2018 EKA. 09 «GURE PUTAKUMEAK» Babestuta, zigorgabe, bake-bakean hil da Luis Posada Carriles anticastrista Floridan Duela bi aste zendu zen Luis Posada Carrilles, Floridan, bera bezalakoentzako paradisuan. CIAko ekintzaile kubatar honek Latinoamerikan odol arrasto itzela utzi zuen. Antikomunismoaren izenean, gerra zikinaren antolatzaile gisa, milaka lagun hil zituen. AEBek haren aurkako estradizio eskaerei uko egin ostean, inpunitate osoz hil da, ohean. Mikel Zubimendi Berastegi Ameriketako Estatu Batuetako presidente izandako Franklin Delano Rooseveltena da artikulu honi izenburua ematen dion ideia aski ezaguna. Nikaraguako diktadore Anastasio Somozaren inguruan honakoa esan baitzuen: «Baliteke Somoza putakume bat izatea, bai, baina gure putakumea da». Hots, egindako sarraskiak eta isuritako odolak ez du axola «gure» alde jardun badu, «guk» agindutakoa betez, «gure» laguna bada, «guk» dugu hura zaintzeko eta babesteko ardura. That’s American way, hori da dotrina ofiziala, hori jokabide estandarra. Norbaitek zalantza balu, ezin argiago geratu berri da beste behin ere. Antikomunismoaren izenean mertzenario gisa arituz Latinoamerika heriotzaren eskuadroien bitartez odoletan blaitu eta putzu gorriz bete zuen Luis Posada Carriles 90 urterekin zendu berri da. Francisco Franco espainiar diktadorea bezala, ospitale ohe batean hil da, Floridan, bake-bakean, egin edo agindu zituen krimenengatik erantzun gabe, inpunitate osoz. Jarraitzaile zituen Miamiko kubatar askorentzat heroi bat izan zen, antikomunista nekagaitza, askatasunaren aldeko borrokalaria, bizi osoa borrokari emandakoa. Posada Carriles, baina, ez zen sekula ohorearen guda-zelaian borrokatu. Ez zen sekula Kubako Armada Errebeldeko soldaduen kontra aritu. Bere estrategia militarra oso bestelakoa izan zen: sorterri zuen Kuba inork bisita ez zezan eta uhartearekin inork harreman ekonomiko eta politikorik ez izatea helburu terrorea zabaldu zuen. Hartara, zibilei, turistei, hegazkinei… egin zien eraso. Latinoamerikako beste herrialde batzuetako sektore aurrerazale eta engaiatuenen kontrako tortura mekanizatua eta heriotza eskuadroiak ere antolatu zituen. Terrore biografia beldurgarria Kuban jaiotako AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko kide eta anticastrista porrokatuak eragindako terrorearen biografia beldurgarria da. Kuban, Venezuelan, Nikaraguan, El Salvadorren, Allenderen Gobernuko diplomatiko txiletarren kontra… zuzendu zituen ekintzen arrastoa ezin asmatuzkoa da. Kubako Cienfuegos hirian sortua, Habanako Unibertsitatean ikasle zela ezagutu zuen Fidel Castro. Firestoneko enkargatua zela harrapatu zuen Iraultzaren ondoren, uhartea utzi zuen, lehenik Argentinara joateko, eta, ondoren, AEBetara. Kubako Iraultzaren kontrako 1961eko Cochinos badiako inbasioan parte hartu zuen, eta, porrot ikaragarri haren ondoren, AEBetako Armadan izena eman eta tenienteorde izatera heldu zen. 1965ean CIAk erreklutatu zuen, Latinoamerikako militar eta mertzenarioen entrenamendurako Floridako zentro bateko instruktore gisa. Dena eta denetarik egiten erakutsi zioten bertan: leherkariak prestatzen, sabotajeak egiten, torturatzen, hilketa selektiboak egiten… 70eko eta 80ko hamarkadetan Venezuela, El Salvador, Txile eta Guatemalako zerbitzu sekretuentzat egin zuen lan. Nikaraguan contra-k armatzen ere aritu zen ere, “Iran-Contra” eskandaluaren baitan Oliver North Marineen teniente koronelaren esanetara jardunez. CIAk erakutsitakoa azkar batean jarri zuen Latinoamerikako diktadura militarren esku Posada Carrilesek, betiere agentziaren kontrolpean. Augusto Pinocheten aginduak betez, Orlando Letelier Allenderen ministro ohia eta bere laguntzaile estatubatuarra hil zituen, New Yorken. Che Guevara Nazio Batuetan diskurtsoa ematen ari zela, bazuka batekin eraikinari eraso zion, New Yorken bertan. 