GAUR8 - mila leiho zabalik
Elkarrizketa
Leire Elizegi eta Amaia Irazusta
bizipozako koordinatzailea eta talde eragileko kidea

«Ez banauzu ezagutzen, ez baduzu nire errealitatea ezagutzen, ez nauzu inoiz onartuko»

Batzuetan bizitzak zangotrabatu egiten zaitu. Gaixotasun bat ekartzen dizu parera, ezintasunen bat lotu, diskriminatua izateko arriskuan jarri, ulertzen ez zaituen jendarte batean paratu, zuloak egin. «Zergatik niri» fasea gaindituta, arazoak baino irtenbideak indartsuago ikusten dituzten 35 elkarte batzen ditu Bizipozak. Sare horren inguruko dokumental bat eta elkarte bakoitzari buruzko mikrodokumentalak osatu dituzte, jendartearen bistara ateratzeko.


Euskal Herriko Elkarteen plaza da Bizipoza, elkarteen elkartea. «Umeekin edo umeen eskubideen alde lan egiten dugun elkarteak gara eta beti euskaraz lan egiten dugu. Horrek batzen gaitu», hasi da azaltzen Amaia Irazusta. Bizipozako talde eragileko kidea da, baita Pausoka elkartekoa ere.

Guztira, egun, 35 elkartek osatzen dute sarea. Bakoitzak bere errealitatea, bere beharrak eta zuloak dauzka, baina denak batzen dira «nahi eta helburu berdinen bueltan». Leire Elizegik, Bizipozako koordinatzaileak, zehaztu duenez, ideia nagusi bat da Bizipozaren motorra: munduak guztiontzat beharko luke. Baina, gaur-gaurkoz, ez denez denontzat, «pertsona guztien eskubide guztiak bermatuak izango dituen Euskal Herri inklusibo bat eraikitzea» jarri dute eginbehar.

Elkarte hauen helburu nagusietako bat jendarteak ikus ditzan da. Ikusi, ezagutu, haien errealitatea ulertu, haien egoerara lotu, jendarteratzen lagundu. Bide horretan josi dute “Gure Bizipoza, guztiona” dokumentala, hogei minuturen bueltako lana, eta elkarte bakoitzaren dokuweba, bizpahiru minuturen bueltako 33 mikrodokumental. Egunerokoan behar bereziagoak eta ugariagoak dituzten haurren eta familien azalean edota diskriminazio arriskuan daudenen azalean jartzen laguntzen duten lanak dira. Oraintxe ari dira Euskal Herrian barna aurkezpen lanetan eta dagoeneko Bizipozaren web orrialdean ikus daitezke lan guztiak (www.bizipoza.eus).

Arena ekoiztetxeak josi du lana eta finantziazioa Danobatgroup taldeak bultzatu du. «Egia esan proiektua hasieratik oso berezia izan da. Danobatgroupek ‘Elkarrekin Eragin’ egitasmoa jarri zuen martxan eta kooperatibako bazkideei eman zien aukera proiekzio soziala duten proiektuak proposatzeko. 1.300 bazkideren artean erabaki zuten konpromiso soziala nola bideratu eta haiek aukeratu zuten Bizipozaren proiektua bultzatzea. Guretzat hori bera, bazkideek aukeratutako proiektua izatea, benetan berezia eta pozgarria da», zehaztu du Leire Elizegik.

Mundua, guztiontzat

Munduak guztiontzat beharko luke. Horixe, Bizipozaren motorra. Baina, noiz konturatzen da bat mundua ez dela guztiontzat? «Edozein arrazoi dela-eta desberdina sentitzen zarenean, mundua berdinentzat eraikia dagoela konturatzen zara. Molde horretan kabitzen ez zarenean, zure eskubideak urratu egiten dira eta hor hasten dira zure aldarrikapenak. Bizipozan elkartu gara urraketa horien arrazoiak desberdinak izan arren, eskubide horiek lortzeko bidea antzekoa delako. Batak bestearekin ikasi egiten dugu eta, gainera, batzuk besteekin elkartzen garenean, indartu egiten gara». Irazustak, garbi dauka.

Bizipozaren magalean batu diren elkarteak askotarikoak dira, tamaina desberdina dute, hutsune propioak, helburu jakinak, oztopo zehatzak. Baina, bidean topatu dira. «Gizartean dagoen gabezia baten ondorioz sortu gara elkarte guztiak, gure eskubideak urratuak izan direlako. Txikiak zein handiak izan, garbi dugu bidea. Kasu gehienetan, erakundeek egin behar duten lana egiten dugu elkarteok, gure gain hartzen dugu zama hori, gure haurren eskubideak betetzea nahi dugulako. Eskubideak exijitzen ditugu, ez dugu karitaterik eskatzen», jarraitu du Irazustak.

Bada, hala ere, batzen dituen beste tasun bat. «Zuk ez duzu erabakitzen non eta nola jaio, zein genero izan edo sentitu, nor maitatu, gaixotasun bat izan edo ez... Horiek egokitu egiten zaizkizu eta ezin dituzu aukeratu, baina bai aukeratu dezakezu horien aurrean zein jarrera izan. Bizipozan elkartzen garen elkarteen ezaugarrietako bat hori da: jarrera positiboa dugu. Zailtasunak ditugu egunerokoan eta batzuetan haserretu egiten gara, baina saiatzen gara bizitzaren alde positiboei eusten, elkartzen eta aurrera egiten. Baikortasunetik egiten dugu lan eta hortik elkartearen izena: Bizipoza», berriz, Irazustak.

