2019 EKA. 01 Robot-lagunak genero ikuspegitik Olatz Arbelaitz eta Elena Lazkano Donostiako UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikertzaileak Beso-robot industrialek aspaldi dute presentzia lantoki eta fabrikazio kateetan. Etxeetan ere, gero eta arruntagoak dira modu autonomoan aritzen diren xurgagailu robotikoak. Eta berriei erreparatzen badiegu, gertu daude gurekin bizitza konpartituko duten robot sozialak edo robot-lagunak. Gurekin elkarreragiten duten edo gure erara portatzen diren izaki sintetiko hauek garatzea aspaldiko erronka da, zientzia fikzioa da horren ispilu. Baina zer eragin izango du robot sozialen iraultzak genero joeran? Edo, badu genero joerak eraginik robot hauen diseinuan? Robotak adimen artifizialaz hornitzen dira eta arrats ezaguna da adimen artifiziala sortzearen oinarrian jendartetik jasotako datuak eta pertsonak egonik, genero desbiderapenak desagerrarazi baino, hedatzen lagundu duela. Robotetan akats berberak errepikatzeko probabilitatea handia da, beraz. Robot-lagunek, ikasteko gaitasuna eta ahotsaren bidezko komunikazioa erakusteaz gain, gorputz bat ere behar dute. Robot sozialak izanik, pertsonok dugun portaeraren antzekoa izatea espero dugu printzipioz, baina antropomorfismo maila egokia bilatu behar da. Izan ere, haran kezkagarria (uncanny valley) izeneko hipotesiaren arabera, erreplika antropomorfoen itxura eta portaera gizaki erreal batenari gehiegi hurbiltzeak, gizakien artean gaitzespena eragiten du. Poliki-poliki plazaratzen ari diren robot-lagunak gehienbat zaintza eta zerbitzari funtzioetarako eraikitzen dira. Egungo jendartean rol horiek oraindik emakumezkoen ardura izan ohi dira eta horrek badu eragina roboten diseinuan! Robot mardul eta indartsuak gizon generoarekin lotzeko “ohitura” dago, horren adibide da Boston Dynamics enpresaren Atlas robota. Garbiketa, etxeko lanak edo zerbitzari lanak arintzeko diseinatzen diren robotak, aldiz, emakume kutsuarekin irudikatu genituen robotekin amesten genuenean eta emakume itxurakoak dira gaur egun ere. Ahotsari erreparatzen badiogu ere, robot-lagun horiek emakume ahotsa dute, ahots zerbitzariekin gertatu ohi den moduan. Aski ezagunak diren Siri, Cortana eta Alexak lehenetsitako ahotsa emakumezkoa dute, nahiz eta galdetuz gero onartzen duten ez direla ez emakume ez gizonezko. Beraz, argi dago robotetan ere estereotipoek bere horretan dirautela. Baina, beharrezkoa da robotek generoa adierazten duen ezaugarriak edukitzea? Zergatik esleitu generoa robotei? Egia da betebeharraren arabera robotari generoa esleitzeak gertutasun handiagoa sentiarazten digula eta horrek elkarrekintza errazten digula? Badira zenbait ikerketa diotenak zaintzarako robotek konfiantza maila handiagoa transmititzen dutela emakume ahotsa izanez gero, baina ez dugu uste robotikaren garapenak genero joera horretan sakondu beharko lukeenik. Robot-lagunek espresioak adierazteko ezaugarriak behar dituzte, baina horretarako generoarekin loturarik ez dutenak nahikoa izan daitezke. Pixarren “Luxo” film laburra da horren adibide. Flexo soil batek mugimendu egokien bidez nortasuna eta egoera emozionala adierazten ditu genero ezaugarririk gabe eta aurpegirik gabe. Roboten artean ere badira adibide egokiak. Adibidez, SoftBank-en Pepper humanoideak aurpegia badu baina generoarekin lotutako berezitasunik ez; berdina gertatzen da funtzio sozialerako diseinatuta dauden eta zakur, katu eta itsas otso itxura duten beste zenbait robotekin. Morfologiaz harago, egunerokotasunean laguntzeko eta gure bizi-kalitatea hobetzeko egingo baldin baditugu, nola eragingo dio roboten iraultza horrek emakumeen lan baldintzei? Zerbitzari lanetan, nekazaritzan, etxeetan robotak egongo badira, horrek emakumeen bizitza kalitatea areagotzeko balioko du edo berriro ere emakumeak kaltetuta aterako gara prozesu horretan? Horrelakorik gerta ez dadin dudarik gabe emakumeok parte hartu behar dugu robotikaren garapenean eta, oro har, teknologiaren garapenean. Zoritxarrez, hori urrun dago oraindik! •