2019 MAR. 16 Bortxaketa bikotearen barruan Oier Gorosabel - @Txikillana Fisioterapeuta Duela mende gutxira arte, normaltzat hartzen zen gizonek emakumeak bahitzea. Ez ziren arraroak bortxaz osaturiko bikoteak, eta neska konforme ez bazegoen makilakadaka “bezatzea”. Ostean, andre askok bizitza osoa etxean pasatuko zuten: senarrek derrigortuta, zein “kalean ibiltzea gaizki ikusia zegoelako” auto-giltzaperatuta. Oraindik iraganean bizi den jende basatia dagoen arren, zorionez garaiak aurrera doaz eta gaur egun onartuta dago harreman batean indarkeriak ez duela lekurik izan behar. Aldebiko onespen barik eginiko bikote gutxi daude, eta banaketak ugariagoak eta adeitsuagoak izaten dira. Halere, badaude hain argi ez dauden eremu ilunak: ongi antzean konpontzen diren bikoteetan, noraino da derrigorrezkoa deberes conyugales edo “bikote-eginbehar” horiek betetzea? Hau da: sexu harremanetarako bien onespena behar al da? Gauza jakina da, denborak aurrera egin ahala, bikoteen hasierako grina eta maitasuna aldatuz doala. Gordin esanda: elkarrekin larrutan egiteko gogo gutxiago izaten dutela. Fenomeno hori guztiz naturala dela esan dezakegu; baina horren aurreko jokabidea, ohiturak edo moralak baldintzatzen du. Euskal Herrian historikoki nagusi izan diren arabiar jatorriko erlijioen soluzioa emakumea lotzea izan da. Arau idatziek eta ohitura ez-idatziek andrazkoek jarraitu beharreko portaera egokia argi zehaztu izan dute: emaztea, etxean (behin ezkondutakoan, kanpoko lana utzi behar zuten); familiaren zaintzara bideratuta; eta, sexuari dagokionez, monogamoa (gizonen kasuan ez bezala: hauei ezkontzatik kanpoko maitaleak onartu izan zaizkie). Sexu eremuari zehatzago erreparatuz, emaztea senarraren zerbitzura zegoen: gizonak agintzen zuen zer eta noiz egin, eta emakumeak onartu beharra zuen. Hain zuzen ere, kode idatziek sexu harremanok onartzea (“bikote-eginbeharrak” eufemismoarekin) derrigorrezkotzat hartu izan dituzte; eta haien falta dibortziorako baleko argudioa da. Ikuspegi hori, gaur egunean ere, oso hedatuta dago gure gizartean. Esango nuke jende nagusi gehienak ontzat ematen duela senarrak nahi duen bakoitzean larrutan egin behar hori; eta, gazteen artean, ez direla gutxi gauza bera uste dutenak. Baina uste horrek talka egiten du gaur egun garatzen ari den ikuspegiarekin, eta bikotearen barruko bortxaketen tabua azaleratzen du: oraindik legearen eta erlijioaren babesa eta bedeinkapena duena. Zein da jokabide egokia? Gauza bat behintzat argi dago: jada ez gaude Erdi Aroan, eta sexu harremanek aldebiko adostasuna behar dute. Hortik aurrera, zentzua erabili beharko genuke: norbaitek ez badu nahi duena etxean aurkitzen, ezin zaio ukatu kanpoan bilatzea. Ondorioz, fideltasunaren totema (oso Erdi Arokoa hori ere), automatikoki erortzen da. Baina hori ez da berria: ezkutuan betidanik gertatu izan baita, gizonezkoen kasuan ageriagoan emakumezkoetan baino (prostituzioaren bezero nagusiak ez dira gaztetxoak edo mutilzaharrak/ neskazaharrak, baizik eta gizon ezkonduak). Halere, hori baino, niri elbarri geratu diren pertsonen kasua eredugarriagoa iruditzen zait: osasun arazoek sexu harremana oztopatzen dutenean, modu naturalean etortzen da bikotea “ireki” beharra; ez da arraroa izaten konpromisoa mantentzea (seme-alabak, hipotekak, zainketa...), baina bietako batek kanpoan sexu harremanak bilatzea; hori onartzen ez duenak ez du bihotzik, edo hipokrita hutsa da. Bada, ez dago elbarria izan beharrik: gogo falta nahikoa arrazoi baita gauza bera egiteko! • www.abante.eus