2019 ABEN. 28 analisia Neofrankismoari stop hirutan Hauteskunde urtea izan da 2019 hau: hiru aldiz jarri dira hautetsontziak Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan eta hiru kasuetan neofrankismoa garaitua izan da; hurrenez hurren, Maroto, Esparza eta Abascalek irudikatzen dituzte porrotok. Apiriletik hasita... Ramon SOLA Urte guztiek beren neologismoak ekartzen dituzte. Trifachito izan zen gehien entzundako hitza apirileko hauteskundeen bezperetan. Harro-harro ari ziren eskuz esku PP, Cs eta Vox, Madrilgo Colon plazan otsailean erakutsi zutenez. Eta bazuten horretarako arrazoirik. Ustekabean 2018ko abenduan Andaluzian lortutako garaipena ez zen oilartuta izateko zuten datu bakarra; apirileko hauteskunde horiek deitzeko Pedro Sanchezen erabakiak berak frogatzen zuen Estatuko agenda eskuinak idazten zuela. Katalunian elkarrizketa bideak marrazten hastea nahikoa izan zen eskuinak eta ultraeskuinak elkartuta oldarraldia abiatzeko, legealdia bortizki bukaraziz. Trifachito-a beste neologismo batek olioztatu zuen: “Errelatorea”, Kataluniako balizko elkarrizketa haietarako fede-emailea, alegia. Colongo argazkiaren eskutik birkonkista zetorrela-eta, Euskal Herriak bazuen zeresanik. Hori horrela, apirilaren 28an, hautetsontzietan izandako mobilizazioa nabaria izan zen goizean goizetik, eta, itxuraz, bere garaian frankismoari aurre egin zioten belaunaldi helduenek eman zuten ere neofrankismoari atea ixteko urratsa. Izan ere, nahiko arrotz egiten ohi zaizkigun hauteskunde estataletan Estatu osoaren pareko parte hartzea izan zen, %75ekoa alegia. Estatu osoan gehiengoa eskuratzetik gertu geratu zen trifachito-ak hondoa jo zuen Euskal Herrian, lau indarren artean (UPN barne, aurreraxeago azalduko dugun moduan) emandako botoen %20 baino ez zituztelako batu. Zehazki, 1.657.163 lagun joan ziren hautetsontzietara eta 300.000 baino gutxiagok egin zuten neofrankismoaren alde: 107.619 boto bildu zituen Navarra Sumak, 95.177 PPk, 46.068 Voxek eta 40.467 Ciudadanosek. Datu argigarri bat emateagatik, Unidas Podemosek baino atxikimendu gutxiago lortu zituzten (293.203). Eserlekuetan are adierazgarriagoa izan zen porrota, lehenbizikoz EAEn diputatu bakar bat lortu gabe gelditu baitzen eskuin espainiarra, PPk Bizkaia zein Arabakoa galdu eta gero. Javier Marotoren aurpegia izango du ikur betiko gau horrek, Gasteizko alkate ohiak beste inork baino hobeto gorpuztu zuelako trifachito-aren izpiritua eta, aldi berean, euskal antifaxismoa pizteko gaitasuna. Kanpainan, Madrildik oso txalotua izan zen, eta ez soilik eskuinetik, Iñaki Ruiz de Pinedo EH Bilduko hautagaiarekin izan zuen ika-mika ‘‘El Correo’’-k antolatutako eztabaidan, sutsuki «koldarra» eta «zaborra» izatea aurpegiratu baitzion. Horregatik are gozoagoa izan zen 236 bozen aldearekin Pinedok Marotori aurrea hartu izana, eta are lotsagarriagoa PPkoak segituan Madrilen eserleku bati eusteagatik Segoviako Sotosalbos herria bizitoki hartu izana. Trifachito apirileko hitza izan bazen, eta Maroto hilabeteko pertsonaia, tokia Sotosalbos berarekin batera Altsasu izan zen. Bi arrazoirengatik. Batetik, eskuineko indar horien metaketa berez ez zelako Madrilgo Colon plazan sortu, dezente xumeagoa den Altsasuko plazan