GAUR8 - mila leiho zabalik

Hutsik ote dago plaza?


Plaza da euskaldunontzat edo izan da, bederen gure aferak konpontzeko, edo zapuzteko (zergatik ez!), agertoki naturala.

Plazan bildu gara festarako, ospakizunetarako, politikoki beroenak izan ziren urte ez hain urrunekoetan asanbladak egiteko, herritarrak omentzeko, larrialdietan babesa eta gertutasuna jasotzeko, mitinetarako eta abarrerako. Gertakari askotariko eta askotarako. Hura izan da, tradizioz, gure agertokia. Azken urteetan, akaso, nahikoa hutsik izan ditugu gure plazak, herrietakoak eta bestelakoak. Eta hezkuntzaren plaza ere ez da salbuespena izan.

Aitortu behar da ez dela lan erraza –ez erosoa edota gustukoa, behintzat–, hezkuntzako plazara agertu eta norberaren iritziak azaltzea. Izan ere, ez da lan makala bi estatutan, hiru administrazioren pean, hainbat saretan, hamaika hizkuntza eredutan eta abarretan zatikatutako hezkuntza ereduan herri bat, Euskal Herria, irudikatzea; eta are zailagoa herri hori osatuko duen jendarte pluralari egoki erantzungo dion Hezkuntza Sistema euskalduna antolatzea.

Gainera, azken hamarkadetan norabide horretan egin diren hamaika ahaleginek ere ez dute lortu bidea zabaltzea. Eta nolabaiteko porrot horiek ez ditugu aldeko. Partekatu ditzakegu euskaldun eleaniztunak sortzeko asmoak, Euskal Curriculuma garatzeko ideiak, adostu ahal izango ditugu derrigorrezko hezkuntza amaieran neska-mutilen irteera profilak eta abar eta abar, baina hori guztia antolatzeko heziguneen titulartasunaz eta finantzazioaz hitz egiten hasten garenean... horra hor koska! Artean, gainditzen asmatu ez dugun koska, publikotasunarena, alegia.

Ezker independentista bere hezkuntza egitasmoa berritzen ari da. Eta lan horren baitan, Durangon hutsik zen hezkuntzako plaza gogoetaz betetzeko deia egin zuen urtarrilean. Ordutik, hainbat hiri eta eskualdetako plazak betetzeko ahaleginean dihardu, eta ari da plazetan ekarpen ugari jasotzen.

Ekimenak bete nahi duen hurrengo plaza Donostiakoa da, gaur bertan hara azaltzeko deia egin du. Eta aitortu behar zaio ausardia, itzulinguruka ibili gabe bota du erronka: Zer-nolakoa izan behar du Euskal Hezkuntza Sistemak? Nolakoa izan behar du Euskal Publikotasunak? Nazioa, klasea eta generoa gogoan dituela egingo omen da hausnarketa.

Denbora gehiegi daramagu hezkuntzako eragileek eta kideok gure lubakietan babestuta, gure zilborrari begira. Bada garaia hango estutasunetik irten, hango mugak hautsi, eta eraiki nahi dugun Euskal Herri denontzako bidezkoaren, solidarioaren, bizigarriagoaren, azken finean, ortzemuga zabal eta mugagabeari, begira jartzekoa.

Norberaren sare, administrazio, sindikatu eta abarren interesak babesteko janzki itogarria soinean eramaten jarraitzeko hautua egin dezakegu. Zilegi da, noski. Saia gaitezke, ordea, estu eta zaharkituta geratu diren arropa horiek eranztera. Ausart gaitezke biluzik geratzera, euskal herritar soil gisa, Euskal Herriak behar duen aire berriak gure gorputza laztan dezan.

Herritar gisa, egiteko askoz gehiago eta eginbehar garrantzitsuagoa dugu. Ausartuko ote gara? Bete dezagun plaza, hezkuntzarena, jalgi plazara, herritar gisa bakoitzak gure ekarpena eginez, gure ikuspegia eskainiz. Herria artikulatuko duen hezkuntza eredua dugu irabazteko! •