2018 OTS. 17 infraganti PELI ROMARATEGI Umetako urte lasaiak, ikastola, euskal dantzak... faxismoak trenkatuko zizkion. Gerra ostea ere ez zuen samurra izango, eta kartzela behin baino gehiagotan bisitatu ondoren, misiolari joan zen. Ia mende beteko borroka, elkartasun eta arte bizipenen jabe da Peli Romarategi arotz eta artista gasteiztarra. Azken eguneraketa: 2018 OTS. 19 - 13:10h Xabier Izaga Gonzalez Sasoitsu sumatu dugula diotsagu. Baietz, dio, osasunez ondo dabilela, «bi aldiz operatu ninduten mokorretik, baina bestela arazorik bat ere ez». Ez da gure konplimendua izan, duela ia mendebete jaiotako lagun bat motelago ibiliko zelako ustea baizik. Izan ere, makila aldean badabil ere, bizkor mugitzen da. Arotza da Peli Romarategi. Arotza, besteak beste. «Agirretarren etxean lan egin nuen». Gasteizko Agirre familiak Aiztogile kalean zuen aroztegian, alegia. Errementari kalean jaio zen, 1922an, Peli Fernandez de Romarategi, betidanik Peli Romarategi esan izan badiote ere, Gasteizen edo Urkiolan bezala Ekuadorren ere. Haraino joan baitzen misiolari 33 bat urte zituela. Haurtzaroa eta gaztaroa Ekuadorrera baino lehenagoko 33 urteetatik ere badu zer kontatua, ordea. Aita, Otazuko semea, gerra aurretik hil zen. Oso abertzalea zen; halaxe da Peli ere, abertzalea eta euskaltzalea. Ama ere arabarra zuen, Apinaizkoa. Uste duenez, aitona nafarra zuen; ez daki seguru, berak Apinaizen bizi zela besterik ez baitaki; edonola ere, bere bigarren deitura, Lanas, nafar jatorrikoa dela dio. Gazterik bizi izan zuen 36ko gerra eta, gerra ostean, irabazleen errepresioa edo, berak dioen moduan, pax romana ere. Bere familiako zenbait kidek kartzela eta erbestea ezagutu zituzten, eta berak ere atxiloketa, tortura eta kartzela ezagutuko zituen 1946an, soldadutza bukatutakoan. Urte hartan Franco Gasteizera etorri zen Fray Frantzisko de Vitoriaren omenez estatua bat inauguratzera, Senda pasealekuan. Egun hartan, Pelik eta beste bost lagunek –«Olano, Kortazar, Garcia de Andoin, Saez Lanas eta Quintanak»– pasealeku osoa ikurrinaz eta panfletoz bete zuten. “Erbesteratuei muga zabaldu”, “Preso politikoak askatu” eta horrelako eskaerak agertu zituzten panfletoetan. Gasteizen herrialde askotako ordezkariak zeudela dio, eta haien autobusetara ere propaganda bota zutela. Ekintza haren bidez errepresio egoera salatu zuten, baina larrutik ordainduko zuten, Poliziak denak harrapatu baitzituen. Hasteko, Hedegile kaleko Polizia etxetik pasa zirenean, ederki jipoitu zituzten. Kolpe ugari jaso zituela dio Pelik, «baina ez orain bezala, poltsa eta horrelakoak». Atxilotutako lagun guztiak kartzelatu egin zituzten. Peli urte eta erdi egon zen Bake kaleko kartzelan. Han euskaraz ikasi zuela dio. Ez zen hizkuntza honekin izan zuen lehen harremana. Gerra aurretik, umetan, ELAren Gasteizko ikastolara joan baitzen, Frantzisko Xabier Landaburu lehendakariorde izango zenaren arreba Pilar irakasle zuela; euskaraz zertxobait entzuten zuten bertako umeek, baita iluntzean joaten ziren Gaztetxu antzerki eta dantza taldean ere. Hantxe ikasi zituen Pelik euskal dantzak ere. «Benetan» euskaldundu Ez zuen euskara arrotz, beraz, baina «benetan, gramatikarekin», kartzelan ikasiko zuen, «irakaslerik onenarekin», Andoni Urrestarazu Umandi kartzela kidearekin. Urrestarazuk, kartzelatik atera baino lehen, ehun ikasgai prestatu zizkien barruan geratu zirenei. Eta Peli eta lagunak atera zirenean, haren etxera joango ziren ikasten jarraitzeko. Eta han, San Antonio kaleko etxe hartan, sarritan