GAUR8 - mila leiho zabalik
analisia

Bertutearen jaiotza basatia

Alfa arren kontrako beta arren koalizioen biolentziak gure eboluzioa definitu zuen. Kalkulatua eta planifikatua den biolentzia proaktiboaren genea indartu eta gure autodomestikazioa bultzatu zuen horrek. Errukiorrago, kooperatiboago bilakatu gintuen espezie bezala eta moralaren atea ireki zigun.


Ongiaren eta gaizkiaren arteko harremana bitxia da, zentzugabekeriaz jositakoa. Gizakiok hain onak bagara, zergatik hel gaitezke hain txarrak izatera eta hainbeste min ematera? Aspalditik dago eztabaida hori mahai gainean, sarritan usoen eta belatzen inguruko argudio antzuekin zerbitzatuta. Rousseauk zioen gizakiok izatez ez-biolentoak garela, eta, Thomas Hobbesek, aldiz, kontrakoa, naturaz garela biolentoak.

Uste popular baten arabera, sortze beretik gara kalterik gabeak, errugabeak. Eta bakean biziko gara baldin eta patriarkatuaren ideologia, jabetza pribatua eta desberdintasun soziala bezalako influentzia gaiztoetatik ihes egiteko gaitasuna badugu. Bada ideia horretan egiazkoa den zerbait, bai, baina ez da guztiz egiazkoa ere. Gure eguneroko interakzioetan espezie baketsuenetarikoa gara, baina, era berean, biolentzia suntsitzailea planifikatzeko gure ahalmena handituz doa etengabe.

Richard Wrangham primatologo eta Harvard Unibertsitateko antropologia irakasleak liburu berri zoragarria idatzi du. “Onberatasunaren paradoxa: eboluzioak nola egin gintuen aldi berean biolentoago eta baketsuago”. Bertan, gizakiok zergatik izan gaitezkeen hain errukior eta kooperatibo, eta, era berean, hain basati eta krudel ulertzeko azalpen bat ematen digu, kontakizun serio bat. Bere tesiak, behin betikoa izan ez arren, harritu egiten du. Biologia ebolutiboaren mailan hipotesi berri eta bikaina ezartzen duelako, gure burua, gure iragana eta etorkizuna ikusteko modua aldatuz.

Bere aurreko liburuan, janaria prestatzen ikasi zuen hominidoa animalien auzoan nola gailendu zen kontatu zigun Richard Wrangham primatologoak. Nola suaren kontrolak bere janaria prestatzea ahalbidetu zion, jandako kalorien efizientzia asko hobetuz eta pentsatzeko eta planifikatzeko denbora eta energia gehiago lortuz.

Azken liburuan, hiltzeak, heriotzara zigortzeak, antzinako eta muturreko biolentzia modu horrek, bertutearen eta moralitatean jabe egin gintuela defendatzen du Richard Wranghamek. Gizakion autodomestikazioa azkartu zuela, kooperazioa eta kultura metatu zituela, zibilizazioaren eraikuntza erraztuz. Beste hitz batzuetan esanda: garena izatea eragin zuela, hots, homo sapiens-ak.

Biolento eta otzan

Wranghamek bere bizitzaren zati handi bat tximino handiak aztertzen eman du. Batez ere, txinpantzeak, bonoboak eta gizakiak. Eta intrigatzen duten aurkikuntza asko egin eta zabaldu ditu, hala nola, txinpantzeen artean infantizidioa ez dela batere ezohikoa, helduek –batez ere arrek– beste heldu batzuk hiltzen dituztela emeak berenganatzeko, tximino handien artean soilik bi espezie, txinpantzeak eta gu, gizaki ehiztari/biltzaileok, ibiltzen garela gure lurraldeetatik kanpo eta bi espezieotako kideek soilik hitzen ditugula beste komunitateetako kide bakartiak.

Txinpantzeak, gizakiak bezala, armarik gabe hiltzeko gai dira, bai. Baina plan bat egitea eta koordinatzea eskatzen duen heriotza zigorra erabiltzeko ez dira gai. Bonoboak, aitzitik, txinpantzeengandik Kongo ibaiak banatuta bizi direnak, aparteko mundu batekoak dira: ez dute patruilatzen, ez dute lapurtzen, ez dituzte auzokideak hiltzen, ez dituzte emeak kolpatzen eta bortxatzen, komunitate ezberdinen artean adiskidetsuak dira. Sexua erlaxatuagoa eta dibertigarriagoa da haientzat.

