GAUR8 - mila leiho zabalik

Haiek eta zu


Nola ez dizut, ba, sinistuko? Ez zaitut ezagutzen eta, hala ere, badakit kontatzen duzun guztia egia dela. Egia mingarria, krudela, nazkagarria. Egia. Eta zergatik nagoen hain ziur? Ba ni ere emakumea naizelako eta beldurra pasa izan dudalako; berdin kale bakarti ilunetan eta taberna jendetsu zaratatsuetan. Ez nengoen han, baina badakit zer pasatu zen. Parranda giro hartan topo egin zenuten. Aurretik ez zenuten elkar ezagutzen. Gure jendarte honen bi aurpegi, bi ertz.

Haiek. Kuadrillako laineza matxistan, emakume bat harrapatu eta taldean bortxatzea helburu hartuta, parrandaren parke tematikoan beste atrakzio gune bat. Edana, musika, patata tortilla ogitartekoa, bortxaketa, txurroak, zezenak...

Haiek. Guardia zibilak, militarrak, futboleko zale sutsuak, lehenago ere emakumeak gordin erasotzen jardunak, auzoko betiko kuadrilla, familia umileko seme, beso gihartsuak, ile-apaindegira taldean joaten direnak, bere “bizitzako emakumeen” defendatzaile amorratuak: beren amak, arrebak, neska lagunak, emazteak eta alabak «denaren gainetik» jartzen dituztenak. Horiek ez dira nik ateratako ondorioak –nahiz eta ez zen oso zaila horra iristea–, azken bi urteotan hango eta hemengo komunikabideetan osatutako erretratua da.

Haiek. Matxismoaren aurpegi gaurkotua eta gominaz orraztua. Haiek. Artean ezer txarrik egin ez dutela sinistuta daudenak, biktima sentitzen direnak. Kalean bakarrik zihoan emakumea ehizatu zutenak. Hura ez omen zen beldurtu, ez omen zuen ihes egin, txantxan aritu omen zen haiekin, berdinetik berdinera. Eta hori ezin dute jasan.

Eta zu. Autora lasai abiatu zinena, bakarrik. Ausarta baino, askea sentitu zinen. Zu, bost kalamidade haien gorputzak zorrotz irakurtzen jakin zenuena, detaileak garrantzitsuak direlako. Zu, gertatu zitzaizuna salatu zenuena eta bi urtez borrokan aritu zarena, indarra auskalo nondik aterata.

Ez omen zara “sanferminetako neska”. Noski ezetz. Gure auzoetako eta herrietako emakume gaztea zara; alaia, askea, feminista, azkarra, bere gorputzaren laguna, bere pausajea erabaki nahi duena, sexualitatea kuadrillako gizonezkoen neurri berean deskubritu eta gozatu nahi duena, barre lasai egin nahi duena, txorakeriak libre egin nahi dituena, kontrola galdu nahi duena, beldurra sentitzeaz nazkatuta dagoena...

Bidean topatu duzu manada. Tamalez, ez da solte dabilen samalda bakarra. Auskalo zer gertatuko den haiekin. Egia esanda, askorik ez dit inporta.

Benetan axola zaidana zu zara. Jakin dut gozo inguratuta zaudela eta maite zaituen jendeak laguntzen dizula zauria sendatzen. Eta horixe da opa dizudana, senda zaitezela, osa zaitezela eta aurrera segi dezazula, lehenago zenuen pausajeaz. Egin asmo zenituen guztiak egin ditzazula, tronpatzeko beldurrik gabe. Algara bizian egin dezazula barre lasai, sabelean min sentitu arte.

Izan ere, eraso batetik altxatu gaitezke eta zoriontsu izan. Eta eskerrak, bestela hainbeste eta hainbeste emakume ilunera kondenatuta leudeke eta hori ez litzateke justua. Bi aldiz krudela eta bi aldiz zapaltzailea da emakumeari “bortxatua” etiketa kopetan pegatzen dion jendartea.

Lehendik sinesten zintudan, zuri gertatua edozeini gerta dakiokeelako eta askori gertatu zaiolako. Orain zure hitzetan sumatu dut zein indartsua zaren. Orain, sinesten dizut eta miresten zaitut. •