atxilotuko zituzten berriro ere, legez kanpoko bilerak egitea egotzita, eta behin baino gehiagotan kartzelatuko zituzten. «Urrestarazu gizon zintzo-zintzoa zen, jatorra, euskalduna…», dio Pelik. Kartzelan dena koaderno batean gordetzen omen zuen, lapitzez idatzita. Kartzelako apunte haiek neurri handian euskara metodo bat argitaratzeko baliatuko zituen ondoren. Hitz egiteko erraztasuna hartzeko, berriz, Zarautz aldera joan zen Peli, Alfa enpresaren tailer batean lan egitera. Hiru hilabete egon zen bertan. Baina aurrerantzean, euskaraz egingo zuen barra-barra, baita Ekuadorren ere. «Han giputzak eta bizkaitarrak, denak euskaldunak ziren». Baita, gutxienez, arabar bat ere. Peli Romarategi ez da apaiza, ez da sekula izan, baina gaztetik zuen buruan misiolari joateko ideia. «Bokazioa, bai». Eta hara abiatu zen Euskal Herriko talde handi samar batekin. Batzuk, bera bezala, emakume zein gizon, sekularrak ziren; beste batzuk, berriz, apaizak. Euskal Herriko taldea zen, Euskal Elizbarrutietako Misioak, hain zuzen. Ekuadorren lanik falta ez zuten izango. Ekuador Dioenez, jende ona topatu zuten, «nekazariak, jende oso langile eta behartsua». Iritsi eta berehala etxeak, eskolak eta elizak egiten hasi ziren. «Arotza nintzenez, nik ez nuen lanik faltan!». Katekesia ere irakatsi izan zuela dio. Baina arotz lanetan trebea bazen ere, beste zeregin bat eman zioten han. Jose Mari Zunzunegi apaiz zestoarra, «artista handia», behin baino gehiagotan joan izan zen Ekuadorrera Peli laguntzera, eta artelanak egiten ikasi beharra zuela konbentzitu zuen Peli. Baina hango klima tropikalean pintura oso egokia ez denez, hezetasunagatik, mosaikoak egin behar zituela esan zion. Eta hala egin zuen, lehenik Jose Luis Iriondori ikasita, «hori ere artista handia». Horrez gain, noizbehinka hartzen zituen oporrak bere prestakuntza hobetzeko baliatzen zituen. Bartzelonan ikastaro bat egin zuen, Escola Massanan, bere kabuz. Hiru hilabete egon zen, esmalteaz eta beiraz gehiago ikasteko. Eta munduko beste leku askotan ere izango zen «ikusten eta ikasten»: Madrilen, Parisen, Erroman, Mexikon, New Yorken, besteak beste. Ezin konta ahala marrazki, mosaiko eta beirate egin zituen Ekuadorren Pelik. «Beirateak, zementu eta erretxina bidezkoak», zehaztu du. Denetatik egin zuen han. Kartzelan marrazten ikasi zuen, eta ondoren ere ikastaroren bat egin zuen. Ekuadorko lagun misiolariek luze gabe erreparatu zieten Peliren dohain haiei eta artelanak egiteko ardura eman zioten. «Hasi nintzen, eta laster artelanak baino ez nituen egingo». Tailerrean igarotzen zuen eguna, «Kristo indigenak, amabirjina amerindiarrak, Asisko Frantzisko, natura, argia eta kolorea» lantzen. Lan eskerga haren berri eman zuen Juan Ramon Etxebarria apaiz urbinarrak “Ecuador, la cara oculta de la belleza. Vida y obra artística del misionero vasco Peli Romarategui” liburuan. Etxebarria pintorea da, eta hainbat urte eman zituen Ekuadorren, haietako asko Pelirekin. Hiru hamarkadatik gora eman zituen Pelik Ekuadorren. Handik, Euskal Herrira itzuli zen, Urkiolara, hain zuzen. Han beste hogei urte emango zituen, ez besoak antxumaturik, ordea, bertako eliza eta aterpea mosaiko eta beirate ederrez bete zituen eta. Egun Gasteizko apaizetxe batean bizi da, baina Peli ez da geldirik egon zalea. Igeri egitera joaten da, egunero irakurtzen du eta ez du zereginik falta izaten. • Zura, beira, mosaikoa eta konpromisoa, artista bezain lagun bikainaren ondare artistiko eta gizatiarra Ekuadorren eta Urkiolan Peli