2019 MAR. 02 Elkarrizketa Txaro Arteaga Ansa kazetaria eta emakundeko lehen zuzendaria «Adi egoteko garaia da, patriarkatuak mozorro feminista ugari dauzkalako» Atzera begira bezala begiratzen du aurrera, egindakoa adina edo gehiago delako egiteko dagoena. Feminismoak ondo bizitzen lagundu diola aitortzen du, konbentzituta dagoelako jendartea hobetzeko indar transformatzailea dela. Amagoia Mujika Telleria Bizitzan zorte handia izan duela sentitzen du Txaro Arteaga Ansak (Donostia, 1944), etengabe ikasteko aukera eman dioten bi ofizio izan dituelako; Herri Irratian kazetari bezala aritu da hogeita hamar urte inguruan eta Emakundeko lehen zuzendaria izan da. Bizitzan erabakiak hartu behar dira eta berak ez omen du inoiz beldurrik izan erabakiak hartzeko. Orain, ondo bizitzen eta ondo zahartzen saiatzea da bere erronka. Feminismoan segitzen du, militantzian, borrokan. Eta beti irribarrez, «posible da zuk eta ingurukoek bizitza on bat edukitzeko borrokatzea umore txarrean egon gabe. Borrokari zentzu positiboa ematen diot». Buruan duzu noiz sentitu zenuen lehendabizikoz emakumeen eta gizonen arteko parekidetasun eza? Bai, oso garbi gainera. Orain feminismoaren laugarren olatuan gaudela esaten da. Nik, hirugarrena hartu nuen, 70eko hamarkada inguruan. 68ko maiatzaren bueltan gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunei buruzko gauza asko entzuten hasi nintzen. Gogoan daukat 1975ean Mexikon emakumearen inguruko lehen Nazioarteko Batzarra izan zela. Handik ere iristen ziren oihartzun batzuk, gutxi, baina nik igarri nituen. Hemen ere hasiak ziren emakume batzuk elkartzen, hausnartzen… tanta gutxi batzuk hasi ziren. Ni segituan konturatu nintzen zentzuzko gauzak esaten zituztela. Niregan oihartzun bat izan zuen horrek guztiak. Nolabait, izena jarri nion barruan lehenagotik neukan sentimendu bati, egonezin bati. Nire familian emakume asko eta oso indartsuak izan dira beti, nire ama adibidez. Eta ni konturatuta nengoen ez zegoela berdintasunik. Feminismoari esker, gizartean ikusten nuen eta bidezkoa iruditzen ez zitzaidan egoera bati izena jarri nion. Eta segituan konturatu nintzen feminismoak bazuela zerbait atzetik, ez alferrik 300 urteko historia ilustratua zuen. Eta sentitu nuen nire amak eta nire izebek beren bizitzan zehar egin zuten borrokak eta ahaleginak bazeukala teoria bat, emakume askok –eta gizon batzuk– horri buruz asko ikertu eta idatzi zutela. Ordurako Herri Irratian ari zinen lanean. Bai. 19 urte nituela sartu nintzen irratian, kasualitatez. Lagun bat laguntzera joan eta ni ere animatu nintzen frogak egitera. Betidanik antzerkia eta horrelakoak egin izan ditut, gustatzen zitzaidan jendaurreko jardun hori, baina ez nuen horrelako asmorik. Berez, kanpora joateko asmoa nuen. Baina ama hil egin zen eta hemen geratu behar izan nuen. Eta, kasualitatez, irratiko atea ireki zitzaidan. Feminismoaren inguruko interesa piztu zitzaidanean, orduko feminista guztiak ekartzen nituen irratira elkarrizketatzera. Artean, oso gutxi ziren. Kazetaritzari esker, feminismoan lehen lerroan zebiltzanak ezagutzeko aukera izan nuen. Garai berean, Donostiako emakume talde batean hasi nintzen militatzen. Orduan, oraindik indarrean dagoen eztabaida bat zegoen puri-purian: feminismo instituzionala edo ez instituzionala. Nola egin aurre patriarkatuari, erakundeen barrutik edo kanpotik? Nik