2020 URT. 04 Elkarrizketa Aitziber Zapirain Antxeta irratiko koordinatzailea «Informazioaren trataera zazpi probintzia biltzen dituen Euskal Herri euskaldun batean, beste modu batean egin behar da» Duela ilabetetsu abiatu zen Antxeta2 Irratia, Euskal Herriko zazpi lurraldeak hurbiltzeko asmoz. Irratiaren koordinatzaile Aitziber Zapirain irrati berriaren nondik norakoez mintzatu zaigu. Xabier Izaga Gonzalez Bidasoa Beheretik, Euskal Herrira. Aspaldiko asmoa zuen Antxeta irrati komunitarioak Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako eguneroko informazioa gainontzeko herrialdeetara ere helaraztea, Euskal Herriko zazpi lurraldeak hurbiltzeko, baina proiektuak luze jo du, oztopo ugari gaindituta, gauzatu arte. Iragan abenduaren 1ean egin zuten uhinetako jauzia eta abian da Antxeta2 Irratia Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan legezko frekuentziak dituen lehen irrati komunitarioa da Antxeta2; Nafarroan, berriz, bigarrena. Edonola ere, bere programazioa beste irrati komunitarioekin elkarlanean osatzen du: Euskal Irratiekin –Antxeta Ipar Euskal Herriko irratien federazioko kide baita–, Arrosa Euskal Herriko irrati libreen sarearekin eta Radiokultura Internet bidezko irratiarekin. Informazioa euskaraz entzuteko eta «Euskal Herria bere osotasunean» ezagutzeko aukera eskaintzen du irrati berriak, Aitziber Zapirain Antxeta Irratiko koordinatzaileak dioenez. Abenduaren 1ean Euskal Herri osoan hasi zineten. Bai, baina, zehazte aldera, Hego Euskal Herri osoan baino, lurralde horietako hiriburuetan. Historikoki, Antxeta Irratia Entzun Ikus elkarteak eta Pausu Media elkarteak sortu zuten. Entzun Ikus elkartea Gure Irratia da, azken batean, Lapurdiko irrati historikoaren kudeatzailea, eta hark Pausu Mediarekin batera gogoeta bat egin eta Bidasoa Beherean hutsune bat zela ikusi zuen: euskal hedabide bat sortzea, hain zuzen, eta, irratigintzan ari zirenez, irrati elkarte euskaldun bat sortzea. Horrela sortu zen Antxeta Irratia, 2002. urtean. Handik zenbait urtera, 2012an, Patxi Lopez lehendakari zela, Gasteizko Gobernuak frekuentzia batzuk atera zituen lehiaketa batean eta Antxeta Irratiak pentsatu zuen, «zergatik ez eman jauzi bat?», betiere, kontuan hartuta deialdi hartara ez ginela guk nahiko genukeen baldintzetan aurkeztuko, ez baitzen irrati komunitarioentzako deialdia, pribatuentzako baizik. Baina guk lehentasuna eman genion irrati frekuentzien mundua gehiago euskalduntzeko aukerari eta horrekin batera pentsatu genuen Donostian bazegoela publiko bat Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aktualitatea jasotzeko gosez. Horrela hasi zen gogoeta, frekuentzia lortu genuen arte. Antxeta Irratiaren eduki asko Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Boza eta Amikuze Irratiarekin partekatuak dira, ezta? Antxetak programazioaren %80 Euskal Irratiak Ipar Euskal Herriko irratien federazioko kideekin batera ematen du, eta, horrez gain, programazio lokala du. Antxeta2 Irratiarekin beste hutsune bat betetzen saiatzen ari zarete, Euskal Herri osoari zegokiona, ezta? Bai. Ideia garatzeko jauzia egin genuen Bilbo, Gasteiz eta Iruñera, abenduaren 1ean gauzatu dena, eta azken batean programazioarekin edo eskaintzen dugun zerbitzuarekin, Euskal Irratiekin, Arrosa sarearekin eta Radiokultura Internet bidezko irratiarekin elkarlanean, Antxeta2 Irratiaren programazioa osatzen dugu. 2012an aurkeztu zineten Gasteizko Gobernuaren deialdira. Zer dela-eta luzatu da Antxeta2 Irratiaren sorrera hainbeste? Arazoak izan ziren. Gasteizko Gobernuak frekuentziak esleitu zituen, baina gero atzera egin zuen. Donostiakoaz ari naiz, eta gero beste prozesu bat izan da. 2016an jaso genuen prozesu hartan abiatu zen istorio haren behin betiko erantzuna, eta geroztik guk poliki-poliki aurrera egitea erabaki genuen. Arrosa sareak eta, beraz, zuek ere, Hego Euskal Herriko irrati komunitario guztien edo komunikazioaren hirugarren sektorearen egoera konpondu beharra aldarrikatzen du. Bai. Arrosa Euskal Herrikoa da, baina badago mundu mailako erakunde bat, Amarc Komunitate Irratien Munduko Elkartea, eta bertako kide ere bada Antxeta aspaldi luzetik. Elkarte horren diskurtsoa gureganatu genuen, zeren hura entzun eta berehala esan genuen: «Hori gu gara, guk egiten dugu hori». Hirugarren sektoreak herri komunikabideak biltzen ditu. Gu ez gara irrati pribatu bat, ez gara irabazi asmoko irrati pribatua, ez gara irrati kate publikoa, baina zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu, eta hori da gure izaera, ezaugarritzen gaituena, eta horregatik gara hirugarren sektorearen parte. Irrati komunitario guztien legalizazioa aldarrikatzen duzue. Euskaldun bezala, alde batetik, informazioa euskaraz jaso ahal izateko eskubidea bermatzea aldarrikatzen dugu, eta, beste batetik, komunikabideen sektorearen demokratizazioa. Badakigu frekuentzien