Romarategiren gaineko liburuaren egile Juan Ramon Etxebarriak aitortu zuen artista gasteiztarrak eta «haren muralen lilurak» eragin handia izan zutela berak pinturari ekiteko erabakian. «Peliren tailerrera joaten nintzen, arte obrak egiten ikustera eta laguntzera. Misiolarien lana lagun txiroenekin komunitateak eta askapen proiektuak sortzea da, eta Pelik amets utopiko horiek bere muraletan irudikatzea oso sintesi erakargarria iruditzen zitzaidan». Etxebarria Pelirekin egon zen Ekuadorren hainbat urtez. Bere liburuan, Peliren lan eder eta eskergaren parte bat erakusten du, eta haren zorroztasunaren berri ere ematen du. Arotzaren zura tratatzeko modua nabarmentzen du, baita erretxin edo zimendu bidezko beirateetako «argiaren jolasa» ere; mosaiko gero eta landuagoak, gero eta harri txikiagoak hautatuz, xehetasun txikienak agertzeko, beirak koloreztatzeko eta berotzeko teknikak… Etxebarriak kontatzen duenez, Romarategik, etengabeko arte prestakuntzari eusteaz gainera, Ekuadorko arte eta kultura ikasi zituen, eta bazekien zer zuen esku artean lan bati ekiten zionean. Hala ere, Pelik ez du behin ere esango bera artista denik. Bere obraren bat ikaragarri ederra dela entzunda, sorbaldak altxatu eta irribarre egingo du. Liburuaren azken orrialdeetan, Peliren ehunen bat lan zerrendatu ditu Etxebarriak, Ekuadorren emandako hiru hamarkada baino gehiagotan elizetan, komentuetan, unibertsitateetan, egoitzetan egindakoak: Los Rios, El Oro, Manabi, Guayaquil, Quito, Latacunga, Ambato, Azuay, Loja eta Napon. Perun egindakoak: Trujillon. Erroman egindako bat. Euskal Herrian egindako batzuk ere agertzen dira, hala nola Urkiolako aterpeko murala, santutegiko kaperako mosaikoa, elizako murala, eta mosaiko eta zurezko sagrarioa; Abaltzisketan eta Astigarragan ere ikusgai daude haren zenbait lan. Den-denak zerrendatzeak askoz ere leku gehiago eskatuko liguke, eta, hala ere, kontuan izan beharra dago liburua 1995. urtekoa dela eta hor agertzen direnak Peliren obraren lagin bat besterik ez direla. Urkiolako Santutegiaren barruko mosaikoa ikusgarria da, 170 metro koadro ingurukoa, 850.000 harrixka dituena. Bi urte eman zituen Pelik Urkiolako tailerrean lan hori egiten. Hori eta Urkiolako beste batzuk aipatzean, Pelik berehala gogorarazi du Jose Mari Muñoz bilbotar abadea, lanon diseinatzailea. Hura ere, nola ez ba, «artista handia». Guk Mikel Delika Gasteizko beiragile eta Peliren lagunarekin hitz egin dugu eta ez da harritu. Badu Peliren umiltasunaren berri, baina artista handitzat du, zalantzarik gabe. Lan ikaragarria egin duela dio, eta Urkiolan zegoen garaiko argazkiak erakutsi dizkigu. Han ezagutu zuen Delikak, eta berehala konturatu zen dena, bere jakituriatik hasita, partekatzeko prest zegoen laguna dela. Delikak dioenez, oso diseinu ona da Muñozena, baina horrek ez diola meritu izpirik kentzen Peliren «lan benetan bikainari». Bestalde, Muñozekin askoz lehenago ere lan egin zuen Pelik, Ekuadorko Manabin egin zituen lehen beirateak hark diseinatu zituen eta. Artista ugariren iritziz, artista handia. Bat dator horiekin Mikel Delika Gasteizko azken beiragilea, «artista bezain pertsona bikaina» gehituta. 1946an, Franco Gasteizera etorri zenean, Pelik eta bost lagunek ikurrinaz eta panfletoz bete zuten diktadorea agertu behar zuen pasealekua, orduko zapalkuntza salatzeko Hiru hamarkadatik gora Ekuadorren eta ondoren hogei urte eman zituen Urkiolan. Baina ez besoak antxumaturik, hango eliza eta aterpea mosaiko eta beirate ederrez bete zituen eta