2018 URT. 13 IKUSMIRA INORA IRITSI BEHARRIK EZ BAGENU Jon URBE | ARGAZKI PRESS Amagoia Mujika Telleria Hotzak ezpainak zartatzen ditu eta sudurra gogortu. Traba atsegina egiten du hotzak tamainan, aurpegia kolpatzen duenean, bizkortu egiten zaitu, arnasa freskatu eta berritu. Elurrak, berriz, ingurua argitzeko gaitasuna dauka. Magia dirudi. Lehen malutak erortzerako, artean zuritzeko denborarik izan ez duenean ere, begiak uzkurrarazten dizkizu elurrak, dena argiago erakusten duelako. Paisaia dotorea dotoreagotu eta zatarra edertu egiten du elurrak. Horretan nahiko justua da. Baina iritsi beharrak eta egin beharrak agintzen dute egunotan. Horregatik, neguak berezko dituenak traba eta arazo bihurtzen zaizkigu. Makurtu eta gurpiletara begira jarri behar izaten dugu. Burua altxatzeko aukera bagenu, inora iritsi beharrik gabeko lasaitasuna izateko aukera bagenu, patxada eta edertasuna baino ez genuke ikusiko inguru elurtuan. Eta epelerako bidea lasai hartu ahal izango genuke, hotzaz tamainan gozatu eta gero. amagoia.mujika@gaur8.info