ordurako galdetzen nion nire buruari: «Zergatik bata edo bestea? Zergatik ez biak?». Uste nuen –eta uste dut– osagarri izan daitezkeela. Erakundeek gizartearen eskakizunak jaso behar dituzte eta horiek betetzeko tresnak sortu behar dituzte. Finean, feminismoak ekintza sozial eta politiko guztien erdigunean bizitza jarri behar dela eskatzen du. Eta erakundeek eskaera horri erantzun behar diote beharrezkoak diren erremintak sortuz. Kaleko feminismotik erakundeetakora pasatu zinen gero. 1988an Emakunde sortu zuen Lakuako Gobernuak eta zu izan zinen bertako lehen zuzendaria. Ni kaleko feminista nintzen eta kaleko feminista naiz. Hor jarraitzen dut. Emakunden lan egin nuen 11 urtez, dena egiteko zegoen garaian. Nolabait, egitura bat sortu genuen, erremintak eta tresnak jarri genituen emakumeen eskura, beren eskubideen defentsan. Munduko feminismoak esaten zuena hona ekartzeko ahalegina ere egin genuen; batzarrak, ikastaroak, hitzaldiak... denetarik antolatzen genuen informazioa eta teoria zabaltzeko. Erakundea ideologikoki ongi janzten saiatu ginen, borrokak oinarri sendoa izan zezan, helburuak garbi izateko. Eta, horrez gain, existitzen ez ziren tresnak eta egiturak sortzen saiatu ginen. Orain udaletxe guztietan daude berdintasun teknikariak, sare asko daude erakundeetan eta erakundeetatik kanpo, elkarte asko daude... Oraindik asko dago egiteko, baina dagoeneko badaukagu arkitektura bat, oinarrizko egitura bat. Gauza bat da parekidetasun ezaren kontzientzia izatea, zerbait gaizki dagoenaren intuizioa izatea, baina horren kontra egiteko bideak eraiki behar dira eta hori oso zaila da. Emakunde sortu zenean, horretan aritu ginen. Horretarako begiak eta belarriak erne genituen, munduan gertatzen zenari zorrotz begiratzen genion eta edozein tokitara joaten ginen ikastera, esperientziak ezagutu eta gurera ekartzeko. Sekulako lantaldea genuen. Hasieran ezetza eman zenion Emakundeko lehen zuzendaria izateko eskaintzari. Bai. Ni feminista nintzen, baina erakundeak ez nituen ezagutzen. Nire helburuetan ez zegoen eta handiegia iruditu zitzaidan hasieran. Ezetz esan nien, baina egun batzuetan pentsatzeko eskatu zidaten. Etxera bueltatu eta senarrari eta alabari kontatu nien egin zidaten eskaintza. Senarrak esan zidan zergatik esan nuen ezetz, berak oso gai ikusten ninduela. Eta alabak, berdin, “ama lan hori zurea da”. Egia esan, gizonezkoa banintz, seguru ez nukeela nire gaitasuna zalantzan jarriko. Emakumeek, berriz, askotan egiten dugu hori. Gainera, gure gainean jartzen den exijentzia maila askoz handiagoa da. Hasiera hura ez zen erraza izango. Oso zaila izan zen. Toki guztietatik erasotzen gintuzten, barrutik eta kanpotik. Denetarik esaten ziguten. Garai hartan ez zen erraza feminista izatea. Egia da sekulako astakeriak entzun genituela eta toki askotatik jaso genituela erasoak. Baina helburua garbi badaukazu, zure borroka zilegia dela sinesten baduzu, arrazoia daukazula konbentzituta bazaude, ateratzen duzu indarra aurrera egiteko. 