2019 URR. 12 infraganti HOGEITA HAMAR... ETA GEHIAGO: IKA Hiru hamarkada bete ditu IKA koordinakundeak euskararen irakaskuntzan, eta ikasturte hasi berrian buru-belarri dabiltza hogeita hamaIKAgarrena prestatzen. Urteurren hori dela eta, Gasteizko euskaltegi batera joan da GAUR8 bisitan, arduradun birekin euskara irakaskuntzaren oraina ez ezik, iragana eta etorkizuna ere hizpide. Xabier Izaga Gonzalez Aurten 30 urte beteta, IKA koordinakundeak hogeita hamaIKAgarren urteurrena ospatzeko hamaIKA ekitaldi eta orotariko jarduera antolatzen hasi da. Hori dela-eta, GAUR8, kuxkuxero, IKA Gasteiz euskaltegira sartu da goizeko zortzietan. Hainbat ikasgelatan eskolak hasi dira dagoeneko. Sarrerako lagunak behealdera jaisteko diosku, eta irakasle gela dirudien gune handian mugimendua dago. Irakasle bi hurreratu dira, Iñaki Barona eta Joxemi Reguero zuzendaritza taldeko kideak, nahi beste azalpen emateko prest, eta didaktika gelan esertzera gonbidatu gaituzte abegitsu. 30 urteko bilakaera IKAko euskaltegiek didaktika arlo indartsua dutela diote, darabilten metodo komunikatiboa dagoen aurreratu eta eraginkorrena dela. Bertako irakasleek profesionaltasunaren zorroztasuna eta militantziaren grina uztartzen dituzte. Euren lana gogobetegarria da: «Egun osoa jendearekin, irakasle eta ikasleekin harremanetan». Eta oso harreman onak sortzen omen dira, «harreman aberats eta aberasgarriak». Ikasle tipologiari dagokionez, asko aldatu da. Lehen motibazioa militantziari lotuagoa zen, hizkuntzarekiko maitasunari, alegia. Hala ere, gaur egun kasu askotan motibazio instrumentala afektiboa bihurtzen dela diote, «klasean gertatzen den mirari txikia da». Horretarako, jakina, ezinbestekoa da irakasleen lana. Batzuk tituluarekin itsututa iristen badira ere, behar izatetik nahi izatera igarotzen direla diote. «Azterketa gainditu nahi duzu? Bada, orduan, komunikatzen ikasi behar duzu», azaldu du Reguerok, «eta komunikazioaren eta harremanen munduan sartzen zaren unetik zailxeagoa da hau kaka zaharra dela pentsatzea». Helburu batekin iristen dira eta helburu hori lortuta ere, segitu egiten omen dute. Gaur egun euskararen ikaskuntza legedian jasota dago, eta hori ere aldaketa nabarmena da: «Orain dela zenbait hamarkada euskaltegiek, irakasteaz gainera, sustapen lana egiten zuten. Gaur egun ere bai, baina orduan ez zegoen instituzioen sustapenik. Orain legedia dago, eta euskalgintzan bertan horretan aritzen diren elkarteak. Gure funtzioa hori ere bada, baina batez ere eskaintzak erakutsi eta elkarte horien ekimenetara jendea bideratzea». Erronkak Hurrengo urteetan zer ikasle mota izango dituzten ekarri dugu hizpidera. Baronak dioenez, badaude zenbait «belaunaldi galdu»; esate baterako, 50 urte inguruko jendea, eskolan ikasi ez zuena. «Horiek erretiroa hartzen dutenean jende aktiboa izango dira, eta jende hori erakartzea da gure erronketako bat. Ez da erraza». Eta erronka nagusia etorkinak erakartzea dela dio, atoan bere hausnarketa agertuz: «Hasteko, ez dut ulertzen zer dela-eta ordaindu behar duten hemengo hizkuntza ikasteko. Gaztelaniaz ikasi nahi badute, ez dute sosik ordaindu behar». Reguerok dioenez, lagun horietako asko konbentzituta daude integratzeko benetako jauzi kualitatiboa euskara dela. Asko elebidunak dira, edo eleaniztunak: «Hizkuntza propioa dute, alboko herrikoekin hitz egiteko beste bat eta nazioarteko hizkuntza bat. Hemen gertatzen dena erraz ulertzen dute; beraz, gure