GAUR8 - mila leiho zabalik

Profil-argazkia


Gizarte sareak edo sare sozialak grafo bat edo gehiagoren bidez irudikatu daitezkeen gizarte egiturak dira Wikipediaren definizioaren arabera. Sare horien azterketak garrantzi handia dauka gizarte zientzietan. Horrela lortzen da jakitea nola eta zergatik sortzen diren sare batzuk eta zer-nolako ondorioak izan ditzaketen, esate baterako, gaixotasun baten hedapenean.

Gizarte sareen mundu horretan oso ezaguna da “sei graduko jauzia” deritzona, ingelesez six degrees of separation. Teoria hori Frigyes Karinthy idazle hungariarrak proposatu zuen 1930ean idatzi zuen ipuin batean. Harrezkero, munduko bi gizaki, edozein, gehienez ere tarteko beste sei gizakiren bidez elkar-konektatu daitezkeela dioen teoria frogatzeko hainbat saiakera egin dira. 2011n Facebookek bere erabiltzaile guztien (721 milioi garai hartan) harremanak aztertu zituen. Ondorioa harrigarria izan zen, izan ere, azterketa horren emaitzak zioen kasuen %99,6an tarteko bost pertsona nahikoa zirela bi pertsona elkar konektatzeko, eta, kasuen %92an, tarteko lau pertsonarekin nahikoa zela konexioa egiteko. Hau da, batez beste, 4,74 pertsona. Beraz, zure lagun baten lagun baten lagun baten lagun baten bidez munduko edozein pertsonarekin jar zaitezke harremanetan.

Edozein! Eta edozeinekin ulertu behar dugu kontaktatu nahi duzun pertsona bat izan daitekeela, baina baita kontaktatu nahi ez duzun norbait ere! Bai, 7.500 milioi biztanle inguru daude munduan eta horietako edozein izan daiteke zure lagunaren lagunaren lagunaren lagunaren laguna. 7.500 milioi biztanle horietatik 2.400 milioi inguru Facebookeko erabiltzaileak dira, 1.500 milioi inguru Whatsappeko erabiltzaileak eta 1.000 milioi inguru Instagrameko erabiltzaileak. Sareok urruti ditugun pertsona maitatuak gertuago sentitzen laguntzen digute. Haiekin momentu gozoak konpartitu ditzakegu oso modu errazean argazkien eta bideoen bidez. Gertatzen dena da, ongi kudeatu ezean, ez direla haiek bakarrik izango argazki eta bideo horietara iristeko aukera izango dutenak. Askotan gure lagunen lagunek ere ikusi ahal izango dituzte, eta, gure lagunen lagunek “gustuko” badituzte, haien lagunekin konpartitu ahal izango dituzte, eta, horrela, segundo gutxi batzuetan, gure argazkiak mundu osoan zehar barreiaturik egon ahal izango dira.

Baina horretaz asko hitz egiten da eta ez da zehazki ni gaurkoan hona ekarri nauena. Hemen baldin banago, gehienbat, profil-argazkiengatik da. Izan ere, profil-argazkia kasu gehienetan publikoa da. Delako gizarte sareko gure txokoan jartzen duguna zeinek ikus dezakeen konfiguratu daiteke, baina profil-argazkia erabat publikoa da. Ni ez naiz Facebookeko erabiltzailea, baina, Interneteko bilatzaile batean “Facebook” eta “izen bat” jartzen baditut, izen horrekin dauden erabiltzaileen zerrenda agertzen zait bakoitzaren profil-argazkia erakutsita. Whatsappen, berriz, nire kontaktu guztien profil-argazkia ikus dezaket. Whatsappeko nire kontaktu asko lagun eta familiartekoak dira, baina beste asko ez ditut apenas ezagutzen. Agian haien dendan zerbait erosi dut noizbait eta Whatsapp bidez abisatu didate iritsi dela, edo nonbaitetik kontaktatu naute laneko proiektuez hitz egiteko, edo... Tira, kontua da, pertsona horien profil-argazkia ere ikus dezakedala. Eta ikaragarria iruditzen zait zenbatek erabiltzen duten profil-argazki gisa haien seme-alaben argazkia.

Gaztetxoei esaten diegu arretaz zaintzeko zer argitaratzen duten sarean. Bada, guraso edo legezko tutoreei dagokigu gure seme-alaben ohorea, norberaren eta familiaren intimitatea eta beraren irudia zaintzeko eskubidea. Eskubide garrantzitsua da esku artean daukagun hori eta ongi zaintzea dagokigu. Profil-argazki batek norbait identifikatu behar du, ez norbait horren inguruko beste inor, bere munduko pertsonarik garrantzitsuena bada ere. Izan ere, ez ahaztu lau urrats baino ez direla behar informazio hori munduko edozein pertsonaren eskuetara irits dadin. Teoria hutsa izan daiteke, baina gure seme-alaben irudia dugu jokoan. •