GAUR8 - mila leiho zabalik

Gure barazkien atzean baserritarren historia dago


Ortutik Ahorako kideak nekazariak gara, Busturialdean (Bizkaian) kokatutako ekoizle txikiak. Gure ortu ekologikoak 0,6 hektarea ditu; futbol zelai baten tamaina, gutxi gorabehera. Ortutik Ahoran elikadurarekin zerikusia duten alor denak lantzen ditugu, ekoizpenetik hasita, elikagaien transformazioarekin segitu, eta, gure catering zerbitzuaren bitartez, transformazio sozialera ailegatuta, formakuntza eta sentsibilizazio lanean. Horrek sektorearen eta egoeraren ikuspegi global bat izateko aukera ematen digu eta argi daukagu zeintzuk izan behar diren premisak: elikadura arduratsua, kontzientea, osasuntsua, iraunkorra, bidezkoa eta sortzailea. Horrela, ikusmolde zabal horrek eskaintzen digun posizio pribilegiatuaz baliatu nahi dugu gure perspektiba partekatzeko.

Gaur egun kontsumitzaileok gero eta ardura gehiago hartzen dugu zer kontsumitzen dugun hautatzerakoan. Hala, arduratsuagoak gara gure osasunarekin edota ingurumenarekin. Kontsumitzen ditugun produktu edota zerbitzuek atzean duten historiaren askoz kontzienteago ere bagara. Ikerketek diote produktu bat kontsumitzera bultzatzen gaituzten ezaugarrien artean kalitatea eta prezioa direla aldagairik inportanteenak. Baina hautatzen ditugun produktuek berebiziko ezaugarri sozialak, produkzioarekin lotutako lan ezaugarriak edota ingurumenarekiko ondorio ezberdinak ere badituzte.

Ekoizkin bakoitzak bere historia eta ahalmen propioa dauka. Jatorri baserritar eta agroekologikoa duten produktuen atzean baserritarren ezagutzak, lana eta bihotza daude. Horregatik, nekazaritza agroekologiko eta baserritarra zer den zehaztu nahi dugu, hau da, testuingurua zein den azaldu. Nekazaritza agroekologiko eta baserritarrak ez ditu bakarrik kontuan hartzen eredu ekologikoak bere baitan hartzen dituen premisak, horien artean, besteak beste, errekurtso naturalen erabilpen hobezina eta transgeniko edota produktu kimiko sintetikoen baztertzea. Nekazaritza agroekologiko eta baserritarrak langileen lan baldintzak, berdintasuna, gizartea, biodibertsitatea edota bidezkotasuna ere hartzen ditu barne.

Produktu baserritarren atzean baserritarrak daude, lurra landu eta zaintzen dutenen pertsonen lana, alegia. Jatorri baserritarra duten produktuen atzean ama lurraren zaintza, baserriko ezagutza eta kulturaren zabaltzea, hazi eta tokiko barietate tradizionalen babesa eta horien defentsa daude. Hala, baserritarren lana, biodibertsitatearen bermea eta tokiko nekazaritza kulturaren zaintza eskutik doaz.

Halaber, lehen sektoreak, gizartearen babesa behar du, bai sektore estrategikoa delako eta baita elikadura burujabetzaren bermatzailea delako ere. Elikadura burujabetza, elikagaiak ekoizteko eta merkatuak inposaturiko baldintza ez-bidezkoen aurka egiteko bidea da. Gainera, gizartearen elikagai beharrak bermatzen dituen eredua ere bada.

Kontsumo kontzientearen alde

Horregatik guztiagatik, azokara joaten garen bakoitzean eta ekoizle txiki bati erostea erabakitzen dugunean, ekonomia lokal eta iraunkorraren aldeko botoa ematen ari gara. Kontsumitzaileok gure erabakiekin pertsonekin eta inguruarekin bidezkoagoa den sistema baten alde apustu egiten dugu. Gaur egun klase politikoaren babes eskasa jasotzen duen lehen sektoreari gure baietza emanez, baserri munduaren lan eta bizi baldintza duinak bermatzen ditugu, bidezkoagoa eta iraunkorrago den ekonomia lokala indartuz eta gure elikagaien hornitzaile diren baserritarren lan gogorra babestuz.

Kontsumo kontziente batekin, gurekin bat datozen ideia, balore eta praktikak babesten ditugu. Horrenbestez, azokarako bidean gaudenean egiogu so produktu bakoitzaren atzean dagoen historiari, izan gaitezen kontziente! EkologikON EGIN!