GAUR8 - mila leiho zabalik

Zaindua eta zaintzailea


Geroz eta gehiago hausnartzen da zaintza lanez, asko hitz egiten da elkar zaintzeaz. Bizkaiko adinekoen egoitzetako gatazkak, esaterako, lagundu egin zuen ezkutuegi geratzen den funtzioa bistara ateratzen. Horrez gain, kontzientzia gehiago dugu, eremu batzuetan behintzat, bizitza erdigunean jartzeak duen garrantziaz. Gizarte mugimenduetan, lan arloan, militantzian... ahalegina egiten da eremuok bizitza pertsonalarekin kontziliatzeko.

Baina teoria baino konplexuagoa da zaintzak gordetzen duen amarauna. Eremu pribatuan, etxean, familietan geratzen den zaintza lanak desoreka eta injustizia asko eragiten ditu. Urteetan, musu truk, adineko baten kargu egin den zaintzailearekiko errespetu eta begirune gutxi dago oraindik. Adineko horrekiko hartzen diren erabakien berri ez ematerainoko errespetu falta, besteak beste.

Zaintza ez baita astean bitan telefonoz deitzea eta igandeetan pastelak hartuta ama bisitatzea. Zaintza zure bikotekidearen guraso adinekoari burujabea dela aitortu eta haren maniekin bizitzera ohitzea da; medikuarenera edo ile-apaindegira joan behar duenean dutxatu eta txukun jantzi dadila bermatzea. Seme-alabak hazteko eta gurasoak mantentzeko, belaunaldi artean harrapatutako zaintzailea izan zaitezkeela onartzea da. Galdera bera birritan egiten dizunean, ohartu ez bazina bezala hirugarren aldiz ere adeitasunez erantzuteko prest egotea. Baita, gogorra dirudien arren, zaintzailea nondik izorratuko pentsatzen denbora libre asko inbertitzen duela jakitun izatea ere. •