Aniztasuna. Hitzetik hortzera dabilen hitza izanagatik, «gure mundu honetan aniztasuna kabiarazteko tresnarik» ez dagoela garbi dute Bizipozan. Hortik beren borroka.

«Orokorrean iruditzen zait desberdintasuna ez dugula erraz onartzen. Errazago eta erosoago moldatzen gara berdinen edo antzekoen artean. Baina aniztasunean bizi ahal izateko desberdintasunak onartu behar ditugu, hori da lehen urratsa».

Elizegik gehitu duenez, «desberdintasunak onartzeko lehendabizi ezagutu egin behar ditugu. Gure dokumentalaren eta dokuweben aurkezpenetan behin eta berriz errepikatzen ari den egoera da. Jendea hurbiltzen zaigu esatera ez zituztela errealitate horiek ezagutzen. Askotan, ondo-ondoan izanagatik, ez ditugu errealitate desberdinak ezagutzen. Eta zerbait onartzeko, errespetatzeko, lehendabizi ezagutu egin behar da».

Tresna oso baliagarria

Horregatik, jendartean ikusgarritasuna beharrezkoa dutelako, dokumentalak eta dokuwebak arnasa emango dietela garbi daukate. Irazustaren esanean, «tresna oso baliagarriak dira guretzako. Gure errealitatea plazaratzeko baliabide oso-oso aberatsa. Dokumental orokorra garrantzitsua da, guztiok gaudelako bertan eta elkar aberasten dugulako. Baina, gero, elkarte bakoitzari buruzko mikrodokumental horiek ere benetan baliagarriak dira elkarte bakoitzarentzat. Gaur bertan ikastola batean egon naiz Pausoka elkartea zer den azaltzen eta mikrodokumentala erabili dut horretarako. Tresna bikaina da guretzako eta gure kabuz ezingo genukeen egin. Elkarteek bideratzen ditugun ekintza guztietan horixe da helburu nagusia: gerturatu zaitez eta ezagutu nazazu. Izan ere, ez banauzu ezagutzen, ez baduzu nire errealitatea ezagutzen, ez nauzu inoiz onartuko».

«Behin errealitate horiek ezagututa, zure aukera da beste aldera begiratzea edo ez. Baina gure helburua da elkarteen errealitatea ezagutzera ematea da, lehen lerrora ekartzea», gaineratu du Elizegik.

Bizipozako elkarteek beren beharrak asetzeko lan eta borroka egiten dute egunez egun, baina bere ekite horretan, jendartea aberasten dute. «Adibidez, aniztasun funtzionala duten haurren kasuan, zalantza handienetako bat izaten da haur horiek ohiko eskoletan integratzea edo eskola berezietara bideratzea. Ohiko eskoletara joaten direnean, gainontzeko haurrekin batera, beren ingurukoei erakusten ari gara haurrok jendartearen parte direla, ez daudela apartatutako eskola berezi batean gordeta. Hori txikitandik lantzen baduzu, haur horiek helduak direnean kontuan izango dituzte aniztasun funtzionala duten haurrak. Zergatik? Ba beren egunerokoan presentzia izan dutelako. Ezagutza eta elkarbizitza bultzatu behar ditugu», iritzi dio Irazustak.

Adibidez, eskola kirolean, musika eskolan, kiroldegiko jardueratan edota udako eskaintzetan, haur guztientzako tokia al dago? «Aurkezpenetan askotan esaten diet haurrei. Zuen buruhaustea udan surfa edo arrauna aukeratu beharra izaten da, ezta? Ba badira haur asko udako eskaintza horietatik kanpo geratzen direnak». Alegia, pareta asko daudela oraindik botatzeko.

Hori gutxi ez eta gaixotasun ezohikoak dituztenak edo aniztasun funtzionala dutenek behar dituzten terapiak ez dira inondik inora poltsiko guztien neurrikoak. «Askotan familiek ez dute baliabiderik beren haurren beharrak ase ahal izateko. Eta eskubideez ari gara. Haur horiek behar dituzten terapiak eskuratzeko eskubidea daukate eta familiek ez dute zertan ero moduan ibili behar zuloak tapatzen», gaineratu du Elizegik.

Familiek, gainera, buelta asko eman behar izaten dituzte, ate asko jo behar izaten dituzte eta burokraziaren izenean alferrikako buelta asko eman.

«Medikuntzan aurrerakuntza garrantzitsuak eman dira eta haur horien bizi kalitatea hobetu egin da eta bizi itxaropena luzatu. Baina baliabidetan aurrerakuntzak ez dira medikuntzaren neurri berean eman eta hutsuneak gero eta nabarmenagoak dira», salatu du Irazustak.

Informazioa, esperantza, zerbitzuak, normalizazioa, integrazioa, sentsibilizazioa, pazientzia, hormak hausteko indarra. Dokumentalean eta mikrodokumentaletan behin eta berriz entzuten diren hitzak dira, esaten dituztenen ahotan sinesgarritasun zorrotza hartzen dutenak.

«Nire helburua, Pausoka, elkarte bezala, desagertzea da. Helburua da erakunde publikoek gure beharrak asetzea eta guztiok kabitzeko moduko mundua eraikitzea. Hori ziurtatuta balego, ez genuke existitu behar», bukatu du zorrotz Amaia Irazustak.