GAUR8 - mila leiho zabalik
EUSKAL SINDIKALISMOAREN AROA

Sostengu oso handiarekin martxan jarri dira ELA eta LAB. Bat datoz: egungo markoan «prekarizazioak ez du etenik»

Euskal sindikatu nagusiek biltzarrak egin dituzte aurten, aro berri bati ekiteko. Erakundeok, euren arteko ezberdintasunen gainetik, analisian bat datoz: prekarizazioak ez du etenik eta gero eta handiagoak dira desoreka sozialak. Euskal esparrua eraikitzeko prest azaldu dira, ezkerreko eragileekin batera.


Euskal sindikatuek beti izan dute paper aktiboa lan munduan eta, hortik harago, lan munduaren periferian hainbat eremu eta eskubideren defentsan: giza eskubideak, zerbitzu publikoak, ingurumena... Ikuspegi feminista ere gero eta presenteago dago sindikatuen eguneroko jardunetan eta ingurura begiratzeko moduan. Erakundeok ez dira langileek lan munduan dituzten arazoez soilik kezkatzen, langileen ordezkari gisa badute zer esan langileen bizitzaren inguruan. Horretatik asko dago 2017 honetan sindikalismoak Euskal Herrian utzi duen kronikan. Testuinguru horretan, bi sindikatu nagusiek, ELAk eta LABek, bide orria berritu dute aurten, egin dituzten kongresuetan.

Biltzar horiek agintean dauden batzordeen ordezkariak berretsi eta berritu dituzte. ELAren kasuan, Adolfo Txiki Muñoz berretsi dute sindikatuko idazkari nagusi gisa, baita Batzorde Exekutiboko zenbait kide berritu ere. LABen aurpegi berria ageri da idazkaritza nagusiaren arduran, Garbiñe Aranbururena. Batean zein bestean, ibilbide berria babesten duen estrategiak eta horren buruan dauden ordezkariek sostengu zabala izan dute.

LABen kongresua izan zen lehena, maiatz aldean, Gasteizen. Garbiñe Aranburuk Ainhoa Etxaideri lekukoa hartu zion botoen %91,5ekin, Rafa Diez Usabiaga sindikatuko aurreko idazkari nagusia oraindik kartzelan zegoela. Hark El Duesoko espetxeko ziega batetik bidalitako gutunaren irakurketarekin abiatu zen biltzarra. Naike Diez bere semeak irakurri zuen mezuan hau zioen: «Klaseen arteko borroka ez da enpresa barruan amaitzen; sindikatuek kontrabotere izan behar dute».

Biltzarkideek aho batez onartutako balantzearen ondoan, aurrera begirako lan-ildoa marraztu zuen Aranburuk, mobilizazioaren bidez «patronalaren boterea mugatzeko» unea dela esanda. Bide horretan, ELArekin aliantzaren garrantzia defendatu zuen «eroso dagoen patronal hantuste eta oldarkorrari aurre egiteko», legeek «botere absolutua» ematen baitiote EAJ, PP, UPN, PSE eta PSNren laguntzarekin. Gauzak horrela, idazkari nagusi berriak onartu zuen politikan eragin nahi dutela, eta argi utzi zuen aldaketa soziala lortzeko ezinbestean burujabetza prozesu bat martxan jarri beharra dagoela. Etxaidek ere utzi zuen esana: «Aldaketa sozialak independentziarekin soilik lor daitezke».

Bizitza duinaren alde eragin

LABen bilkuratik hilabetera, ELAk Biltzar Konfederala egin zuen Bilbon. Botoen %87,5ekin Adolfo Txiki Muñoz berretsi zuten biltzarkideek idazkari nagusiaren arduran, eta mezua bota zien botere politiko eta ekonomikoei: «ELA ez da inoiz isilduko». Hitzok proiekzio handikoak ziren, kontuan hartuta EAJk azkenaldian ELArekiko duen diskurtsoa, sindikatuak politikan duen eragina eta EAJ-PSE gobernuenganako kritikak deuseztatu nahi duena.

Muñozen erantzuna argia bezain zehatza izan da: militantziak agintzen du ELAn eta horren babes zabala du Batzorde Exekutiboak, ez «botere ekonomikoak edo politikoak». «Dena da politika, indiferente izatea ere politika egitea da», gaineratu du, eta defenditu du herritarrek eta gizarte eragileek politikaz hitz egin behar dutela. «Kontrabotereko sindikatua ez bagara, zer izan gaitezke?» galdera botata, erantsi du helburua «langileria defendatzea» dela «pertsonen bizitza duina izan dadin».

LABekin bat dator ELA estatus politiko bat behar dela esatean, eta gaineratu du prozesu horrek «gizarte eredua trakzio-ardatz izan behar duela». «Agintzen dutenak ez dira hautatzen ditugunak eta guk agintzen dutenak hautatu nahi ditugu», esan du Txiki Muñozek.

Estatus berrirako proposamena

Zentralaren XIV. Biltzarra une berezi batean egin zen, Bizkaiko zaharren egoitzetako langileen greba luze baten erdian. Hilabete batzuk beranduago helduko zen akordioa eta grebaren amaiera, baina lan gatazka luze hark agerian utzi zituen hiru kontu: Bizkaian hirugarren adineko herritarrei ematen zaien atentzio kaskarra, enpresa pribatuen irabazi handiak eta Foru Gobernuak zerbitzu publikoaren defentsan zeren mesedetan jokatzen duen. Eztabaida izan zen eragile batzuek bultzatuta, baina arazoan sakondu barik Unai Rementeriaren Gobernuak gogor jo zuen ELAren kontra, kritikak isildu nahian, ELAri manipulatzen aritzea aurpegiratuz.

LABekin aliantza batera heltzea euskal eremuan «errebultsiboa» izan daitekeela esan ondoren, hainbatetan agertu dira batera. Sindikatu biek aldebakarreko burujabetza prozesu baten aldeko adierazpena kaleratu dute duela ez asko, aldaketa ekonomiko eta soziala lortzeko bidean. Beste adibide bat ostalaritzaren hitzarmenaren inguruan gertatu da: Auzitegiak indargabetu egin du euskal sindikatu biek Confebaskekin sinatutako akordioa, CCOOk eta UGTk egindako eskaerari erantzunez. ELAk eta LABek gogor kritikatu dute Estatuko hitzarmenak baldintza okerragoak dituela; bertoko markoa defenditu eta Estatuko sindikatuei euren interesen arabera jokatzen dutela leporatu diete.