mundu horrek nola funtzionatzen duen ulertzea aski konplexua dela, baina guk esaten dugu bere konplexutasun horretan herri komunikabideei leku bat eman behar zaiela. Hego Euskal Herrian 30 komunitate irrati daude. Hori da, gainera Euskal Herrian ezin ginen denak berdin izan. Badago lege bat Iparraldean eta beste bat Hegoaldean. Ipar Euskal Herrian legalak dira herri irratiak aspaldi luzetik, ez? Bai, Iparraldean, 80ko hamarkadan, Mitterrand presidente zela, egoera berezi horrekin bukatu zuten eta les radios pirates esaten zietenak legeztatu zituzten, Euskal Herrian irrati libre bezala ezagutzen direnak. Horrek baditu bere alde onak; izan ere, Estatuak laguntzen dizu; hala ere, irrati bat sortu eta abian jartzea ez da hain erraza. Baina legez arautua egoteak alde on gehiago ditu txarrak baino, nahiz eta gero baimen guztiekin irrati bat sortzera iristerainoko prozesua luzea den. Abiatu berri duzuen irratiak Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako gaurkotasunaren berri emango du Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Bai, informazioa partekatu nahi dugu, Ipar Euskal Herritik Hegoaldera eramanez. Egia esan, terminologia hori ez zait gehiegi gustatzen, “ipar-hego”, alegia, baina bestela zaila da behar den bezala hori komunikatzea. Eta, esan bezala, programazioa Arrosa sareko magazinarekin eta Radiokulturako musikarekin osatzen dugu. Gutxi gorabehera programazio parrila orokor bat osatu dugu, kalitatezko programazioa ukan ahal izateko, Euskal Herrian irratigintzan ari direnekin elkarlanean. «Ipar-hego» terminologia ez zaizula gustatzen esan duzu. Bien arteko muga horrek pisu handia du? Bai, bai, horregatik ahalegintzen gara hizkuntzaren erabilera egokia egiten; esate baterako, “mugaz gaindi” edo “ipar eta hego”, hain zuzen ere, saihesten. Baina, zoritxarrez, nik uste dut euskaldunok oso barneratua daukagula “ipar eta hego” hori, hitz egiteko momentuan behintzat, eta zer esanik ez kulturalki. Esandako erabilera egoki hori asko landu behar dugula uste dut; bestela, azkenean gu geu ari gara muga sortzen, edo indartzen. Irrati mundua gero eta euskaldunagoa al da? Horretan saiatzen gara. Nik esango nuke ohiturak aldatu beharko liratekeela. Alde batetik, jendeak irratian zapping egiteko ohitura galdua daukala uste dut. Irrati bat sintonizatzen dugu eta hor gelditzen gara, eta nik uste dut zapping egingo bagenu, ohartuko ginatekeela oso presente dauden irrati kate handi horietatik haratago lan duin eta ona egiten duten irrati asko daudela. Urola-Kostara bazoaz, hor dauzkazu Azkoitiko Kontrako Eztarrixe eta Zarautzen Arraio Irratia; Errenteriara bazoaz, Radio Maria eta Euskadi Irratiaz aparte baduzu Zintzilik Irratia; bazoaz Gasteizera, eta hor Hala Bedi dago... Kalitatezko eskaintza zabala, beraz. Niri iruditzen zait, kontsumitzaile bezala ikusita, sekulako eskaintza dugula, eta hori lantzea neurri batean guri dagokigu, zapping eginez, telebistan edo Youtuben egiten dugun bezala irratian ere eginez. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoaren zer-nolako ezagutza dago beste lurraldeetan, topikoetatik haratago? Nik esango nuke gaur egun, zoritxarrez, oso momentu puntualetan iristen dela hemengo berri, eta kasu askotan oso modu folklorikoan. Nire ustez, horrela egiteak ez du batere laguntzen nazio kontzientzia bultzatzeko eta Euskal Herria bere osotasunean ezagutarazteko norabidean. Gainera, esango nuke ezjakintasun hori alde bakarrekoa dela; alegia, iruditzen zait Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak beste hirurei dagokienez ezjakintasun handia daukatela eta alderantziz ez dela hori gertatzen, edo ez da hain neurri handian gertatzen. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan oso ohikoa da beste lurraldeetako informazioa jasotzea; lurralde horietan, berriz, beste hiruretako informazioa jasotzea beti dago gertakari zehatz bati lotuta, eta askotan gertakari hori aldi berean Frantziari lotutakoa izaten da. Nire ustez, informazioaren trataera Euskal Herri euskaldun batean, zazpi probintzia biltzen dituen Euskal Herri batean, beste modu batean egin behar da. Badago ongi egiten duenik, e? Baina uste dut kontuz ibili behar dela horrekin. Abendu hasieran hasi zen Antxeta2. Zer-nolako hasiera sumatu duzue? Han-hemenka ongietorri mezuak jaso ditugu. Nik uste dut jendeak baikor hartu duela. Horrelako irrati baten sorrera euskararen aldeko bultzada bat ere badela uste dut. Eta zenbat eta irrati gehiago, hainbat hobe, ez? «Lehentasuna eman genion irrati frekuentzien mundua gehiago euskalduntzeko aukerari eta pentsatu genuen bazegoela publiko bat Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako aktualitatea jasotzeko gosez» «Zapping egingo bagenu, ohartuko ginateke oso presente dauden irrati kate handi horietatik haratago lan duin eta ona egiten duten irrati asko daudela»