2005ean, Berdintasun Legea. Orduko hitzaldian Ibarretxek maskulinitate berriez hitz egin zuen. Lorpen izugarria izan zen eta Juan Jose Ibarretxek eman zion bultzada ezinbestekoa izan zen. Legea onartu aurretik esan zidanez, berari hain zentzuzkoa iruditzen zitzaion gure aldarrikapena, ez zuela beharrezkoa ikusten legea. Baina konturatu omen zen baietz, erabat beharrezkoa zela tresna hori sortzea eta bultzatzea, feminismoaren kontrako erreakzioa uste zuena baino bortitzagoa zelako. Bere laguntza ezinbestekoa izan zen. Nik ez dut inoiz entzun politiko bat, ordubetez, gai horri buruz hitz egiten irristatu gabe. Eta Ibarretxek egin zuen. Sekulako lorpena izan zen Berdintasun Legea, baina ez da betetzen. Ez, ez da erabat betetzen. Baina badaukagu nora jo eskubideak defendatzeko. Feminismoa pentsamendu politiko eraldatzailea da. Gizartea eraldatu nahi dugu, denon mesedetan, pertsonen mesedetan. Baina gauza asko-asko daude transformatzeko, eta horietako asko oso gure barrukoak. Sentimenduak eskubideekin elkartzen direnean, oso zaila da borroka. Horregatik eskuzabalak izan behar dugu, nondik gatozen ikusi behar dugu eta itxaron egin beharko dugu, gauzak ez direlako egun batetik bestera aldatzen. Konstanteak izan behar dugu, pazientzia izan eta aldaketa batzuk etorriko dira. Zuk esana da guztiari gerra deklaratu baino, hobe dela helburuak ondo zehaztu eta indarrak horretara jartzea. Emakume asko daude haserre, egonezinez, eta ez dakite zergatik. Feminismoak izena jarri dio egonezin eta haserre horri, eta oraindik beste gauza askori izena jarri beharko dio. Gaur egun jende gazte asko dago oso ondo prestatuta, gauzak oso garbi dituena eta horrek sekulako poza ematen dit. Gure garaiko emakumeek bultzatu dugu hori eta horregatik sentitzen naiz hain kontentu. Baina, bai, feminismoak oso garbi izan behar ditu zein izango diren etorkizuneko bere erronka nagusiak. Zeintzuk dira, zure ustez, erronka horiek? Giza eskubideen krisi unibertsal batean murgilduta gaude eta emakumeen eskubideak giza eskubideak dira. Hori oso ozen aldarrikatu zen 1995eko Pekineko Batzarrean. Egia da aurrerapen handiak izan direla. Ni, esan bezala, feminismoaren hirugarren olatutik nator eta orain laugarrenean gaude. Gaur egungo feministak historia ilustratuko hirurehun urteren ondorengoak gara nolabait. Guk, hirugarren olatukoek, azpiegitura eta arkitektura batzuen sorrera bultzatu genuen. Eta orain zer dago? Nire ustez zarata eta nahaste handia dago. Badirudi edozer gauza dela feminismoa eta edozein dela feminista. Ez genuke ahaztu behar feminismoa filosofia bat dela, tradizio intelektual luzeko mugimendu politikoa, marko teorikoa eta hiru mendeko historia daukana. Feminismoa ez da edozer gauza. Teoria politiko guztiek bezala, feminismoak gutxieneko ideia-nukleo bat dauka. Eta hori ez bada errespetatzen, ez gara feminismoaz ari. Kontu handiz ibili behar dugu patriarkatuak egiten duen feminismoaren jabetzarekin. Beti gertatu izan da eta orain ere gertatzen ari da, nabarmen. Horregatik, berriz esanahiz jantzi behar da generoaren kontzeptua. Aurrerapen garrantzitsuak eman dira eta horietako bat gertatu den bakoitzean, erreakzio bat izan da parean. Bada liburu zoragarri, Susan Faludiren “Reacción”, AEBetan 80ko hamarkadan gertatutakoa jasotzen duena. Emakumeen aurrerakada nabarmena gertatu zen eta, ondorioz, erreakzio matxista bat izan zen. Orain antzekoa gertatzen da. Badira erraz ikusten diren erasoak, sektore kontserbadoreetatik datozenak adibidez. Horiek garbi ikusten ditugu. Baina ez dugu ahaztu behar neoliberalismoa patriarkatuaren aliatu perfektua dela eta badirela askoz ere erreakzio ezkutuagoak, nahasgarriagoak. Neoliberalismoak asimilatu egiten ditu feminismoaren