Eraso biolentoak egiteko txinpantzeak bezalako ahalmen indartsua dute gizakiek, baina baita adeitasun eta otzantasunerako bonoboek bezalako ahalmena ere. Beste tximinoekin alderatuz gero, gure egunerokoan biolentzia maila oso baxuak praktikatzen ditugu, baina, aldiz, gure gerretan heriotza tasa beldurgarriak ditugu. Horra hor, labur-labur, Wranghamen arabera onberatasunaren paradoxa non datzan: desadostasun edo itxurazko kontraesan horretan.

Erreaktibo, proaktibo

Zientzialariek espezie bereko kideen arteko erasoa edo biolentzia bi mailatan sailkatzen dute: erreaktiboa eta proaktiboa. Gizakion kasuan, erasoa fisikoa, mentala edo hitzezkoa izan daiteke. Eraso erreaktiboa probokazio edo mehatxu bati emandako erantzuna da. Suminkorra izan ohi da, oldarkorra, testosterona maila handiekin kidetua. Eraso proaktiboa, aldiz, kalkulatua da, hotza eta estrategikoa. Normalean, biolentzia erreaktiboa norbanakoa da, indibiduala; eta eraso proaktiboa biolentzia instituzionala izan ohi da, heriotza zigorraren edo gerraren forma har dezakeena. Azken urteotan, ikertzaileak bi biolentzia mota ezberdinontzat burmuineko zein mekanismo elkartu diren identifikatzeko gai izan dira. Orain jakina da zirkuitu neurologiko ezberdinak dituztela. Eta, beraz, ondoriozta daiteke hautespen naturalak agresibitate motok modu independentean alda ditzakeela.

Gizakion komunitateetan hautapen naturalak zergatik eboluzionatu zuen eraso erreaktiboaren kontrako norabidean? Wranghamentzat erantzuna da taldean bizi ahal izateak egonkortasun minimo bat eskatzen duela. Ez dagoela aldagarriagoa, disruptiboagoa den ezer sumisioa eskatzen duen eta menderatzea, beldurtzea, ausazko biolentzia, janariaren eta emeen monopolioa bilatzen dituen eraso erreaktiboa baino. Beste hitz batzuetan esanda, alfa arraren, erasotzaile erreaktibo gorenaren, jokamoldea baino.

Giza komunitateek alfa arren tirania hori sufritu behar izan zuten, eta izurrite horrekin elkarbizitzea edo errotik, sustraietatik erauztea beste aukerarik ez zuten. Gizakiak elkarrekin komunikatzen hasi zirenean, alfa arrek ez zuten dagoeneko ezer egiterik. Beste ar helduen koalizioak bihurtu ziren beren borreroak.

Denborarekin, alfa arrak aldizka hiltzen hasi zirenean, eraso erreaktiboaren genea giza populazioan urritzen hasi zen, exekuzio pelotoi gisa funtzionatzen zuten beta arren koalizioak egonkorragoak bilakatu ondoren. Giza komunitateek ongi etorria eman zieten arau berriei. Koalizioen boterea erabatekoa bihurtu zen, eta, maila batean, Max Weberren Estatuaren definizioa, biolentziaren monopolioa duen entitatearena, aurreratu zuen.

Giza zibilizazioa heriotza zigorraren bidez eraiki zen, edo antropologoen hitzekin esanda, «koalizioek egindako eraso proaktiboaren» bitartez. Garapen horrek giza moralitatearen bi kontu bereizgarrienen sorrera bultzatu izan zezakeen: ongia eta gaizkia bezalako estandar abstraktuetarako gure joera; eta, beste tximinoetan topatzen denarekin konparatuta, sozializaziorako, altruismo, kooperazio eta justiziarako gure tirantza handiagoa.

Bi biolentzia bi motok Wranghamen teoriaren oinarria osatzen dute. Baina garrantzia berbera dauka giza domestikazioaren inguruko bere tesiak ere. Eta bere sorrera alfa arren taldekako exekuzioan finkatzen du.

