GAUR8 - mila leiho zabalik

% 0,25! Helduak gazte!


Eta gazteak heldu. Heldu beharko diete bai, gazteek ere. Jubilatuak kalea hartu dute pentsio duinak aldarrikatzeko, eta lortu arte ez omen dute lagako. Min jasanezina diete eragin Gobernuaren etengabeko irainek eta zutitu, ukabilak estutu eta berriro kaleak hartu egin dituzte 68ko gazteak bailiran.

Gobernuak dio ez dagoela dirurik 1.080 euroko pentsio minimoa bermatzeko, baina bai proiektu erraldoi antzuak eta aparailu militarrak erosten xahutzeko. Zauriari gatza, PPk baitio beren dirua tentuz behar dutela gastatu jubilatuek, arduradun politikoen kirol nazionala diru publikoa atzaparkadaka lapurtzea denean. Raxoik dio pentsio sistema publikoa ez dela bideragarria, langileen soldatetatik metatutako 70.000 milioi euroko pentsioen poltsa azken bost urteotan beren nahierako proiektuetara desbideratuta hustu dutenean. Irainak eta mespretxua langileriaren borroka gogorrenetan protagonista izan zirenei. Agintari burubako alenak! Antza ez dute konturatu nahi pentsioak ez direla soilik adinduen arazo, heldutasun duina izan nahi dugunona baino, guztiona alegia, sigla, bandera eta kolore guztien gainetik. Nago gizartearen egiturazko arazo larrienetakoa dela hau, eta pentsio duinak bermatuko dituen sistema publikoarekin asmatzea erraza ez bada ere, ziur naiz laster jendarte osoa batuko garela kaleetan eta inoizko protestaldi jendetsuenak ikusiko ditugula.

Ikusteke dago Raxoik zenbat denbora iraungo duen “ezer-egin-gabe” ohiko taktikarekin, protestak milakotik milioietako unitatean zenbatzera pasatzen diren bitartean.

Ongi erratua zegoen jubilatuak gizartearen ingurune pasiboan kokatu zituena, aktibo daude eta oso haserre, eta laster agintzen hasiko dira. •