GAUR8 - mila leiho zabalik

Kapitalaren zerbitzariak


Ni naiz gaueko hamabiak arte hauteskundeen emaitzen inguruko programak ikusten gelditu zen horietako bat. Nafarroan Bel Pozuetak lortu zezakeen eserlekuaren inguruko gorabeherengatik loa galdu nuen guztiz. Lagunen Telegrameko taldea sutan zegoen, «PSNren alde orain!», «Bilduren alde!!!»…. %90 baino gehiagoko kontaketarekin Murchanteko bozak oraindik zenbatu gabe zeudela jakin genuen arte. «Esperantzak iraun duen bitartean polita izan da», idatzi zuen batek Bel kanpoan gelditu zela ikusi genuenean. Aitortu behar dut ere, askok bezala, hasperen egin nuela pozik eskuinak iragarritako gorakada ez zuela lortu ikusi nuenean, baita harrotasun puntu batek hartu ninduela ere ikustean Rivera eta Casadok Renteria eta Altsasura eginiko “bisitek” espero zuten kontrako eragina izan zutela Hego Euskal Herrian. Nik behintzat, gonbidapenik gabe nire etxera etorritako norbaiti, atea ireki eta aurpegira listua botatzen didan bati ez nioke afaltzen gelditzeko eskaerarik eginen.

Asko kezkaturik daude VOXek Espainiako Parlamentuan ateratako emaitzekin, eta entzun dut ere ultraeskuinak lehen aldiz Espainian ordezkaritza instituzionala duela orain. Pentsatzen dut PP edo Ciudadanos ez dituztela ultraeskuin gisa kontsideratzen, baina nik esanen nuke bi alderdiok eta VOXek defendatzen dituzten balioak ez daudela horren urruti. Moduak aldatu dituzte bai, beste biak argi eta garbi esatera ausartzen ez direna esaten dute abascalzaleek. Kezkagarria da noski VOXen diskurtso homofoboa, matxista eta arrazista, baina, ez al dira matxistak Abortuaren Legean atzera egiteko PPren proposamenak? Edo Ciudadanosek “subrogatutako amatasunaren” bidez emakumeen esplotazioaren alde egiten duen apustua? Ez al dira arrazistak eta xenofoboak izan PPk urteetan zehar immigrazioaren inguruan egin dituen legeak? Espainiaren kontzeptuan ere berdintsu jokatu eta pentsatzen dutela guztiz agerikoa izan da. Hor bai, hor hirurek konplexurik gabe erakusten dituzte joera guztiz antidemokratikoak Katalunia eta Euskal Herriaren inguruan.

Beraz, aurpegi ezberdinekin gauza berdina direla azpimarratu beharko genuke behin eta berriro, eta hori argi eta garbi ikusten da hiruren agenda ekonomikoa aztertzen dugunean. Kapitalaren defentsan dihardute hirurek sutsu, gehien dutenek osatutako gutxiengoaren alde eta beste guztion kontra. Garrantzitsua da, horrenbestez, etorriko diren egun korapilatsuetan zapaldutakoen aldeko ariketa egitea eta iruzurrik ez onartzea. PPren irudia zuritu eta popularrak publikoki argi eta garbi esatera ausartzen ez zirena martxan jartzeko jaio zen VOX. Ciudadanos, berriz, eskuinari irudi gazteago eta modernoagoa emateko. Alderdi laranjarekin lortu nahi zuten 60 urtetik beherakoek ere eskuinari boza emateko aukera izatea. Orain, Aznarrek sortutako seme maitatuek itzal gehiegi egiten omen diote PPri.

Badugu beste deialdi bat hemendik gutxira, eta, nafarra naizen heinean, berriro pizten zait kezka hauteskundeei begira. Estatu mailan eskuina banaturik aurkeztea, guretzat, Kapitalaren pribilegiatuak ez garenontzat, onuragarria izan dela argi gelditu da. Zer gertatuko da Navarra Suma (resta, beste askok deitzen diogun bezala) horrekin? Gai izanen gara eskuineko alderdiei aurre egiteko? Nik, behintzat, ez dut afaririk prestatuko beraientzat. •