GAUR8 - mila leiho zabalik

Sua


Pasa den astean San Joan gaueko suetan ibili nintzen familia eta lagunekin. Suak pizten ari ziren sorora iristerakoan, nire haur txikienak, bi urte dituenak, «uuuuuuu» bat bota zuen. Beldurtuta eta miretsita zegoen aldi berean. Ez zuen gehiegi gerturatu nahi, baina ezta handik alde egin nahi ere.

Suak badu ia ulertezina den xarma hori, ezta? Sortzailea eta suntsitzailea izan daiteke neurri berdinean. Jakina da gizakion eboluzioan funtsezkoa izan dela, beroa eta babesa eman zigun hasieran, baita ere elikagaiak kozinatzeko aukera ere. Baina gure ibilbidearen beste momentu batean ulertu genuen hura menderatuz hondamendiaren boterea izan genezakeela gure eskuetan.

Atabikoa da sua. Milaka urtetan haren inguruan eseri izan gara gizon eta emakumeok, gure balioak eta sinesmenak istorioen bidez eraikitzeko. Tribuaren indarra eta batasuna suaren inguruan eraikitzen zela badakigu. Horregatik, agian, sua ikusten dugunean, gure begiek dirdiraz hari begira egon behar dute, ia beste leku batera begiratu ezinda. Txikitan nire gurasoen kuadrillak Izaban borda alokatzen zuen udaberri partean, telebistarik gabe, mugikorren garaiaren aurretik. Helduek afalondoan hitz egiten zuten bitartean, orduak ematen genituen sutondoan anaiak eta biok suari begira bere dantzarekin liluraturik. Horregatik, nire alaba txikiaren beldurra eta harridura berehala ulertu nituen. Bien bitartean, gure bost urteko alaba eta bere lagunak makilatxoen bila aritu ziren piztutako sua elikatzeko. Bai, suak gure arbasoekin zuzenki lotzen gaitu eta berarekin dantzan jartzen gaitu.

Baina, sortzailea den bezala, suntsitzailea ere izan daitekeela ulertzen dugu. Eta agian horrek erakargarriagoa egiten du. Herriak menderatuak izan dira bere indarpean eta garai ezberdinetan boteretsuek arauak apurtzen zituztenak zigortzeko ere erabili izan dute. Esate baterako, urteko gaurik motzena ospatzeko suaren inguruan dantzan egiten zuten emakume asko inkisidoreek piztutako sugarretan erailak izan ziren. Ziurrenik ere hau izan daiteke eredurik paradigmatikoena. Suaren inguruan Deabruarekin paktua egiteagatik susmagarriak ziren emakume horiek guztiak suaren bidez zigortuak izan ziren ondoren. Eta garai horretan ere, orain dela lau mende, gizarte guztia San Joan gauean bezala, suaren handitasuna ikustera gerturatzen zen ikuskizun izugarri horretatik begiak ezin aldenduz.

Bai, suak badu ulertezina den xarma berezi bat. Su handi, ertain zein txiki baten aurrean guztiok antzeko sentimenduak bizitzen ditugu; beldurra, jakin-mina, indarra, handitasuna, eta abarrekoak. Bere indar, misterio eta handitasunaren bidez gure barneko instintu primitiboenak pizten dizkigulako izanen da agian. Edo, esan bezala, gure burmuin primitiboa pizten duelako eta kobazuloen garaiarekin zuzenean konektatzen gaituelako.

Arrazoia ez dakit. Baina agian horregatik, teknologia berrien garaian, smartphone, ordenagailu, Internet eta marrazki bizidunen garaian, nire alaba txikienak sua lehen aldiz gertutik ikusi zuenean inoiz entzun izan diodan «uuuuuuuu» sakonena bota zuen. •