GAUR8 - mila leiho zabalik

Eta orain zer?


Gatazka politiko guztiak ezberdinak dira eta ondorioz ez dago gatazka guztiak berdintsu konpontzeko bide bakarrik. Are gehiago, gatazka politikoak konpondu baino eraldatu egiten dira, ez baitago gatazka gabeko gizarterik. Gatazkak ez badira sekula osoki konpontzen, ez badira desagertzen, zertaz ari gara gatazkaren konponbideaz dihardugunean?

Finean, joko arauen aldaketaz ari gara, hau da, norbere helburu politikoak xerkatzen jarraitzeko aukera berriak sortzean dago prozesuon arrakasta edo porrota. Hau da, esplizituago, konfrontazio armatua ekuazio politikotik atera, norbere helburuak lortzeko bide politiko eta demokratikoak eskainiz. Gerran lortu ez diren helburu politikoak ezin dira konponbide prozesu batean lortu. Baina, era berean, gerran galdu ez diren helburu politikoak ezin dira konponbide prozesuan galdu. Horrelako prozesuen ondoren ere, aldeetako bakoitzak helburu politiko berdintsuak lortzeko ahaleginean jarraituko du, baina, aldiz, beste modu batzuk erabilita.

Esan bezala, ez daude bi prozesu berdintsu eta, ondorioz, ez dago arau hertsirik; praktikak eta munduan garatu diren hamaika eredu ezberdinek erakusten baitute testuinguru batean eraginkorra izan den formulak beste agertoki diferente batean kontrako efektua izan dezakeela. Egia da biderik eraginkorrena, zuzenena, etsai edo arerio direnen arteko elkarrizketa eta akordioa direla. Baina bide horrek ere bere mugak erakutsi ditu hainbat kasutan. Estatistika gordinek erakusten dute prozesu horien porroten arrazoi nagusietako bat akordioak beraiek direla. Akordioak erdiesteko ezintasuna izan daiteke arrazoi bat, akordioak ulertzeko eta ondorioz inplementatzeko modu ezberdinak izatea beste bat, edota akordioen inplementazio eza bera...

Gurea, Aieteko Konferentziaz geroztik, aldebikotasunik izan ez duen prozesua izan da. Mila saiakera egin dira Gobernu espainola prozesuan sar zedin, gatazkaren ondorioen konponbidea elkarrizketaren eta akordioen bidez bideratzeko, baina saiakerek ez dute bilaturiko fruiturik eman, besteak beste, Gobernu espainolaren agenda eta interes politikoak bestelakoak direlako.

Gure prozesuaren meritu handienetako bat aldebikotasun hori gabe prozesua aurrera eramatea izan da, bide berriak asmatuz, espainiar Gobernuak inposatu nahi zuen blokeo eta etsipen egoera gainditzea lortu izana. Aldebikotasuna alde askotariko prozesu batek ordezkatu du, non eragile askok parte hartu duten, parte hartzen ari diren. Eta alde askotariko prozesu horren erroan, hartu diren aldebakarreko hainbat erabaki daude. Hartu diren aldebakarreko erabakiek prozesua indartu eta besteekin konplizitateak eraikitzea bilatzen zuten. Aieteko eta Kanboko konferentziak eta desarmea mugarri izan dira bide horretan, alde askotariko prozesu honen erakusleiho nagusiak ziurrenik.

Preso politiko guztien kaleratzea eta errefuxiatu eta deportatuen itzulera dira erdietsi beharreko helburu nagusiak gatazkaren ondorioen konponbideari dagokionez. Horretarako, hasitako bide oparo honekin jarraitu beharra dago, alde ezberdinen arteko akordioak eta dinamika eraginkorrak adostuz. Eta horrekin batera prozesu independentista eraikitzen jarraitu beharra dago, gure helburu politikoak erdiesteko pausuak ematen jarraitu, joko arauak eraldatzen ditugun erritmo berean arau berri horiei ahalik eta etekin handiena ateraz. Eta horretarako, inoiz baino gehiago, ezker abertzale indartsu, alai eta borrokalari bat behar da.

Aspaldi, lagun batek esan zidan gure prozesua esku bakar batekin txalo egiten saiatzea bezalakoa dela. Oso zaila, kasik ezinezkoa hasiera batean, baina, behin eta berriro entrenatuz gero, egin daitekeena. Bada, ikasi dugu esku bakarrarekin txalo egiten. Jarrai dezagun. •