2020 OTS. 01 Prekarioan baina «cool» Itziar Elizondo Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Diskurtso hegemonikoek zutabe-balio irmoetan finkatuak egonagatik nolabaiteko malgutasuna erakuts dezakete beren mundu ikuskera eta interesak igortzerakoan. Esaterako, egungo hiperkapitalismo bulimikoak desberdinkeriek eragindako egoerei ere zukua ateratzen die. Nola? Zenbait errelato mediatikori dagokien geruza trendy eta coola txertatuz. Hala, azken boladan erreportaje tuntunak ikusi ohi ditugu pairatzen ari garen prekarizazioari “Friends”-eko kapitulu batean biziko bagina bezalako begirada happy eta akritikoa gehituz. Nahikoa dirurik ez duzula alokairua ordaintzeko? Ez zaitez horretaz kezkatu, izan 30, 35 edo 45 urte, hain moloia den co-livinga zuretzat pentsatua baitago. Gazte zara gazte (edo ez hainbeste) eta ez zaudelako konforme mundiala da pisukideekin bizitzea, gastuak, wifia eta netflixa konpartitzea, egokitzen denean elkarrekin parrandan joatea, zuri espekulazioa bost axola zaizulakoan. Berez prekarizazioari aurpegi ona erakutsi behar diozu pipak erosteko ere ez duzunean, lantokiko motibazio ikastarotxoan predikari gogaikarriak botatzen duen mantrak dioenez. Eta preseski hain diru gutxi duzulako egokitzen zaizu askotan asteburuan goxo-goxo etxean gelditzea, «nesting»-a dastatzen (sofan hankak zabal-zabalik habia egiten, alegia) aldizkari batean esaten den bezala, «antsietatea murrizteko eta burua argitzeko». Esan beharrean, behin hilaren 15era edo iritsita ez daukazula beste erremediorik etxean gelditzea baino, betiere edonolako trikimailuak asmatzen badituzu (zinta itsasgarria leiho guztietan ipiniz edota hamaika txaketa soinean jarriz) berogailuan aurrezteko. Helburua da desberdinkeriak naturalizatzea edonolako tresna diskurtsiboak erabiliz. Akaso garai batean unean-uneko joera top-topearen jarraitzaile zinela sinitsaraztea plazebo sozial modura erabil zitekeen. Nago horrek, aldiz, egungo prekarizazioarekin ez duela ezertarako balio. Izan ere, kapitalismoaren maitagarri ipuin meritokratikoa hutsaren hurrengo gezurra bilakatu da, inoiz egia izan baldin bada. Eta, beraz, gazteei ez diete ziria sartuko, nahiz eta diskurtso horren amua berariaz Mendebaldeko gazte txirotuentzat diseinatuta egon. Nola erosiko dute ba lerdokeria hori bizitza autonomo bat abiarazteko duintasuna bera hipotekatu behar dutenean zabor-soldata, zabor-pisu, zabor-ordutegi, zabor-kontratu baten truke? Eta, are gehiago, haietariko asko zabortegi horretara guztira heldu direnean hamaika gradu, master, praktika egin ondoren? Klima aldaketa ukatzen duten iritziekin gertatzen den bezala, berdintasunik eza cool bihurtzen duten diskurtsoek sen onarekin eta errealitatearekin talka egiten dute erabat behin eta berriz. Sistema krisi larrian dagoen honetan (krisia gehiengoarentzat, goren aldia gutxi batzuentzat) berri faltsuak sareratzen dira bolo-bolo, askotan Interneten izaten dugun portaerari jarraituz gure ideien kontsumitzaile-profilari egokituta. Baina ez dago munduan prekarizazioaren zuritze hau sostenga dezakeen algoritmorik. •