2018 ABEN. 29 analisia Periferia politikotik zentrora Ur nahasian arrantzan dihardu ultraeskuinak Europan. Immigrazioaren afera aitzakia, urteetan landutako haziaren fruituak jasotzen ari da. Hala, periferia politikoa utzi eta zentrorako bidea egin du, hauteskunde europarrak ortzimugan diren honetan. Aimar Etxeberria Egoskorra da errealitatea, tematia. Maiz, begi aurrean jartzen digu erakutsi nahi digun hori; pertsonak gara, ondoren, bata edo bestea ulertzea erabakitzen dugunak. Are nabarmenagoa suertatzen da esandakoa zenbakiez ari garenean. Esaterako, zenbat da 117.540? Eta zenbat 1.015.078 zifrarekin alderatuta? Antza denez, bada oraino bi zenbakion arteko ezberdintasuna ulertzen ez duenik. 117.540 da aurten –abenduaren 18ra bitarte bederen– zoru europarrera iritsi den immigrante kopurua Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera; 1.015.078 izan ziren, aldiz, orain hiru urte, migrazio fluxuak gorenean ziren unean, bizi berri baten esperoan Europako ateak jotzera iritsi zirenak. Hiru urteok emankorrak izan dira eskuin muturrarentzat Europan; ertzeko aukera politiko izateari utzi dio, zentrora gerturatzeko –eta zenbait kasutan, hartzeko–. Immigrazioa da, terrorismoarekin batera, kontinente zaharreko herritarrak gehien arduratzen dituen afera. Hala ondorioztatu du, bederen, iragan ekainean publikatu eta bi urtean behin argia ikusten duen Eurobarometroak. 510 milioi pertsona bizi dira Europar Batasunean –herritar bakoitzeko, beraz, 0,02 immigrante iritsi dira Europara azken urtean–, eta %38k adierazi dute immigrazioa dela gehien kezkatzen dituen kontua. Paradoxikoki, pertsonako immigrante proportzio baxuenak dituzten herrialdeak dira etorkinen iritsierak gehien arduratzen dituenak: Estonia, Txekiar Errepublika eta Hungaria. Ertzetik zentrora Hazia ereiteko lur emankorra topatu du eskuin muturrak immigrazioan. Iruditegi bat eraikitzea lortu du, etsai komun bat marraztea. Ez da aurten etorkinen iritsiera masiborik ikusi gure pantailetan, baina berdin jarraitu dute immigranteek bizia galtzen Mediterraneoko urtean; 2.230 etorkin inguru hil edo desagertu dira azken urtean Europara iristeko zeharkaldian. Fenomeno honi azalpena ematen ahalegindu dira Roger Eatwell eta Matthew Goodwin akademiko britainiarrak iragan urrian argia ikusi duen “National Populism: The Revolt Against Liberal Democracy” liburuan. Euren esanetan, zenbakiek erakusten dute Europa ez dagoela migrazio krisi larri baten erdian; era berean, baina, aitortzen dute immigrazioaren afera dela uneotan Batasunaren mehatxu nagusia. «Ez du etorkinen iritsiera objektiboak Europako eskuin muturreko mugimenduek jasotzen duten babes sozialean zuzeneko eraginik. Erraza da gizarteak dituen beldurrak aireratzea, eta immigrazioaren afera erabil erraza da horretarako», adierazi dute. Areago, eraginkorragoa suertatzen da fenomenoa etorkin kopuru txikia duten herrialdeetan, Hungarian kasu. Italiako Lega eta haren buru Matteo Salvini dira, besteak beste, paradigma horren erakusgarri. Italiara etorkin uholdeak iristen ari ziren garaian –181.436 etorkin 2016an– erein zuen hazia Legak, eta orain ari da jasotzen ereindakoaren fruitua. Boto-emaileen %5en babesa zuen alderdiak politikari milandarrak Legaren lidergoa hartu zuenean, 2013an; egun, berriz, %30 gaindiko babesa iragartzen diete inkestek, aurten