GAUR8 - mila leiho zabalik

MAIALEN LUJANBIOREN BIGARREN TXAPELAREN URTEA

2017ko abenduaren 17an, BECen bildutako 14.600 lagunen aurrean –telebistara, irratira eta sarera bildutakoak beste milaka ere baziren– Maialen Lujanbio hernaniarrak bere bigarren txapela jantzi zuen. Agortzera doan urte honek etiketa horixe izango du.


Lau urtean behingo Olinpiadak dira. Hitzaren Kirol Nazionalaren hitzordu distiratsua. Milaka kontatzen dira oholtzapeko aulkiak, oholtza gainekoak sei-zortzi. Ez dago brillantinarik, koloretako argirik edo kerik. Hitzak daude, ideia zorrotzak kontatzen dituzten hitz puntadunak. Errimatuak, kantatuak eta neurtuak.

2017a Bertsolari Txapelketa Nagusiaren urtea izan da. Badu marka berezi hori. Maialen Lujanbiok bere bigarren txapela jantzi duen urtea izan da, txapelketa bikain eta aparteko final baten ordain justua. Baina hori baino gehiago ere izan da.

Irailaren 23an abiatu zen Baigorrin eta, Euskal Herri osoan barna hamahiru saio marraztu ditu –aurten lehenengoz Euskal Herriko zazpi herrialdeetan utzi du arrastoa–. Guztira 43 bertsolarik parte hartu dute. Saioak jendetsuak izan dira. Horietako askotan, sarrerak agortu egin dira. Pentsa, abenduaren 17an Barakaldoko BECen jokatutako finalerako sarrerak urriaren 15ean agortu ziren. Guztira 14.600 sarrera. Horrek ematen du txapelketak izandako oihartzunaren tamaina.

Telebistaren bitartez eta sarean ere jende askok segitu du txapelketa eta, bereziki, finala. Sare sozialetan burrunba pixka bat sortu du –segur aski hain burrunba nabaria izan duen lehen aldia–, Txapelketa Nagusia gaur egungoa delako eta nekez libratuko delako egungo jendartearen ajeez.

Emakumeen txapelketa

Txapelketak oso ezaugarri interesgarriak izan ditu. Emakumeen txapelketa izan da zalantzarik gabe, nahiz eta gero finalean ez duen islarik izan. Hamahiru emakumek abiatu zuten txapelketa eta horietatik hamar pasatu ziren finalaurrekoetara. Finalean lehen aldiz emakume bat baino gehiago egoteko baldintzak betetzen baziren ere, azkenean azken salto hori eman gabe geratu dira emakume bertsolariak. Finalean emakume bakarra. Eta 1997ko finaletik hala izan da, beti emakume bakarra eta beti bera: Maialen Lujanbio.

Horrek, baina, ez luke tapatu behar bidean egindakoa. Sendo aritu dira emakumeak txapelketan –plazan dabiltzan bezalaxe– gai, ikuskera eta pertsonaia isilduak ekarri dituzte oholtzara eta astindu ederra eman diote bertsoaren bueltan elkartzen den jendartearen parte horri, behinik behin. Azken urteotan plazan gertatzen ari den astindua ondo igarri da txapelketan. Eta bertsolaria, pentsalaria den neurrian eta bizi den jendarteari zorrotz begiratzen dion neurrian, berriz ere ikusi dugu sokatik tira eta tira, soka horri lotutako jendartea mugiarazten.

Plaza gaztetzen ari da, baina aurtengo txapelketa ez da neurri berean gaztetu. Txapelketako batez besteko adina 34 urte eta erdi ingurukoa izan da eta, finalekoa, 38 urtekoa. Duela lau urte txapelketa osoaren batez besteko adina 33 urteren bueltakoa izan zen eta finalekoa, 34 urtekoa. Finala ez da gaztetu finalistak apenas aldatu direlako. Aurreko finalean Unai Iturriagak utzitako aulkia Unai Agirrek hartu du aurtengoan. Hain juxtu, finaleko bertsolari zaharrena izan da finalista berria.

Hurrengo txapelketa, baina, desberdina begitantzen da derrigor, Aitor Sarriegik eta Igor Elortzak agur esan diotelako txapelketari. Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruarentzat ere azken txapelketa izango da. Beraz, datorrenak berrikuntza dezente izango ditu.

Sanferminetan bezala, bukatzerako hurrengorako egunak kontatzen ez gara ba hasi? Pena litzateke, pasa berri den txapelketak utzitako hondar ederra bizkorregi tapatuko baikenuke.

Txapelketaren aldamioetan ibili garenok lanerako gogoa, ilusioa eta pulamentu handia duen lantaldea ikusi dugu, ehunka borondatezko langileen inplikazioa. Ikusten ez diren gauza horiek egiten dute handi, benetan handi, Bertsolari Txapelketa Nagusia. BECen olatua aparretan altxatzeko, behean ura behar da, ur asko.

Finalaren biharamunean auzoko dendariak esan dit –beti gaztelaniaz egiten du– finala osorik ikusi zuela telebistan. Zeozer ulertu zuela. «Seme-alabek barre egiten zidaten. Zertan ari zara, ez duzu-eta tutik ulertzen?». Euskaraz ez jakitearen pena omen du bi arrazoirengatik: «Lehena, nire bezeroei euskaraz egin nahiko nieke. Bigarrena, bertsoak ulertu nahi nituzke. Liluragarria iruditzen zait, magia hutsa».