2019 MAR. 30 Boterearen mistika Antton Izagirre Eliza katolikoa, mende honetan izan duen eskandalu larrienak bultzatuta, Elizaren instituzioaren sistemaren barruan adingabeei egin zaizkien sexu abusuarekin erabat lokaztuta, Vatikanoko goi bilera egitera behartua izan da. Elizaren sinesgarritasuna galbidean jarri duen gaiari nolabaiteko erantzuna eman izanak, Elizaren irudia berregiteko balio izan lezake epe motzean, baina bada gaiaren beste irakurketa sakonago bat egin beharra aldarrikatu duenik; hau da, gertaturikoa, Elizaren botere sistemak berak eragindakoaren ondorioa dela. Edozein sistema hierarkiko itxitan gertatzen dena behar bezala ulertzeko, argigarria gerta dakiguke Abner Cohenek boterearen ezarpenari buruz egiten duen analisia. Haren iritziko, eliteek, talde interesa, interes partikularra edo boterea ezartzeko mistifikazio eta sinbolismoa erabiltzen dituzte haien hegemonia edo nagusitasuna lortzeko teknika modura. Hark dio, boterearen gurtza elite taldeon kultura osoan txertatua, barneratua dagoela, eta gizarte osoaren on beharrez ari direla sinistaraztera irits daitezkeela. Eliza katolikoak ere sistema hierarkikoa du, itxia, ezkutukoa, barne arau propioak dituena, eta boterearen mistikaz baliatzen da, duen botereaz baliatzeko. Horri lotua, gizarte osoak dituen arauetatik kanpo, sexu erlazioari buruzko arau propioak ezartzen ditu, zelibatu behartua, bulkada sexualaren ukapena, eta, guztiaren gainetik, gizonkrazia. Askoren ustez, botere sistema horren guztiaren atzean dago pederastiaren funtsa. Eztabaida azalean eman ordez, Eliza katolikoa sustraietara jotzera behartua egon beharko litzateke, mundutarragoa egitera; behingoz, gizartean sexu harreman mota desberdinak normalizatzen ari diren moduan, Eliza Katolikoak ere barne sisteman dituen kontraesan horiek guztiak naturaltasunez aitortu beharko lituzke. Gainontzean arazoari adabakia jarriko diote, baina bere barnean iraungo du arazoak, haratustel modura, gerora ere. •