1976an, gerora AEBetako presidente izango zen George W. Bush CIAko buru zela, Barbadosen Cubana airelineako hegazkin bat leherrarazi zuen, 73 lagun hilez –tartean Kubako jubenilen esgrima selekzio osoa–. 90eko hamarkadan Kubako hainbat hoteletan lehergailuak jartzeko kanpaina antolatu zuen, besteak beste turista italiar bat hilez. “The New York Times” egunkariak egindako elkarrizketa batean, damurik gabe, honakoa adierazi zuen: «Italiar hori une txarrean eta leku txarrean zegoen, baina, hala ere, ume bat bezala egiten dut lo». Hamarkada berean, Hondurasen 40 eraso egin zituen leherkariak erabilita. Estradiziotik salbu Obsesio zuena 2000n lortzear egon zen, hots, Fidel Castro hiltzea. Kubako zerbitzu sekretuek eragotzitako atentatua prestatu zuen komandantea hitz egitekoa zen Panamako unibertsitate batean. Bederatzi kilo C-4 leherkarirekin konferentzia areto osoa lehertzear egon zen. Espetxeratu egin zuten, baina Mireya Moscoso Panamako lehendakariak, Bushen gertuko aliatua, Auzitegi Gorenak gerora ilegal jotako presidentearen barkamena eman eta bere nagusiek bueltan eraman zuten AEBetara. Zahartzaroan Miamin bizi izan zen. Artista gisa aritu zen, koadroak pintatuz, telebista eta irratietan elkarrizketak emanez eta George W. Bush presidente ohiaren hainbat konferentziatan lehen lerroan agertuz. Hainbat estradizio eskaera egin zituzten Latinoamerikako herriek bere aurka, baina AEBek beti bota zituzten atzera. Bere heriotzaren egunera arte babestu zuten. Azken buruan, beste hainbat bezala, euren «putakume» horietako bat zen AEBentzat, denetan sonatuena agian. Eta gauza jakina da: «putakume» izan ala ez, egindako sarraskiak gorabehera, AEBetan inportanteena eurena zutela da, eta, bertan, oso argi dute euren alde jardundakoak beti zaindu behar direla. Florida: gerra zikinaren buruen paradisu Jose Guillermo Garcia El Salvadorko Armadako jenerala, El Mozote eta Sumpuleko sarraskiak egin zituzten indar militarren burua. Bi sarraskiotan 1.397 zibil hil zituzten. Gerora, Defentsa ministro zela, Oscar Romero monsinorearen hilketaren gaineko ikerketa denak blokeatu zituen. Carlos Eugenio Vides Jose Guillermo Garcia bezala El Salvadorko Armadako jenerala eta Defentsa ministro ohia. Makina bat sarraskiren arduradun, 1980an gertatutako lau moja estatubatuarren bortxaketa eta hilketagatik egin zen ezagun, eta, batez ere, 1979tik 1992ra arteko gerran milaka salvadortarren tortura mekanizatuaren arduradun gorena izateagatik. Pedro Pablo Barrientos Pinochetek zuzenduriko Txileko Armadako tenientea izan zen. Victor Jara poeta, kantautore eta ekintzaile politiko ezaguna hil zuen brigada zuzendu zuen. Hil aurretik, gitarra inoiz gehiago jo ez zezan eskuko hatzak guztiz txikitu zizkion. Santiagoko estadio nazionalean sartu zituzten milaka “komunista” torturatu eta desagerraraztearen arduradun nagusienetakoa da. Telmo Ricardo Hurtado “Andeetako harakina” bezala ezaguna, Sendero Luminoso gerrilla maoistaren aurkako Peruko Armadako unitatearen arduraduna izan zen. Berak zuzenduriko indarrek 74 nekazari hil zituzten 1985ean Accomarcan; herritarrak bi etxetan giltzapetu eta granadak jaurti zituzten barrura, guztiak kiskaliz. Ez zuen sekula Kubako Armadaren kontra jo. Oso bestelako estrategia izan zuen: terrorea zabaltzea inork Kubarekin harreman ekonomiko eta politikorik ez izatea helburu Habanako hotel batean bonbaz hildako turistaz honakoa esan zenuen inolako damurik gabe: «Italiar hori une txarrean eta leku txarrean zegoen, hala ere, ume bat bezala egiten dut lo»