GAUR8 - mila leiho zabalik
AEB

Abortua berriz legez kontrakoa izatea nahi dute makina bat errepublikanok

Abortuaren aurkako legeak onartzen ari dira Ameriketako AEBetako Mendebalde Ertaineko eta Hegoaldeko estatu batzuetan. Ordularia atzera eraman nahi dute, 1973ra gutxienez, orduan legeztatu baitzuen Auzitegi Gorenak haurdunaldia etetea. Erabaki hura dute orain jomugan Donald Trumpek eta parlamentari eta agintari askok.


Nire gorputza, nire erabakia”, irakur zitekeen joan den maiatzaren 19an Montgomery Alabamako hiriburuan egin zen manifestazio batean esku hartzaile batek zeraman txartelean. Manifestariak ez daude ados estatuko legegileek abortuaren inguruan hartu nahi duten bidearekin eta horrelaxe adierazi zuten kalean.

Batzuk “Neskamearen ipuina” izenburuko telesailean (Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarritutakoan) ageri diren uniformeak jantzita zeuden, bertan emakumeak «inkubagailu bizidun» moduan tratatzen baitituzte, kazetariei azaldu zietenez. «Ugalketako esklabo bihurtu nahi gaituztela adierazi nahi nuen mozorro honekin», esplikatu zuen 40 urteko Amanda izeneko manifestariak. Ondoan zihoanak beix koloreko barruko arropa zeraman jantzita eta biluzik zegoela zirudien. Sabelaldean ugal-sistema baten ilustrazioa zuen, honako testuarekin: “Inkubagailu bat baino gehiago naiz”.

Alabamako Mobile hirian ere egin zen protestaldirik. Genevieve McGinnis manifestariaren iritziz, «abortua legez kontrakoa bihurtzeak ez du bizitzarik salbatuko. Nerabe eta emakume askok azkenean beren burua hilko dute, edo umetxoa ez izateko pilula arriskutsuak hartuko dituzte. Abortua legeztatzeak eragiten du haurdunaldiaren etetea segurua izatea eta ahalbidetzen du, gainera, emakumeek beren gorputzen gaineko erabakiak hartzeko aukera izatea. Nire ustez, emakume baten gorputzaren inguruko erabakiak ez lituzkete gizonezkoek hartu behar».

Gizon zurien erabakia

Estatu bereko Birminghamen, berriz, Bernie Sanders senatari demokrata eta AEBetako presidente izateko hautagai demokratak esku hartu zuen. Missouri estatuko Kansas hirian ere egin zuten manifestazio bat, bertako legegileek abortua erabat debekatzen duen lege proiektu bati oniritzia eman baitiote (bederatzigarren astetik aurrera ezin da inongo kasutan aborturik egin, ezta bortxaketa edo intzestu kasuetan ere). Mike Parson Missouriko gobernadore errepublikanoak agindu zuen proiektuari argi berdea emango ziola eta horrelaxe egin zuen.

Alabamako Senatuak (35 eserleku eta errepublikanoen gehiengo garbia 27rekin) aldeko 25 boto eta aurkako 6 eman zizkion, hilaren 15ean, abortua debekatu nahi duen lege proiektuari. Salbuespen bakarra aurreikusten da: amaren bizitza edo osasuna arrisku larrian dagoenean. Alabamako Behe Ganberak apirilean egin zuen gauza bera.

Aldeko botoak senatari zuriek emandakoak ziren. Guztiak ziren errepublikanoak, jakina. Horiek erabaki dute zer egin emakumeen gorputzarekin, manifestari askok era sutsuan salatu dutenez.

Kay Ivey gobernadoreari tokatzen zaio erabakia berrestea eta horrela egin zuen egun berean. «Bizitza bakoitza da preziatua, bizitza bakoitza da Jainkoaren opari sakratua», adierazi zuen gobernadoreak testua sinatu ondoren. Aste berean, agintari berak ezetz esan zion heriotza zigorrera zigortutako Michael Brandon Samra 41 urteko presoak eskatutako exekuzio atzerapenari, eta handik ordu batzuetara giltzapetua exekutatu egin zuten. Hemeretzi urte baino ez zituen zigortuak leporatu zitzaion krimena egin zuenean.

24 aste bete arte

Alabama estatuko agintari horren «hipokrisia» nabarmendu dute egunotan manifestariek, exekuzioa eta abortuaren aurkako jarrera maila berean jarrita. Testua sinatu bazuen ere, gobernadoreak berehala erantsi zuen lege berria aplikatzea ezinezko izango dela, “Roe versus Wade” izenez ezaguna den erabaki judiziala hartu baitzuen Auzitegi Gorenak 1973an, eta geroztik abortua legezkoa baita AEBetako 50 estatuetan haurdunaldiak 24 aste bete arte, estatu jakin bateko ordezkariek aurkakoa erabakita ere. Iveyk berak onartu zuen Alabamak onartu duen arauaren helburua 1973ko erabaki hura bertan behera uztea dela.