baizik. España Ciudadana plataforma aterki gisa erabiliz, 2018ko azaroan bertan bildu ziren elkarrekin lehenbizikoz PP, Cs eta Vox, «Guardia Zibilaren alde». Eta bestetik, bertako Adur Ramirez de Alda gazte espetxeratuaren ama den Bel Pozuetak emaitza ikaragarria lortu zuelako apirilaren 28 horretan, EH Bilduko Nafarroako zerrendaburu gisa: 46.765 boto haiek, ordea, ez ziren nahikoa izan Kongresura iristeko, trifachito-a gelditzeko asmoz ere PSOEk zein Unidas Podemosek boto ugari lortu baitzituzten, Nafarroako bost eserlekuen banaketa inoiz baino garestiago jarriz. Bi kolpe gehiago Eskuin espainiarrak Euskal Herrian lortutako bi diputatu (eta hiru senatari) bakarrak Nafarroan lortu zituen. Beraz, pentsa liteke Nafarroan behintzat emaitza txukuna atera zuela... baina ez, hori ere ez. Zama astuna hartu zuen UPNk helburu horrekin: bere siglak Navarra Suma koalizioan urtzea eta bere ustezko sustrai nagusia (foralismoa) antiforalismoaren aitzindari den Ciudadanosekin nahastea. Hauteskunde beharrak bultzatuta (ez apirilekoak jakina, maiatzekoak baizik), espero gabeko mugimendu bikoitza/hirukoitza egin zuen Javier Esparzak. Alderdiaren jarduna ikusita zentzuduna bazen PPrekin akordioa lortzea, baina ez Albert Riveraren alderdi hiperzentralista ere elkargunera batzea. Eta bistakoa zen Vox Nafarroan alde batera geratu zela irudikatu arren, Estatu mailan ultraeskuinak PP eta Cs alderdiekin zuen hurbiltasunak, zeharka-edo, cuatrifachito-a sortzen zuela Nafarroan. Hauteskunde eguna helduta, benetan batu al zuen Navarra Sumak? Ez ote zuen batu baino gehiago kendu? Sinesgarritasun politikoan galera nabaria ekarri dio UPNri, eta boto kopuruan aurrekoaren pare geratu da. Nekez gainditu zuen 100.000 bozen langa, Aznarren garaian 150.000koa gainditu ostean. Eta errealitateak are gogorrago jo zuen Esparza hilabete eskas geroago, maiatzaren 26ko foru eta udal hauteskundeetan, Navarra Sumaren helburu nagusi eta bakarra, Nafarroako Gobernua birkonkistatzea, ez baitzen gauzatu. Perspektiban begiratuta, gainera, PSNrekin nafar erregimena berrosatzeko bidean kaltegarria bilakatu zaio UPNri hain bidaide desegokiak hartu izana. Altsasutik Altsasura Iruñeko alkatetza ozta-ozta berreskuratu izana (baita Tutera, Barañain, Lizarra eta beste udal ugari ere), kontsolamendu eskasa da UPNrentzat. Eta hauteskunde emaitzetatik haratago, are kezkagarriagoak dira alderdi foralistarentzat lerrokatze politikoetan 2019 honek ekarri dituen aldaketa sakonak, PSNko Maria Chiviteren Gobernua ahalbidetu dutenak, hain zuzen ere. Eta Vox? Apirilaren 28an Euskal Herrian nabarmendu ez bazen, azaroko bigarren hauteskunde estataletan ere ez. Tarte horretan, Estatu mailan milioi bat boz berri lortu zituen Santiago Abascal amurrioarrak; Euskal Herrian, aldiz, mila gehiago soilik. Izan ere, oraindik hirugarren zartako bat hartuko zuen eskuin espainiarrak 2019an; azaroak 1oekoa. Bizkaian PPk eserlekua partidaren luzapenean urratu arren, Euskal Herrian norgehiagoka galduta duela berretsi da. Eta pare bat albiste txar gehiago jaso ditu: Araban Maroto ez zen arazo bakarra eta Nafarroan, oraingoan bai, Pozueta Kongresuan da. Altsasun abiatu nahi izan zuten birkonkista Altsasun ere amesgaizto bilakatu zaie.