2019 MAR. 02 Olerkiak infernuan Nerea Ibarzabal Salegi Ez al zaizu gertatzen inoiz baino informatuago zaudela, inoiz baino kritikoago, identifikatzeko gai zarela gure desgrazia guztiek non duten muina eta nola funtzionatzen duten zapalkuntza sistemek, kexatzen eta argudiatzen profesional bat zarela, irakurtzen eta apunteak hartzen ere bai… baina gero ez dakizula negatibotasun horri guztiari buelta ematen? Haserrea, nekea kanalizatzen? Lehen sortu egiten zenuen, baina orain dena dago esanda, dena daukazu irakurrita edo idatzita –ez, baina hala uste duzu–. Kexatu zara prosa eta poesia forma posible guztietan, eta orain ez dakizu pozetik sortzen. Ez dakizu eraikitzen, hori beti delako zailagoa dena harrika eraistea baino. Paper zuriaren aurrean jarri eta “zer dago txarto? zer kritikatu dezaket?” galdetzeko ohitura hartzen duzunean idazten hasi aurretik, hor, zure benetako egitekotik ihes egiten ari zara. Lan bat egin behar duzunean etxea jasotzen eta hautsak garbitzen hastean bezala; inguruko desordena txukuntzeak ematen duen baretasuntxoaz gozatuko duzu, baina lana bestea zen. Zailagoa zen bestea. «Infernu honetan erotzeko beldur bazara, idatz itzazu olerkiak», zioen Joxan Artzek, baina nola? Noiz utzi zizun infernuak espazio bat, distantzia bat sugarretatik, aspertzeko denbora, izkina batean eseri, eta zer, eta olerkiak idazteko? Produktibitatearen antagonia, diru ziurraren uxatzailea, poesia! Nik ere idazten nituen garai batean, ez dakit noiz utzi nion. Amak esan didanean Garbigunera doala eta ea institutu garaiko koadernoak botako dituen, ezetz erantzun diot lehen. Klasean idatzi eta marraztu egiten nuen, irakaslearen ahotsaren oihartzuna urrunean zela. Aspertzeak hegoak ematen ditu, zuk joan nahi duzun lekura joaten uzten dizu, normalean iritsiko ez zinatekeen lekuetara. Unibertsitatean berdin egiten nuen. Masterrean ja ez, hor ez zen olerkirik, hor nik ordaintzen nuen. Diruaren –gabeziaren– ardura daukadanetik utzi diot niretzako idazteari, denbora hartzeari. Eta haserre nago. Horregatik irteten zaizkit batzuetan artikulu hain pertsonalak, etxeko koadernoan idatzi beharko nituzkeenak hemen eskapatzen zaizkidalako. Barkatuko didazu. Beste batzuek eskatuta ez bada, ez zait idaztea ateratzen. Beharrezkoa delako gela bat norberarena, eta baita etxe bat norberarena, eta ahalko balitz baita ere herentzia bat osabaren batena, arazoak konpontzeko. Baina ez dira iristen, osaba aberatsak izatea ere ez dagokigulako guri. Haserretik ezin da sortu, estresetik ez dago irudimenik, dirurik gabe ez dago aspertzeko denborarik. Identifikatu dut infernua, badakit zeintzuk diren errudunak, erotzeko puntuan nago. Nola idazten zenituen olerkiak, Artze? Niri denak erretzen zaizkit idazten hasi orduko, infernuz eginak daude. Hainbeste denbora lapurtzen diot neure buruari aisialditik, non gaur ia amaitu gabe neukan liburu bat itzuli baitut liburutegian, gaur zelako itzultzeko data, eta total, sekulako nobela da baina ez daukadanez denborarik amaitzeko, ba tira… Azkenean neure buruari zaplazteko sinboliko bat eman, eta atzeratu egin dut itzulera data beste hiru astez. Baina beti horrela. Nik ere hasi nahi nuke edertasunaren bila, zorionaren bila, bizitzaren zentzuaren bila gauza zatarretan bada ere, baina ezin dut daukadan haserre eta injustizia sentsazio hau azaletik erantzi. Sugarretatik gertuegi nago. • «Infernu honetan erotzeko beldur bazara, idatz itzazu olerkiak», zioen Joxan Artzek, baina nola? Noiz utzi zizun infernuak espazio bat, distantzia bat sugarretatik, aspertzeko denbora, izkina batean eseri, eta zer, eta olerkiak idazteko?