GAUR8 - mila leiho zabalik

> Altsasuko gazteak, RTVEko debatean


Kongresu espainolean talde propioa duten sei indarren arteko hauteskunde eztabaidan, Altsasuko gazteek bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako borrokaldi baten ondoren bizi duten egoeraren berri eman zuen Gabriel Rufian diputatu katalanak, ondo kostata.

«Astakeria galanta da Altsasuko zazpi gazte, guardia zibil baten orkatila apurtuarengatik, duela hiru urte kartzelan egotea». Horrela hitz egin zuen Gabriel Rufianek joan den astean RTVE telebista espainolak eman zuen hauteskunde debatean.

ERCko hautagaiak, horrela, Altsasuko taberna batean izandako borrokaldiaren ondoren gazteok bizi duten egoera mahai gainean jarri zuen, «birsorkuntza demokratikoaren» apunte gisa. Ez zitzaion samurra gertatu, ordea. Ion Lagardezabalek bere Twitter kontuan jasotako bideoan ikusten denez, Ciudadanos taldeko Ines Arrimadasek eta PPk Bartzelonatik Kongresurako hautagai aurkeztu duen Cayetana Alvarez de Toledok behin eta berriz moztu zuten Rufianen mintzaldia. Debatearen moderatzaile Xabier Fortesek politikari katalanaren alde atera behar izan zuen.

Halako batean hitz egiten utzi ziotenean, Rufianek Altsasuko gazteei egindako «astakeria», kataluniar lider independentistak kartzelatzea eta sanferminetako bortxaketaz akusatuta daudenek duten inpunitatea lotu zituen.

> Desgaitasuna dutenentzako aparkalekuen 450 argazki

Hiru hilabetean, #okupasmotorizados ekimenak Nafarroan desgaitasuna duten lagunentzat erreserbatutako aparkalekuetan ageri diren 450 autoren beste horrenbeste argazki zabaldu ditu sare sozialen bidez, 125 lagunen lankidetzarekin.

Ekimenaren sustatzailea esklerosi anizkoitza duen Juan Larreta da, eta kolaboratzaileen aldetik jasotako laguntza eskertu du. «Ikaragarri gustatuko litzaiguke aparkatzeko txartelik ez izatea, edozein lekutara oinez joan, zenbait etxadi urrunago aparkatu eta pasieran iritsi ahal izatea, baina ezin dugu», gaineratu du. Horregatik, desgaitasuna dutenentzako txartelak zuzen erabili eta eta gizabidez jokatzeko eskatu du.

> Errenteriako lazo erraldoiek horiz tindatu dute Twitter

Errenteriako bizilagunek joan den astean Ciudadanos alderdiaren mitinari egindako “ongietorria” Twitterren agertu zen berehala. Irudi hori bereziki Katalunian txalotu zuten, eta herrialde horretako herritar askok eskertu egin zuten Twitterren.

Kataluniar preso politikoen askatasuna aldarrikatzen duten hori koloreko lazo erraldoiak nagusi ziren Foru plazako etxe-aurreetan, laranja koloreko taldeari “ongietorria” egiteko. Albert Riverak hitz egin zuen markesinaren sabaian ere hori koloreko lazo bat zegoen. Lazoen irudia berehala agertu zen Twitterren, baita milaka like eta ehunka birtxio jaso ere.

Argazkia batez ere Katalunian txalotu zuten, eta hango herritar askok Errenteriako keinua eskertu zuten Twitterren.

> Liburutegi mugikor bat haurrei liburuak eramateko

Irakasle italiar erretiratu batek liburuak eskuratzerik ez duten haurrei “Bibliomotogurdia” helarazten die.

Izozki gurditxoa balitz bezala, liburutegi mugikor horrek liburuak eramaten dizkie irakurtzeko baliabiderik ez duten italiar haurrei. Haren gidaria Antonio De Cava da, Italiako hegoaldeko irakasle erretiratua eta irakurri zale amorratua.

Irakasle lana amaitu egin zitzaion erretreta hartuta; hala ere, gorputz eta arima jarraitzen du hezitzaile gisa, “Bibliomotogurdia” bere ibilgailuak seinalatzen duen norabidean. 700 liburu garraiatzeko diseinatuta dago, liburuak eskuratzea batere erraza ez den italiar herrixketako haurrei doan eskaintzen dizkienak, hain zuzen.

2003an prestatu zuten ibilgailu horrek seinale akustiko bat du, bere iritsiera iragartzeko, eta irribarre artean eta gogoz hartzen dute igarotzen den lekuetan.

> «Gora ETA militarra» oihuka Donostiako Alde Zaharrean

Mobilizazio batek Donostiako Alde Zaharreko kaleak zeharkatu zituen joan den asteartean. Manifestariek “Gora ETA militarra” eta “Zuek faxistak zarete terroristak” leloak oihukatu zituzten, manifestazioa bertatik bertara zelatatzen zuten polizien begiradapean.

Aste Santuaren ondoren Donostiara iritsitako zenbait bisitari ikaratu egin ziren hura ikusita. Hala ere, manifestarien janzkera bitxi samarra zen, iragandako garai batekoa. Izan ere, mobilizazio hori Fernando Arambururen liburuan oinarritutako “Patria” telesailaren filmazioari zegokion.

Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere filmatu dute telesaila, irudi bitxiak sortuz.