hizkuntza eta gaztelania ikasi nahi dituzte». Doakotasuna eta finantzazioa Edonola ere, argi utzi nahi dute euskararen irakaskuntzak herritar guztientzat izan behar duela doakoa eta borroka horretan segitzen dutela. Horretarako aurrerapausoak ematen ari direla diote, baina, Baronak azaldu duenez, dirulaguntzak emaitzak ikusitakoan iristen dira, eta dirua aurreratu behar izatea sekulako traba da; egoera ekonomiko kaskarrean daudenentzat, gaindiezina. Gasteizko IKAk badu akordio bat Vital Kutxarekin traba hori arintzeko, oso egoera txarrean daudenentzat, baina horrek ez du arazo orokorra konpontzen. Reguerok finantzazioarekin lotu du auzia: «Nik uste dut konturatu direla, batetik, doakotasuna dela bidea, eta, bestetik, hemendik bost-hamar urtera finantzazioaren auzia konpontzen ez bada, euskaltegiok kinka larrian egongo garela». Euskaltegietako irakasleei legeak goi titulazioa eskatzen die: gradu ikasketak eta euskarako C-1 maila, EGA tituluaren baliokidea. Aparteko prestakuntza espezifikoa ere badute, gainera. Euren soldatak, baina, ez dagozkio prestakuntza horri guztiari, ezta euskaltegiko lan baldintzei, irakaskuntza arautuan baino ordu gehiagoko ordutegia baitute… soldata erdiaren truke. Irakasle batzuk laster erretreta hartzen hasiko dira, eta ez dute ordezkorik topatuko, «eta topatzen baditugu ere, ez dute astirik izango guk egindako lana beren gain hartzeko. Orain da momentua». Gazte askok behin-behineko lana dute euskaltegia. «Kontseiluaren proposamenean oso ondo uztartzen ziren doakotasuna eta finantziazioa», dio Reguerok, «kontua ez da irakaskuntza doakoa eta gu Gobernuaren aldi baterako laneko enpresa bat izango bagina bezala aritzea, baizik eta irakaskuntza doakoarekin batera, lan baldintza duinak izatea». Balantzea Hogeita hamar urte badira balantzea egiteko moduko epea, eta ez dute zalantzarik egin: oso positiboa. Esan beharreko erantzuna ote? «Ez da IKAren kontua soilik», diote irribarrez, «Araban euskarak izan duen bilakaera ikusi besterik ez dago». Baina horretan eurek ere eragin nabarmena izan dute. Datu bat eman dute: urtero ia 6.000 ikaslek ikasi dute Arabako euskaltegietan, erdiak-edo, IKAn. Herrialdeko bilakaera kalean islatzen dela dio Baronak: «Erabileran pausoak eman behar dira, jakina, baina ezagutzan oinarrituta, eta kuadrilla batean erdaldun bakar batek zenbateko pisu espezifikoa duen jakinda, eta horrelako asko daudela. Lehen aipatutako belaunaldi nolabait galduetan, adin batetik aurrera, portzentajea nola jaisten den ikusten da». Reguerok jarraitu du: «Hori esparru hurbiletan, kuadrilletan-eta, baina leku publiko batera bazoaz, traba handiagoak topatuko dituzu. Txillardegik berak esaten zuen euskarazko erabilera beti gaztelaniazkoa baino txikiagoa izango dela, guztiok gaztelaniaz badakigulako eta guztiek euskaraz ez dakitelako. Ezagutzak, masa kritikoak, %60tik gorakoa izan behar du benetan kalera atera eta edonorekin euskaraz egin eta erantzuna euskaraz espero ahal izateko. Hori urteetako lana da». Euskaraldia ekarri dute gogora: «Gauza sinplea izan da, identifikazio minimo baten bidez, ekintza xume horrek muga asko apurtu ditu. Ezagutzen ez genituen hainbat euskaldun ezagutu ditugu», dio Baronak. Eta hogeita hamaIKA urte barru...? Bat datoz biok: euskaltegiek bizirik jarraituko dute… zoritxarrez. «Zentzu batean zoritxarrez, munduan zehar jendea nola mugitzen den ikusita, beharrezkoak izango baitira». Kataluniako adibidea dakarte