ideia batzuk, bereganatu egiten ditu eta horrek asko despistatzen du, zalantzan jartzen baitu teoria feministaren subjektua bera: emakumea. “Denok gaude borroka honetan”, “emakumeen eta gizonen kontua da”... eta antzeko ideiak zabaltzen ditu. Ezin dira feministatzat hartu feminismoaren subjektu politikoa zalantzan jartzen duten ideiak. Emakumea da feminismoaren subjektu politikoa. Hori ez genuke inoiz ahaztu behar. Generoaren kontzeptuarekin gertatzen ari dena nahasmen horren adibide da kasu. Generoa feminismoak pentsatu eta sortu zuen eta orain, askok, edonola erabiltzen dute, sexuaren lekuan askotan. Ez dakite zertaz ari diren ere. Generoa eraikuntza sozial bat da, sexuaren arabera inposatzen diren rolen eta ezaugarrien bilduma. Finean, zure sexuaren arabera zer eta nola izan behar duzun agintzen dizu generoak. Eta, ondorioz, pertsonen garapen askea mugatzen du nabarmen. Generoa eraikuntza sozial eta politikoa da. Hori oso garbi izan behar dugu. Adi egoteko garaia da, beraz. Bai, zalantzarik gabe, patriarkatuak mozorro feminista ugari dauzkalako. Baina, zorionez, gaur egun emakume gazteak oso kontzientziatuta eta prestatuta daude eta mozorro horiek identifikatzeko gaitasuna daukate. Patriarkatua eta neoliberalismoa feminismoarekin egiten ari direna gertutik zaindu behar dugu. Baina ziur naiz feminismoak lider oso indartsuak dituela horri aurre egiteko. Aurrerapenak ez dira alferrik gertatu, gaur egungo emakumeek nahiko indar eta jakintza badaukate horri aurre egiteko. Seguru nago. Zaintzak buruhauste handiak sortzen jarraitzen du. Hori ere nahiko erronka da, ezta? Zaintza ondasun publikoa dela aldarrikatu behar dugu. Pribatua baldin bada –eta hori da neoliberalismoaren helburua– ez dira zaintzarako tresna publikoak sortzen. Eta, ondorioz, zaintza muga bat eta karga bat izan daiteke. Alor horretan, ez da gauza berezirik asmatu behar, badira zaintza ardura publiko bezala kudeatzen duten herriak. Horiek begiratu baino ez dugu egin behar. Sozializazio prozesuan, zaintza emakumearen gain utzi da. Kontratu sozial hori aldatu behar da eta zaintza unibertsalizatu. Zaintza ziurtatu eta denon artean banatu behar da. Eta erakundeek horretarako tresnak bideratu behar dituzte. Feminismoak erritmo desberdinak dauzka. Beharrezkoak dira denak? Zalantzarik gabe. Marina Subiratsek esaten duenez, feminismoa erreka baten parekoa da. Garbi-garbi sortzen da han goian, mendian. Bidean adar desberdinak sortzen zaizkio eta itsasoan bukatzen da. Amaieran dena nahastuta dago, zikinkeria dago, eta hor ere mugitu behar du. Gizartean ikuspuntu politiko asko daude eta denen artean lan egin beharko lukete jendearen bizitza hobetzeko. Finean, hori da helburua, ezta? Feminismoan, berdin, erritmo desberdinak daude, baina garbi izan behar dugu zein den helburua, guztion helburua. Gaur eguneko emakume gazteak askotan aipatzen dituzu. Zure gaztaroan gauzak bestela ziren, ezta? Ni irratian lanean hasi nintzenean, nire lagun askok ondorioztatu zuten etxetik kanpo lana egin behar nuela dirua behar nuelako. Bestela, beharrik ez banu, ez nukeela egingo. Garai hartan emakume gehienek ez zuten lan egiten etxetik kanpo. Ez zuten pentsatu irratian lan egitea nire hautu librea izan zenik. Egia da dirua behar nuela, baina egia da, era berean, izugarri gustatzen zitzaidala nire lana. Orain, nire bizitza errepasatzen