Alabamak hartu duen bide bera hartu nahi dute Missourik, Kentuckyk, Mississippik, Ohiok, Iowak, Ipar Dakotak eta Georgiak. Izan ere, abortua debekatzeko kanpaina ez da estatu bakar bateko ideia; oso ondo koordinatuta dago eta bultzatzaileen helburua gaia Auzitegi Gorenera eramatea litzateke, gaur egun –Trump presidentearen izendapenen eraginez– epaile kontserbadoreek inoiz baino indar gehiago baitaukate.

Faith2Action eskuin muturreko taldeak prestatu du lege eredu bat, ekimenak arrakasta izan dezan. Janet Porter ekintzaile kontserbadoreak zuzentzen du aipatu taldea eta badirudi orain urte batzuk arrakastarik izan ez zuen ideiak oraingo honetan egoera aldatu egin duela.

Ohioren bilakaera

Porterrek hamar urte baino gehiago daramatza «sei asteko legeak», abortuaren aldekoen hizkera erabilita, aurrera ateratzeko presioa egiten. Hasiera batean muturrekoegia zen abortuaren aurkako kontserbadoreentzat ere, baina azkenean praktikan abortatzea ezinezko bihurtzen duten legeak onartzen dituzte estatu batzuek. Ohion egin zuen lehenengo ahalegina Porterrek. John Kasich gobernadoreak atzera bota zituen 2016an eta 2018an onartutako legeak, baina aurten arrakasta izan du ekimenak.

Umekiaren Taupadaren Legea esaten diote ofizialki estatu batzuetan onartu dutenari. Hau da, mediku batek fetuaren taupadak entzuten dituen momentutik aurrera (zortzigarren astean gertatzen da, normalean emakumeak haurdun dagoela ere ez dakienean), debekatuta dago haurdunaldia etetea. Emakumeak ez dauka abortua egiteko aukera aztertzerik ere, haurdun dagoela jakiten duenerako, legez kontrakoa baita.

Giro kontserbadorea

Herrialdeko lurralde askotan nagusitzen ari den giro kontserbadorea eskuin-muturrekoen aldekoa da, eta emakume pobreen kontrakoa, jakina. Joan den maiatzaren 17an AEBetako Senatuak Wendy Vitter Louisianako abokatua izendatu zuen barruti-auzitegiko epaile federal.

Vitterrek askotan esku hartu izan du abortuaren aurkako mitinetan eta urteak daramatza lanean Planned Parenthood erakundearen finantziazioa murrizteko asmoarekin. Gezurrak ere erabili izan ditu bere helburuak betetzeko: New Orleanseko “Clarion Herald” egunkariari esan zion Planned Parenthoodek «urtean 150.000 emakume baino gehiago hiltzen dituela». Gainera, zientzialariek kontrakoa esaten badute ere, epaile federal berriak abortua bularreko minbiziarekin lotzen du. Ez da, oraindik bederen, Auzitegi Goreneko kide (bederatzi epaile ditu eta abortuaren inguruko azken erabakia hartzea berari egokituko zaio), baina izendapenak AEBetako Justizia Administrazioaren egungo giroa hobeto ulertzen laguntzen du. Eta garbi uzten du abortuaren aurkakoak, «bizitzaren aldekoak» beraiek erabiltzen duten hizkeraren arabera, erabat harrotuta daudela.

Edonola ere, begirale guztiek aipatzen duten izena Brett Kavanaugh epailearena da. Iazko urrian bihurtu zen Auzitegi Goreneko kide, nahiz eta Christine Blasey Ford irakasleak Kavanaughen aurkako salaketa aurkeztu zuen, sexu abusuak leporatuta. Bortxaketen inguruko kasu askotan gertatzen den moduan, abusuen biktimak erasotzaileak baino askoz ere tratu okerragoa jasan behar izan zuen eta Trump presidenteak berak ere epailearen aldeko jarrera agertu zuen eta berehala sinatu zuen izendapena. Lotsarik ez! Eta epailerik injustuena, auzitegirik garrantzitsuenean suteak eragiteko prest.

Elizabeth Nash Guttmacher Institutuko analistaren iritziz, abortuaren aurkako talde askok uste du Brett Kavanaugh Gorenean egonda, une honetan nahikoa boto dutela “taupadaren legeak” Auzitegi Gorenera eraman eta “Roe versus Wade” izeneko erabakia indargabetzeko.

«Legegile kontserbadoreek egin dituzten kalkuluen arabera, abortua zazpigarren astetik aurrera debekatzen duen legea Gorenera iritsi daiteke eta bere osaketa zein den ikusita, ‘Roe versus Wade’ erabakia hankaz gora bota», Elizabeth Nashek egin duen irakurketaren arabera.