gogora. Katalan eskolak ematen jarraitzen dute, baina ez bertan bizi direnentzat: horiek badakite. • Hogeita hamaika urte ospatzeko programa luze eta askotarikoa Gasteizko Kafe Antzokiaren sustatzaileetakoa ere bada IKA, euskalgintzako beste hainbat eragilerekin batera. Abian da halako batean Ruiz de Bergara jauregiak bere baitan hartuko duen proiektua. Iñaki Baronak eta Joxemi Reguerok diotenez, udal talde guztiek 2008an proiektua garatzea onartu bazuten ere, alderdi batzuek trabak jarri dizkiote urteotan. «Guztiak ados jartzen direnean, malo, lau lagun eta hiru talo», dio Iñakik, «badira gauzak atzeratzeko moduak, baina hemen batzuk barrutik oztopatzen ibili dira». Bat dator Joxemi, eta atzerapen handiaren beste arrazoi bat gaineratu du: «Gasteizko gaitza ere bada; esate baterako, Los Herraneko autobus geltokia zenbat urtez izan zen behin-behinekoa? Eta kontu honetan, Kafe Antzokirako tokiak eskaintzen ibili dira horietan egitea ezinezkoa izango zela jakinda. Baina orain egin egingo dute, eta garrantzitsua da elkargune bat izatea, besteak beste jendeak elkar ezagutzeko toki bat. Edozein momentutan hara joan eta badakizu bertan dagoen jendearekin euskaraz egin dezakezula». Proiektuak duen beste zutabeak, Oihaneder Euskararen Etxeak, bost urtean egin duen ibilbidea txalotu egin dute: «Oso lan polita egin dute. Oihaneder kultura eskaintza da, eta hau kultur eskaintza gehi elkargunea izango da». Oihanederrekin, hain zuzen, gainontzeko euskaltegiekin, GEU Gasteizekin, mintzalagunekin partekatuko dituzte hamaIKA ekitaldi eta jarduera askotariko. «Urteurren honetan egin nahi duguna orain arte egin duguna da, baina indartuta eta beste taldeetara zabalduta. Guk antolatzen ditugun ekimenetan eurek parte hartzea eta eurek antolatzen dituztenak gure egitea nahi dugu, denak uztartuz. Esan dugun bezala, gure lana erakustea da, zer aukera dauden erakustea. Harreman horiek finkatu nahi ditugu, datozen urteetan eskaintza hori eskuragarriagoa izateko, eta elkarlana bultzatzeko». Urtero hainbat kultura ekintza antolatzen dituzte, beren ikasleei begira, eta orain publikoagoak egin nahi dituzte, euskalgintzan diharduten guztiekin batera. «Adibidez, interesgarria litzateke halako dokumentala Oihanederrera ekartzea, baina aurrekontuak ez du ematen. Orduan, ados jarri eta elkarrekin ekarriko dugu. Edo sukaldaritza tailerrak, batzuetan GEU Gasteizekoek egin dituztenak, gutxitan, garestiak direlako; bada, orain bion artean antolatuko dugu bat. Beste tailer batzuk geuk antolatuko ditugu; beste batzuetan bezala, baina, esate baterako, mintzalagunei ere zabalduak». Askoz jarduera gehiago ere aurreikusita dauzkate, beste euskaltegiekin eta gainerako eragileekin batera: mendi txango bat, hitzaldiak, pintxo-poteak, zinema emanaldiak... Abenduan kontzertu bat ere eskaini nahi dute, Joseba Tapia ekarrita, beharbada esateko goizegi bada ere. Eta ikasturte amaierarako, jai handi bat. Momentuz, “Araban da, bai, baina…” lehiaketa antolatu dute “Alea” Arabako aldizkarian agertzen hasi diren Arabako zenbait lekutako argazkien gaineko galderak asmatzeko. Zorionak, beraz, IKA. «Ez dut ulertzen zer dela-eta ordaindu behar duten etorkinek hemengo hizkuntza ikasteko. Gaztelaniaz ikasi nahi badute, ez dute sosik ordaindu behar» «Ezagutzak, masa kritikoak, %60tik gorakoa izan behar du benetan kalera atera eta edonorekin euskaraz egin eta erantzuna euskaraz espero ahal izateko. Urteetako lana da»