GAUR8 - mila leiho zabalik
ADIERAZPEN ASKATASUNA

Erdogan presidentearen Turkia berria ez da adarra jotzen ibiltzeko herrialdea

Erdogani ez zaio batere gustatzen parodia politikoa. Seguru asko, munduko inongo agintariri ez zaio gustatuko. Umoristek, beren lana egiteko adierazpen askatasuna errespetatzea besterik behar ez duten horiek, AKP alderdiari mesede egiteko joera duen Justizia Administrazioarekin egiten dute topo gaur egungo Turkian.


Girgir” izeneko aldizkari satirikoak bere argitalpen polemikoenetako bati “Moisesek Itsaso Gorria zatitu eta juduak erreskatatu egin zituzten” izenburua ipini zion. Bineta hartan protagonistak honakoa esaten zuen: «Bide osoa eman du buruko mina eragiten, minutu bat ere ez du isilik. Horrenbesteko boterea baduzu, itsasoa zatitu beharrean, soldaduei aurre egin behar zenien. Beno, edonola ere, elkarrizketa horri ez diot hasierarik emango».

Txantxa hori argitaratu bezain pronto sare sozialak kritikaz bete ziren. Juduak eta musulmanak bat zetozen: gustu txarreko txantxa zela zioten. Fiskaltzak, berriz, berehala erantzun zuen: ikerketa bat jarri zuen abian, “Girgir” aldizkariari «balore erlijiosoak iraintzea» leporatzeko. Handik egun batzuetara, 2017ko otsailaren 17an, “Sozcu” egunkariak jakinarazi zuen bere astekari satirikoa ixtea erabaki zuela, eta bineta horren egilea auzipetu egingo zutela. Era horretan, Erdoganen Turkian zentsura eta autozentsura berriz irabazle.

«Ez nuke esango txantxa hori horrenbesterako izan zenik, baina erlijioa oso kontuz hartzeko gaia da. Honela laburtuko nuke egungo egoera: ezin dugu egin garai batean egiten genuen umorea bezain ausarta. Baina egungo testuingurua ez da Turkiako umorearen gainbehera esplikatzen duen arrazoi bakarra. Nik erantsiko nuke aldizkariek beren burua berritzen ez dutela jakin», adierazi du Levent Gonenc Anatoliako umore aldizkarien historia errepasatzen duen liburuaren egileetako batek.

Kazetariak kartzelan

«‘Girgir’ aldizkaria arrazoi politikoengatik itxi zuten. Txantxa tuntun bat baino ez zen arazoa, baina txantxa finean. Orain hamabost urte ez zuketen hain zorrotz hartuko eta aldizkariak arazo handirik gabe egingo zukeen aurrera. Baina orain begi-bistako arrazoiak ditugu zuhurragoak izateko: inoiz baino kazetari gehiago ditugu kartzelan», nabarmendu du Senol Bezci karikaturagile eta Ankarako Unibertsitateko Literatura irakasleak.

Datuek arrazoia ematen diote: 2016ko estatu kolpe saiakera egin zenetik, Erdoganen Exekutiboak 150 hedabidetik gora itxi ditu eta 100 kazetaritik gora atxilotu. Gainera, ahots kritikoen zaintza areagotzeko, Interneten zabaltzen diren edukien inguruko lege bat onartu du.

Tentsio giro horretan, kultura ez da salbuespena AKP alderdiaren baloreak omen diren horien aurka eginez gero. Horrela, iaz Turkiako hiri handietako agintariek “Sadece Diktator” (Diktadore besterik ez) izenburuko antzezlana debekatu egin zuten. Eta “Penguen” aldizkari satirikoak bere jarduera eten egin behar izan zuen arazo ekonomikoak medio, Justizia Administrazioaren presioak jasaten urteak egin ondoren, epaileek erabakitzen baitute zeintzuk diren zeharkatu ezin diren marra gorriak. Erdogan presidentearen irizpideekin bat ez datozen ahots kritikoak zaintzeko zer egin behar den erabakitzen dutenak ere badira.

Turkiako umore tradizioa oso zabala da. Kemal Sunal zenaren pelikulek grazia handiz aurkezten zituzten anatoliarren eguneroko gatazkatxoak. Telebistan, berriz, Levent Kirca zenak politikarien eta gizartearen inguruko parodiak egiten zituen “Olacak O Kadar” saioan. Eta hedabideetan ere, karikaturagileak izar moduan hartzen zituzten.

