2019 URR. 26 IKUSMIRA HERRIAK BETI SALBATZEN DU HERRIA Amagoia Mujika Telleria Aita Mari ontzia bidean da, Mediterraneoko heriotzaren korridorera bidean. Jose Maria Zubia Zigaran marinel eta arrantzaleak eman dio izena proiektuari. Zumaiarra Aita Mari bezala zen ezaguna eta hark itsasoan egindako salbamenduak sonatuak ziren, ekaitza zegoenean hainbat marinel eta arrantzale itsasotik bizirik ateratzea lortu zuelako. «Herriak beti salbatzen du herria», esaten omen zuen Aita Marik. Ezin geldirik egon itsasoaren zakarrak norbait arrastaka zeramala ikusten zuen bitartean. Gizalegea. Batzuek piztuago eta besteek itzalxeago izaten dute gizalegea. Batzuek aiseago begiratzen dute beste aldera. Mediterraneoko drama hain da latza, hainbeste bizitza irentsi ditu itsasoak, hain da gogorra egunerokoa, hain urrun ikusten da irtenbidea, hain zurrun daude politikariak, errazena beste aldera begiratzea litzatekeela. Errazagoa da dramei bizkarra emanda lo egitea. Baina lehen Aita Mari zen bezala, orain ere bada herria salbatu nahi duen herria, beste aldera begiratu ezin duena. Bidean da Aita Mari. Ezingo ditu bizitzak erreskatatu itsasoan, giza laguntza emateko baimena bakarrik dauka. Oraindik ikusteko ortzadar asko dituztenei duintasuna erreskatatzen laguntzen badie sikiera. Amagoia Mujika Telleria