2019 URT. 26 Sexu hezkuntza gure hizkuntza Amaia Urrejola Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan Sexu aniztasunari buruz jarduten dugunean kolektibo minoritario bati egiten diogu erreferentzia. Sexu aniztasuna giza sexualitatean araua izan beharrean, salbuespena izango balitz bezala. Izan ere, gizarteak sexualitatea normatibizatu du eta jendartea bi taldetan banatu du: «normalak» eta «arraroak». Honekin batera, normala normatiboarekin eta arraroa aniztasunarekin asoziatzea logikoa eta egokia dela ondorioztatu dugu. Beraz, sexu aniztasunari buruz hitz egitea “arraroei” buruz mintzatzea dela nagusitu da gizartean. Pertsona bezainbeste sexualitate egon arren munduan, denok amankomunean dugun ezaugarria aniztasuna da. Aniztasun honi esker, sexu eta genero identitate, sexu orientazio eta sexu jokabide anitz daude. Izan ere, aniztasuna ez da aukeratzen dugun zerbait, naturak inposatzen digun zerbait baizik. Inork ez du aukeratzen transexuala edo zisexuala izatea, heterosexuala edo homosexuala izatea, “sexu banilla” edo BDSM (bere garaian sadomasokismo bezala definitzen zen) praktikatzea. Sexualitatearen alderdi hauek guztiak deskubritzen goaz, betiere heziketa, kultura eta biografiak baldintzatuta. Horrez gain, motibazio desberdinen ondorioz, gure identitatearekin, orientazioarekin eta sexu jokabideekin esploratzea aukeratzen dugu. Berauek frogatzeko, aldatzeko, igarotzeko edo/eta performatzeko helburuarekin. Kategoria binario hauek guk sortu ditugu, agian sailkatzeko beharra daukagulako. Baina errealitatean, berdintasunean oinarritu beharrean kategoria horiek baloratzerako orduan, desparekotasunean oinarritu gara, berauek mailakatuz. Hala nola sexualitatea sentitzeko, bizitzeko eta adierazteko modu batzuk normaltzat jotzen ditugu eta beste batzuk arraroak iruditzen zaizkigu. Gainera, sexualitate mota batzuk ikusezinak bihurtu ditugu binarismo horren barruan: bisexualitatea, trabestismoa, parafiliak, eta abar. Sexualitate mota guztiek jatorri bera dute: sexu aniztasuna. Hau da, heterosexualitatea ere sexu aniztasunaren ondorio bat da. Naturak soilik anitzak bilakatzen gaitu, izaki bakar eta errepikaezinak, hain zuzen. Hala ere, historian zehar, “arraroak” epaitu, gaixotasun bihurtu eta baita delitu kontsideratu ere izan dira. Egun, nahiz eta aurrerapauso handiak eman diren, oraindik zergatik eta nola gertatzen diren ikertzen jarraitzen da. Aldiz, sexualitate “normalak” ez dira ikertzen nahiz eta jatorri berdina izan. Hortaz, sexu hezkuntza egitea ez da heterosexualitatetik heztea eta egun batean “arraroei” buruz jardutea, gure paradigma pedagogikoaren zentroan sexu aniztasuna kokatzea baizik. Amaitzeko, sexu aniztasunaren aldeko militantziak, pertsona guztien sexu askatasuna aldarrikatu behar du, baina, batez ere, diskriminazio egoeran dauden sexualitate moten ahalduntzearen aldeko borrokan zentratu behar da. Gizarte patriarkal honetan, “arraroak” direnek, emakumeoi gertatzen zaigun bezala, diskriminazioa eta indarkeria sufritzen baitute. Zuzeneko eta zeharkako indarkeria, hau da, kulturak eta instituzioek legitimatuta. Beraz, bide bakarra gizarte osoa heztea da. Horretarako, baliabide eraginkorrena sexu hezkuntza dugu, sexu aniztasunean hezkuntza, alegia. Sexu hezkuntza gizartearen hizkuntza bihurtu arte. •