Hala ere, Gonencen iritziz, «politikariak intoleranteak dira txantxekin», eta hori mundu osoan gertatzen da. Adibide bat eskaini digu: Turgut Ozal agintari ohiak auzipetu egin zituen karikaturagileak 1980ko hamarkadan. Garaien arteko aldea, ordea, Justizia Administrazioak markatzen du: «Garaiaren arabera, tolerantea ala intolerantea dena Justizia bera da. Legearen interpretazioaren arabera dena aldatzen da. 1950eko hamarkadan Adnan Menderes lehen ministroari buruzko karikatura ugari zegoen eta berak ezin zituen jasan. Gorrotatzen zituen. Baina politikaria epaileengana joanez gero, egoera ezberdina zen. Umorista guztiak dira zigortzeko modukoak legea erarik zorrotzenean irakurriz gero».

AKPk hartzen dituen neurriak, erlijioaren eraginez ala Erdoganen autoritarismoarengatik hartzen ditu? Hobeto ulertzeko adibide bat eskaintzen du Bezcik: Turgut Ozal lehen ministro ohia kontserbadore neoliberala zen, Erdoganen beraren ildo politikoaren tankerakoa zuen. Karikaturagileak auzipetu zituen 1980ko hamarkadan. Hala ere, editoreek orduan zuten ausardia azalduz, berri batean honakoa argitaratu zen: «Ozalek azken gin-tonica hartu du Ramadana hastera doalako». Gaur tankerako izenburu bat argitara ematea pentsaezina da. «Egun erlijioaren aterkia askoz zabalagoa da. Erlijioek ez dute kritikarik onartzen, berez dogmatikoak baitira. Agintea onartzen da Turkian, baina ez gaude eztabaidetara irekita. Europan ideiak kinkan ipintzeko tradizioa dute, baina gu oraindik ez gara fase horretara iritsi».

Umorearen mugak

Islama izaki bizidunen irudiak erreproduzitzearen aurkakoa da. Horrek eragina izan du otomandarren artean, XIX. mendeko azken urteak iritsi arte zeramika eta kaligrafia baino ez baitzituzten garatu. Garai berriekin musulmanen arteko eztabaidak iritsi dira. Salbuespenak salbuespen, musulmanek ez dute inongo arazorik irudiak eginez etekinak irabazteko. Zigarro bat erretzearen parekoa da, nahiz eta berez debekatuta dagoen. Edo kaltegarria den.

Non daude umorearen mugak? «Pertsona ezagunenek kritikaren erdian bizitzen ikasi behar dute. Ezin da immunitaterik onartu, ezta Ataturken kasuan ere», esan du Bezcik, Turkia modernoa sortu zuen militarra gogora ekarriz: «Ataturk tabu bat da. Arraroa. Aldi berean, presidentea iraintzeagatik zigortutako pertsonak eta Ataturk babesten duen legea dauzkagu. Lege horrek ez du inolako zentzurik».

Errepublikan karikaturagileei garai txarrak pasatzea tokatu zaie. Hasiera batean Ataturk kritikatzeko modu adimentsuak aurkitu zituzten, mezua ezkutatuta. 1950eko hamarkadan irekitasun politikoa iritsiko zen; hauteskundeak eta ahots kritikoak. 1972an sortu zen “Girgir” aldizkaria. 1980an Kenan Evrenek estatu kolpea antolatu zuen arte, garai onak bizi izan zituen, astean 500.000 ale salduta. Kolpeak hain politikoa ez zen aldizkaria aldatu egingo zuen. «Oguz Aral editorea erregimenaren aurka zerbait egin behar zelakoan zegoen», azaldu du Gonencek. 1993an arrazoi ekonomikoek itxi zuten aldizkaria. Handik 15 urtera beste editore batek zabaldu zuen berriz, eta, 2015ean, “Sozcu”-k hartu zuen aldizkaria banatzeko ardura.

Orain 40 urte inguru bizi izan zuten aro oparoena umoristek, eskaintza kulturala oso eskasa zenean. «Orduan erraza zen txantxa bat egitea. Ez zegoen Internetik. Herritarrek liburuak irakurtzen zituzten, telebista saio berak ikusten zituzten denek. Orain karikatura bat ikusi eta baliteke ‘Tronuen Jokoa’ ikusi ez dudalako ez ulertzea!», nabarmendu du Bezcik.

Masailekoa Trumpi

Internetek giro hori bera alda dezake. Istanbul hiriko Geziko protesten garaian, esaterako, sare sozialen bitartez salatzeko moduko gauza guztiak salatu zituzten. Herritarren komunikaziorako kanal berria menderatzea oso zaila da. Adibide bat: Erdogan munduko agintari nagusiei masailekoa ematen ageri da bineta batean, turkiarrak Trumpi masaileko bat emango ziola mehatxu egin ondoren. Txantxa bat zen. Inork ez zuen serio hartu. Ezta Trumpek ere. Behingoz, Erdoganek berak ere ez zuen serio hartu.