bertan hauteskundeak irabazi dituen M5S mugimenduaren aurretik. Ertzetik zentrora. Immigrazioaren aurkako jarrera bilakatu du Salvinik denbora honetan bere politiken ikur eta, antza denez, asmatu du erabakian. Ez du Salvinik harresirik altxa, baina portuak itxi dizkie Mediterraneoa zeharkatzen zihardutenei. Herrialdera iristen den etorkin kopurua kontrolatu nahi du, Italian bizi den ijito komunitatea zenbatu nahi duen bezala. “Soilik” 23.131 immigrante iritsi dira aurten Italiara, baina horrek berdin dio Salviniri; behin iruditegia eraikita, uzta jasotzen dihardu orain. Ez da Salvini, ordea, estrategia hori erabiltzen duen politikari europar bakarra, ikasle aurreratuena izanagatik. AfD alemaniarra, esaterako, da nazismoaren ostean Bundestagera sartzea lortu duen eskuin muturreko lehen alderdia. Herrialdean, inflexio puntu izan dira aurten Bavariako hauteskunde estatalak. Bertan, inkestek iragarritako aurreikuspenak bete ez diren arren, izan dute eraginik AfDko ultraeskuindarrek, batez ere Bavarian hegemonikoa eta aldi berean Angela Merkel kantzilerraren CDU alderdiaren aliatu historikoa den CSUren immigrazioaren aurkako diskurtsoa gogortzen. Periferiatik zentrorako bidea egin dute horiek ere. Badira, era berean, zentro politikoa aspaldi ezaguna duten mugimendu ultraeskuindarrak, aurtengoan ere zeresana eman dutenak. Horien artean dago nola ez Viktor Orban hungariarra eta bere Fidesz, zeinaren aurka aurrekaririk gabeko gaitzespen keinuak bultzatu dituen Europar Batasunak. Urteak daramatza Orbanek Hungariako justiziaren independentziaren aurkako neurriak hartzen eta, era berean, gobernuz kanpoko erakundeen eta prentsa askatasunaren aurka egiten. Lega, AfD eta enparauen ildotik, etorkinik gabeko herrialdea du amets Orbanek eta, ondorioz, uko egin izan dio errefuxiatuak Europar Batasuneko herrialdeen artean banatzeko erdietsitako akordioari. Orbanen Hungariak badu aliaturik eremu hurbilean: Polonia. Poloniarrak dira Bruselan hungariarren defentsan ateratzen lehenengoak, eta ez dira atzean geratzen migratzaileen aurkako ekinbidean. Bereziki beldurgarriak suertatu dira Poloniaren independentziaren mendeurrenaren ospakizunak; 60.000 ultraeskuindar inguruk, Gobernu zentralaren babesarekin, hartu zituzten Varsoviako kaleak, kontsigna arrazistak aireratuz. Aldarrikapenen artean, “Europa zuria” eta “Ez islamari”&flexSpace;bezalako oihu arrazistak. NBEren paktuak, krak Ia oharkabean pasa bada ere, ezin aipatu gabe utzi Nazio Batuen Erakundearen Migraziorako Munduko Ituna, iragan azaroaren amaieran Marrakexen sinatua. 2015eko errefuxiatuen krisiaren testuinguruan abiatua, hiru urte behar izan dituzte nazioarteko agintariek apenas eraginik izango duen akordioa erdiesteko. Izan ere, Hungariak, Austriak, Bulgariak, Txekiar Errepublikak, Poloniak, Suitzak, Eslovakiak eta Italiak, besteak beste, uko egin diote akordioa sinatzeari. Izan da, era berean, ituna sinatu baina aferak eztabaida politikoa gaiztotu duen herrialderik, Alemania, Herbehereak eta Belgika adibidez. Azken horren kasuan, esaterako, Gobernu zentrala erortzea eragin du ituna sinatu izanak. Horrek argi erakusten du migrazioaren aferak lur emankorra izaten jarraitzen duela Europako eskuin muturrarentzat. Hori guztia, gainera, hauteskunde europarretarako bost hilabete baino ez direnean falta.