dudanean, konturatzen naiz nire borrokak, nire militantziak, askatasunaren aldekoak izan direla. Askatasunaren alde jardutea izan da nire motorra, pertsonaren helburu nagusia askea izatea dela pentsatzen dudalako. Zure etxeko emakumeak ere kasta berezikoak ziren. Bai, egia da hori. Eta uste dut nire ibilbidean zerikusia izan duela horrek. Gure amak eta izebek etxetik kanpo lan egiten zuten. Ez hala nahi zutelako, beharra zutelako baizik. Eta nire etxean lanen banaketa ikusi izan dut txikitatik. Aitak etxeko-lanak egiten zituen eta horregatik gaizki begiratzen zioten, bereak ez ziren lanak egiten zituen gizagaixoa balitz bezala. Guk oso garbi genuen aurrera egiteko beharrezkoa genuela askatasun ekonomikoa, ezin ginela gizon baten mende egon. Eta horregatik garrantzitsua zen etxetik kanpo lan egitea. Baina nire amak ere nahiko garbi zeukan hori. Nik Parisera joan nahi nuen frantsesa ikastera. Ez nekien oso ondo nire bizitzarekin zer egin nahi nuen, baina banekien ez zitzaidala gehiegi gustatzen gizartean zegoena. Aitak eta anaiek ez zuten nahi ni Parisa joatea, zer gertatuko ere. Amak, berriz, hasieratik babestu eta bultzatu ninduen. Aparta zen gure ama. Eta izebak ere berdin. Sekulako ahalegina egin zuten guk ikasketak egiteko, unibertsitatera joateko... Beraiek bazekiten jakinduriak askatasuna ematen duela. Orain ere talde feminista batean zabiltza. Bai, oinarrizko feminismoan nabil, oso gustura gainera. Altzako Hegaldi elkartean ibiltzen naiz eta baita Redagi Gipuzkoako Emakume Elkarteen Sarean ere. Ahalduntzea lantzen ari gara bereziki, oso garrantzitsua delako. Nire erronka pertsonal bat da, emakume asko ari gara elkarrekin ahalduntzen. Genero sistema non eta nola oinarritzen den ikusten duzunean, zure izatea nola eraiki duzun hain garbi ikusten duzunean, ezinezkoa da atzera bueltatzea. Niri feminismoak izugarri lagundu dit bizitzen, ondo bizitzen gainera. Eta ez inoren kontra. Joan den urteko Martxoaren 8an olatua berezi etorri zen. Bai, deialdiak emakumeen ondoezarekin eta haserrearekin konektatzen asmatu zuelako. Patriarkatuaren estrategia garbia izan da beti: zatitu eta garaitu. Horregatik, emakumeen arteko elkartasuna eta eskuzabaltasuna ezinbestekoak dira. Sororitatea ezinbestekoa da. Botereak ez du nahi, beretzat arriskutsua delako, emakumeak elkartu eta gure arteko elkartasuna lantzea. Lehen ez zuen nahi hori eta orain ere ez du nahi. Emakume bakoitzak, bizitzak jarri duen toki horretatik, egin behar du feminismoaren alde. «Neoliberalismoak asimilatu egiten ditu feminismoaren ideia batzuk, bereganatu egiten ditu eta horrek asko despistatzen du, zalantzan jartzen baitu teoria feministaren subjektua bera: emakumea» IBILBIDEA Txaro Arteaga Ansa (Donostia, 1944) Herri Irratian hasi zen kazetari lanetan, 1963an. EITBren sorreran parte hartu zuen eta telebistan ere lan batzuk egin zituen. Hogeita bost urte jarraian irratian aritu eta gero, 1988an Emakundeko lehen zuzendari izendatu zuten. 1999an utzi zuen kargua, baina Emakundeko zuzendaritzan lanean segitu zuen 2005era arte. Irratira bueltatu eta bertan osatu zituen bere azken lan urteak. «Genero sistema non eta nola oinarritzen den ikusten duzunean, zure izatea nola eraiki duzun hain garbi ikusten duzunean, ezinezkoa da atzera bueltatzea. Niri feminismoak izugarri lagundu dit bizitzen, ondo bizitzen gainera. Eta ez inoren kontra»