GAUR8 - mila leiho zabalik

Ur lasterraren aurka


Trafikoaren aurkako norabidean, atsegina da goizero bulegorako bidaia. Hogei minutu irratian albistegia entzuten ematen ditut, hiriko aldirira, Londres erdira sartzeko zain dauden auto ilaren albotik. Azken egunetan bi albistek dominatu dituzte goiburuak.

Brexita da horietako bat. Nola ez. Londresen burbuila baten barruan jarraitzen genuen (edo dugu oraindik). Westminsterreko debateei entzungor eginez, gobernuko lidergo ahula kuestionatuz; eta dena bertan behera utziko dutela eta beste galdeketa bat egingo dutela itxaropenez. Europar Batasunetik alde egiteko erabakiak egunerokotasunean apenas izan duen eraginik eta albistegiak ekidinez gero, ezer ez zela gertatzen pentsatuko luke edonork. Baina, oker geunden. Benetako Brexita 2020. urteko abenduaren 31n emango dela hitzartu dute aste honetan eta horrela argitaratu zuten astelehenean. “Benetako” Brexita da, Theresa May lehen ministroak eskatutako trantsizioaren ostean. Aipatu berri dudan ahultasun politiko hori inoiz baino gehiago nabarmendu da onartu dituzten baldintza orokorretan. Berriro ere, hainbat puntutan amore eman behar izan dute Europatik zetorren erresistentziaren aurka. Denborak presioa jartzen duenean, hori gertatzen da. Ez dago irtenbiderik.

Gobernuko debatea beste gai baten inguruan zentratu da gaur. Datuen erabilera, pribatutasuna eta Facebook. Izan ere, datuen kudeaketan eta analisian dabilen Londresko enpresa bat, Cambridge Analytica, zen irratsaioko beste albiste nagusia. Trumpen presidentetzarako kanpainan erabili ziren materialak sortzeko datuen erabilera desegokia egitea leporatzen zaio enpresa horri. Agidanez, 50 milioi Facebookeko erabiltzaileren datuak lortu zituen eta erabiltzaileen onespenik gabe edo datuen pribatutasun legeak errespetatu gabe, azterketa lan bat egin zuen. Enpresa berak baita ere, Brexitaren aldeko bozka manipulatzeko prozesuetan zerikusia izan zuela espekulatzen da.

Gertatukoaren bertsio ezberdinak azaldu dira orain. Gaur goizeko irratsaioan elkarrizketatu dute Cambridge Unibertsitateko irakasle Aleksandr Kogan. 50 milioi erabiltzaileren datuak oinarritzat hartuta pertsonalitate aplikazio bat sortu zuen. Bertan 270.000 pertsonak inkesta batean parte hartu zuten eta Cambridge Analytikak ordaindu egin zien partaidetza horren truke Eta inkesta horretako emaitzak erabili ziren Trumpen aldeko kanpainan. Koganen hitzetan, berari inork ez zion esan zertarako erabiliko ziren bere lanaren emaitzak, ezta aipatuko enpresak eskatutako lana legez kanpokoa zenik ere. Arrazoi osoz, bere postura babesteko erabilitako jarrera hori ez-etikoa edo ezmorala dela esaten zion irratiko esatariak.

Bestalde, Facebooken defentsa honokoa: 2015ean jakin omen zuen erabiltzaileen datuak Cambridge Analyticaren esku zeudela, eta azalpenak eskatu zizkion hari. Adierazi dutenez, datu guztiak ezabatu zituela baieztatu zien Cambridge Analyticak.

Erresuma Batuko Gobernuak Mark Zuckerberg Facebook sare sozialaren sortzaileri gertatutakoa Parlamentuan azaltzea eskatu dio.

Batzuetan pentsatzen dut datuen borroka hori aspaldi galdu genuela. Beranduegi da (Brexitarekin gertatu zaigun bezala). Datu adierazgarri bat: irudikatu bi enpresaren eskuetan, biren eskuetan bakarrik, gure bizitzetako zenbat informazio dagoen gordeta. Facebookek Whatsapp eta Instagramen jabetza dauka; Googlek Youtuberena. Ez dago ezer gehiago esan beharrik. Erabilera egokiaren eta desegokiaren arteko mugak jartzeko beranduegi izan daiteke.

Trafikoaren aurkako norabidean jarraitzen dut. Errealitatearen aurka. Ur lasterraren aurka. Eta datuen olatuek ito egin gaituzte. •