2018 ABU. 25 IKUSMIRA «MAITE-MAITE ZAITUT, PILA-PILA...» Izaga, Xabier Goizetik puntua jarrita joan zen beharbada Oihana Bartra eguerdiko bertso saiora. Areatzatik Bilboko Alde Zaharrerainoko bidea egiteko ez da hamaiketako sendoegirik behar, baina egun osoko ikuskizunetara joateko, programatu zein inprobisatutako ekitaldi guzti-guztietan parte hartzeko –baita aldi berean programatu eta bat-batekoetan ere, hala nola bertso saioan– ondo janda joan beharra dago. Izan ere, Bilboko jaiez ari gara. Denetarako tartea eta denetarako jendea topatuko duzun jaiez. Berrogei urte dituzten jaiak dira, gazte eta beteranoak. Egia da Aste Nagusiak urte gehiago dituela, baina duela 41 urte besterik zen, ez zuen oraingoarekin zerikusirik. Duela 40 urte, Iruñean Polizia postfrankistak (?) sanferminak odolez gorritu zituenean, ia dena prest zegoen bilbotarren eta ondo pasa nahi duen ororen Aste Nagusirako, tortillari buelta eman beharrak bultzatuta. Aldaketak, baina, ez dira urte bateko kontua, eta, bistan denez, hor jarraitzen dute, tortillari buelta ematen. Xabier Izaga Gonzalez