Errepublikanoen dirua

George Hawley Alabamako Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslearen iritziz, «bizitzaren aldeko mugimenduko belaunaldi honek ez du inoiz aukera hobea izango ‘Roe versus Wade’ epaia baliogabetzeko». Hawleyk gogoan du Alderdi Errepublikanoak asko zor diola abortuaren aurkako mugimenduari: «Hamarkada askotan, alderdiak diru asko bildu du, hauteskundeak irabazi eta Gorenean gehiengo kontserbadorea ezarriz gero, ‘Roe versus Wade’ epaia indargabetu egingo duela aginduta. Abortuaren aurkakoek Alderdi Errepublikanoari horrenbeste eman diotenez, bidezkoa da orain beraiek abortua debekatzeko eskatzea».

Haurdunaldia etetea legezkoa izatearen aldekoak ere ez daude geldirik egoteko. Nevada estatuak onartu berri du abortuak eragiten dituzten botikak legezkoak izatea. Gaur egun urtebete eta hamar urte bitarteko kartzela-zigorra ezartzen zaie laguntza medikurik gabe abortatzen dutenei. Gainera, oraindik Nevadako Senatuak onartu behar duen legearen arabera, medikuak ez du abortuaren ondorioen berri pazienteari esplikatu beharrik. Vermonten, berriz, onartu dute abortua «oinarrizko eskubide bat» dela eta inongo erakundek ezin duela eskubide hori murriztu.

 

Hamazazpi debeku hamar estatutan

Elizabeth Nash Guttmacher Institutuko analistak Ameriketako Estatu Batuetan azken hilabeteotan abian jarri diren abortuaren aurkako ekimenak sailkatu eta zenbatu ditu. Urtea hasi zenetik joan den maiatzaren 20ra arte, abortatzeko aukerak murriztea helburu duten 378 neurri onartu dituzte. Horietako %40 era ezberdinetako debekuak ziren. Gainera, epe berean AEBetako hamar estatuk hamazazpi debekuri argi berdea eman diete. Alabama estatuko legea da larriena, ia kasu guztietan debekatu baitu haurdunaldia etetea, baita bortxaketa eta intzestu kasuetan ere.

«Alabamako gobernadoreak lege proiektu hori promulgatu badu ere, klinikak zabalik egongo dira eta abortua prozedura mediku seguru eta legezkoa da estatu osoan», esan du Randall Marshall Alabamako Askatasun Zibilen Aldeko Amerikar Batasuneko zuzendariak.

 

«Neure burua hilko nuen bortxatu ninduen gizonaren umea izatera behartuz gero»

Esku hartzaile batzuek arropa zabaltzeko erabiltzen diren pintzak erakutsi zituzten Alabamako mobilizazioetan, abortua legez kontrakoa izaten bada emakume askok erabiliko lituzketen teknika arriskutsuak gogora ekarriz. Sam Blakely Montgomeryko neska gazteak kazetariei esan zienez, «nik abortatu behar izan nuenean lege hau indarrean egon izan balitz, badakit bortxatu ninduen gizonaren umea izateko gauza ez nintzatekeela izango. Neure burua hilko nuen». 25 urte ditu eta orain bi urte bortxatu zuten. Orduan izan zuen aukera emakume guztiek izan dezaten, orain bera ateratzen da kalera protesta egitera.

Alabamak onartu duena AEBetan abortuaren aurka inoiz aurrera atera den araudirik «zorrotzena» da, kaltegarriena haurdunaldia eteten dutenentzat zein haurdunei laguntzen dienentzat. Abortua egiten duten medikuentzat 99 urteko kartzela-zigorrak aurreikusten ditu. Bi pertsona daude uneotan estatuan abortuak egiten eta bertan bizitzen, eta aurki horiek ere ihes egin beharrean senti daitezke, aurkakoen presioen eraginez.

Haurdunaldiak modu seguru eta legezkoan eteteari amaiera ematen diote abortuaren aurkako legeek, ez abortuari berari, Leana Wen Planned Parenthood erakundeko zuzendariak esplikatu duenez. Milaka emakumeren bizia mehatxupean jarriko da: «Iaz, mundu osoan 30.000 emakume hil ziren legezko abortu seguruaren aukera ez izateagatik, 1973 arte AEBetan urtero milaka emakume hiltzen ziren moduan».

Gainera, egungo egoera ere ez da lasai egoteko modukoa. Wenen datuen arabera, «emakume gehiegi bizi dira AEBetan abortu seguru eta legezkoak egiteko aukerarik ematen ez duten lekuetan». Pertsona horiek mediku zerbitzuak erabiltzeko aukerarik ere ez dute izaten. Eta paperik gabeko emakumeen kasuan, ia ezinezko da osasun zerbitzuak erabiltzea «Gobernu honen moralik gabeko politiken eraginez».

“Gizonak haurdun geratuko balira, abortuak gasolindegietan egingo lirateke”, irakur zitekeen emakumeen eskubideen aldeko Alabamako manifestarien pankarta batean, borroka eta umorea uztartuta. Martha Lehman 76 urteko manifestaria pozik zebilen, gaztaroko borroka berean, Washingtonen egindako protestaldian. Bilobak «mundu hobean» bizitzea nahi du, besterik gabe.

Honi buruzko guztia: AEB