. Gizonek galtzerdiak ez zituzten beti kanpotik eramaten. Lanean ari zirenean prakak estaltzen zituzten ez zikintzeko, baina herrira iristean kanpotik jartzen zituzten prakak, galtzerdi zikinak ezkutatuz. Nesken galtzerdiak finagoak ziren, izterretaraino iristen ziren eta ponpoi batzuekin lotzen ziren. Goian soka batzuekin lotzen ziren. Kuleroen ordez pololoak eramaten zituzten, gerrian lotzen ziren prakaren bi hankak bezala hankartean zuloa zutelarik. Edonon, hankak zabalduz txiza egin ahal izateko zen hori. Horren gainean azpiko gona zuria zeramaten, inolako koloredun zintarik gabea. Goialdean, ordea, bularretakoaren funtzioa zuen telazko kortsea eramaten zuten, eta ondoren alkandora. Lepoko zapia politak egoteko erabiltzen zuten neskek. Mutilek, ordea, ez zuten zapirik eramaten. Adituaren arabera, baserritar jantziarekin lotzen dugun koadrodun zapia ez da baserritarrena, arrantzaleena baizik, ziurrekin izerdia eta zikinkeria kentzeko lepoan lotzen zutena etengabe poltsikotik atera beharrik ez izateko. Eta neguan zer? Hotzerako arropari dagokionez, mutilek aipatutako arropa besterik ez zuten erabiltzen, baita negu gorrian ere. Azpiko alkandora luze xamarra zen eta gauean biluzten zirenean lo egiteko erabiltzen zuten. Bide batez, gerria ondo estaltzen zien. Normalean alkandoraren gainetik txalekoa badoa ere, argazki batzuetan ikusten da nola blusoia sartzen zuten eta gainetik txalekoa, oso estu. Garciak uste du hotza ez sartzeko zela. Neskek, ordea, bazituzten manta moduko batzuk, sorbalda gainetik jartzen zituztenak. Euriaz babesteko modua ere aurkitu zuten gonak barrutik koipearekin bustiz. Euria hasten zuenean, buruaren gainean jartzen zuten aterki baten moduan. Kaikuari dagokionez, bi arropa mota dago izen hori daramatenak. Bat da artile urdinez egindakoa eta Euskal Herriko ezkutu gorriekin ezagutzen duguna, lehen elastika izenaz ezagutzen zena. «Kronikek diote urdin iluna baino, aturkesatua zela eta lerro gorri batzuk zituela inguruan, besterik gabe». Beste kaikua koadrodun berokia da. «Antzina ez ziren koadrodunak, oihal lisozkoak baizik eta batez ere arrantzaleek erabiltzen zituzten. Oihal hori baserritar emakumeek erabili izan dute alkandorak egiteko». Zentroa, asteburuetan zabalik Zentroak asteburuetan zabaltzen ditu ateak, eta bilduma osoa ikusteko sarrerak 3 euro balio ditu. Harrerako solairuko erakusketan kopiak daude, eta epe labur baterako muntaketak egiten dituzte. Lehenengo solairuan baserritar jantziak daude eta bigarrenean euskal modaren ibilbide bat. Bi erakusketa hauetan pieza originalak daude, oso zaharrak guztiak, eta erakusketa sei hilero aldatzen dute. Une honetan lehenengo pisuko baserritar jantzien erakusketa harrerakoekin osatzen da behean ere baserritar jantziak daudelako. Urte hasieran zentro osoari buelta emango diote eta erakusketa guztiak aldatuko dituzte, beraz, zentroa bisitatzeko irrikaz daudenek orain dute aukera, eta otsail inguruan egin dezakete bigarren bisita bilduma berria ikusteko. Harrerako solairuan emakume gaskoien burukoen erakusketa jarriko dutela aurreratu zigun Garciak. «Pariseko liburutegi nazionaleko XVI. mendeko grabatu batzuk oinarrian hartuz, erreprodukzioak egiten ari gara. Jendeak adar moduko kapela ezagutzen du, baina beste asko daude. Garai hartan Europa osoan interesa piztu zuen gaiak, euskal emakumeek buruan gauza oso arraroak eramaten zituztelako», aipatu zuen. Batzuetan baserritarrek jantzi dotoreak lortzen zituzten, ugazabek jada nahi ez eta bota aurretik langileei ematen zietelako. Errenteriako Jantziaren Zentroan badute ikusgai halako alkandora bat, apaingarri askoz josia. Jendea inguruan dituen koloreak oinarri izanik jantzi ohi da. Horregatik, euskaldunok aukeratzen ditugun koloreak urdina, berdea, okrea, beltza edo grisa dira gehienbat, baita gaur egun ere gure eguneroko janzkeran. Ilea beti trentza batean edo motots batean bilduta eramaten zuten. Normalean, gaztetan trentza eta lanerako edo ume txikiekin egoteko, mototsean, ileak trabarik ez egiteko. Zapia ere horren arabera janzten zuten. Buruko zapien koloreek badute esanahia: koloretakoa ezkongabeek erabiltzen zuten, zuria ezkonduek, beltza alargunek eta zuria inguru beltz eta marra berde batekin ezkongabeak izanik haurdun gelditzen ziren emakumeek.