Autodomestikazioa

Urte askotan zehar, giza domestikazioaren inguruko inolako teoriarik ez zen beharrezko ikusi, ezta Darwinena ere. Arrazoia sinplea zen: domestikazioak kanpoko protagonista batek, hazlea bezalako norbaitek, prozesua zuzentzea eskatzen du. Eta zientziak zekien arte, ganaduak ez bezala, gizakiok ez dugu sekula hazlerik izan.

Hautespen artifizialak, teorian behintzat, kanpoko eragile baten parte hartzea eskatzen du. Baina Wranghamen arabera, hautespena oldarkortasunaren kontra badoa, animaliak autodomestikatu egiten dira.

Otzantasun handiago batez gain –autodomestikazioaren lehen sintoma–, gizakiok “Domestikazioaren sindromea” izenaz ezagutzen den prozesuaren seinale asko erakusten ditugu: hezur meheagoak, aurpegi motzagoak, ar eta emeen arteko ezberdintasun txikiagoa, jokabidezkoak eta fisiologikoak diren adierazleak, hala nola, beldurraren aurrean erantzuna, hormonen produkzioa, bizitasun zelebre bat, eta abar.

Domestikazioak zergatik ez du kanpoko ekintzaile baten, hazle baten beharra? Zergatik izan daiteke diseinatzailerik gabeko diseinu? Galdera horiei erantzuna ematen die Wranghamek, datu eta detaile askoko kontakizun aski sakon eta onargarri baten eskutik.

Wranghamen ustez, domestikatu gintuena tiranoak hiltzea izan zen, gure espezieko oldarkorrenak, gutxien kooperatzeko prest zeudenak hiltzea, haien kontra heriotza zigorra ezarri eta exekutatzea. Izan ere, oso oldarkor eta dominante ziren alfa ar bakartietatik alfa arrak hiltzen zituzten beta arren koalizioetara pasatu ginenean, biolentziaren egitura soziala aldatu egin zen. Aldaketa horrek eman zigun espezie bezala ezagutu dugun arrakasta, edo arrakastarako giltza. Eta epe luzean, eraso erreaktiborako joera aktibatzen zuten gure geneen higadura ekarri zuen. Prozesu horrek guztiak bultzatu zuen autodomestikazioa.

Onena eta okerrena

Modu hotz eta estrategiko batean hiltzeak, giza biolentziaren forma bakar horrek, gure espeziarena bakarrik, gure-gurea den joera bati bidea ireki zion. Hain zuzen, bertute moralari.

Alfa arren erabateko boteretik, borreroen, beta ar taldeen botere mugatura pasatzeak, koalizioan proaktiboki erasotzeko gure ahalmena indartu zuen. Biolentzia forma hori basakeria askoren arduraduna da, besteak beste, gerrarena, sarraskiena, esklabotzarena, sakrifizioetan oinarritutako erritualena, purga politiko eta botere nagusikeriena.

Gure bultzada biolentoenak, are hiltzaileenak diren batzuk, gure espeziea errukiorragoa, kooperatiboagoa bilakatzeko prozesuaren ardatzean daude, arduradun dira. Gure ibilbide ebolutiboa, baita gure gene eta aurreikuspen moralak ere, aldatu zituztelako.

Gerraren arduradun nagusia izanik, biolentzia proaktiborako daukagun atxikimendu nabarmen, gene horiek izateagatik tristatu behar al gara?

Hara hor funtsezko funtsaren funtsa eta denetan paradoxa handiena: biolentzia koordinatu eta planifikatuak gure bertutea moldatu eta hari egokitutako ordena sozial bat eman zigun. Eta ordena horrek berak zapalketa eta esplotazioa posible egin zituen. Estatuarena izan edo bestelako botere taldeena.

Ez, ez dugu barneratu behar gizakiaren naturak berdintasunaren eta bakearen aldeko aurrerabidea ezinezko egiten duela. Ezta saihetsezin egiten duela ere. Ez bata eta ez bestea. Bat bera ere ez. Betikoan gaude, biak lortzea izugarri zaila da, biak batera lortzea beldurgarri gaitza da gu gizakiontzat. Espezie bezala, espezien artean dagoen onena eta txarrena garelako.