GAUR8 - mila leiho zabalik

Ez gutxietsi etxekoa


Gaua luzeena den goizean, kafea txistorrarekin gosaldu duzu, eguzkia indartzen hasten den momentua ere badelako. Trikitixa jarri dute ohiko musikaren ordez, eta atximur egin dizu, oroitzapen pila bat ekarriz. Luzatu eta luzatu eginen zenuke gosaria, hemen nagoelako.

IV. mendean hasi eta VII. menderako kristautua omen zegoen gure herria, baina kolonizazio horrek ez zuen lortu gure hizkuntza, euskara, desagertzea, ezta gure antzinako mintzaira ere, euskal mitologia. Berena ongi gordetzen jakin zuten arbasoek eta, horri esker, XXI. menderaino heldu naiz. 1936ko sarraskia ere gainditu nuen, nahiz eta transmisioan eten handi bat eragin horrek.

Indartsu sartzen zaizkigun moda eta ohiturek ere ez naute akabatzen. Loteria, turroia, kolonia, mila opari... Ez naiz hasiko horiek kritikatzen. Ezta herri guztietan berdina den Olentzero gero eta garbiagoa ere. Bakarrik erranen dut ez lotsatzeko etxekoaz, ez gutxiesteko kanpokoaren aitzinean, ezagutzeko bertakoa, galdetzeko zaharragoei. Hor aurkituko nauzue, batez ere amatxi, izeba, ama eta bertze hainbat emakumeren kontakizun harrigarrietan, euskal mitologiaren ezaugarri bat bere emetasuna baita. Lurra ama da eta ilargia eta eguzkia bere alabak. Eguzkia maskulino bezala hartu izan da, Mendebaldean erlijio patriarkalak nagusitu zirelako. Gaur egun munduan gutti dira mitologia matriarkalak eta horietako bat da gurea. Hori erakustera dator GAUR8 honetara Orantzaro begigorri, bihar nirekin Leitzako plazan elkartuko dena. Ongi pasa bestak! Eguberri ona opa dizu Marik (Leitzan, Maimur). •