2020 URT. 25 IKUSMIRA POLITIKOA DA, LABORAL ETA SOZIALA BAITA Xabier Izaga Asteon Olaberrian eta Sunbillan izandako lan ezbeharrak ez dira aurtengo zazpigarrena eta zortzigarrena izan, zazpigarren eta zortzigarren hildakoak utzi dituztenak baizik. Hiru aste pasatxoan. Batzuek –tartean ni– hilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen greba orokorrarekin bat egiteko zortzi motibo potolo gehiago direla uste dute. “Lana, bizitza eta pentsio duinak” goiburupeko grebaren alde agertu diren sindikatuei haren izaera politikoa egotzi diete EAJ, Elkarrekin Podemos, PSE eta PP alderdi politikoek. Eta ez dute arrazoirik falta, grebaren izaera laboral eta soziala delako. Jakina da alderdi horiek grebaren izaera hori lausotzeko esan dutela hori, baina arrazoi dute eta, horrela, ageriago utzi dituzte grebarekin bat egiteko arrazoiak. Madrilen, Gasteizen zein Iruñean, administrazio batean zein bestean, nork egiten ditu lan arriskuak prebenitzeko legeak? Nork prekaritatea areagotzen duten lan erreformak? Nork kudeatzen du aberatsenak mesedetzen dituen fiskalitatea...? Xabier Izaga Gonzalez