2020 OTS. 29 infraganti ESTEBAN GOZATEGI Gaur, 66 urte beteta, aitarekin 12 urterekin aprendiz hasitako Euskal Herriko azken zurezko ontzigileak erretiroa hartu du. Jakintza milenarista baten azken mohikano honentzat gustuko lanean ez da aldaparik. Pribilegiatua sentitu da, beti eta beteki. Ez da baikorra lanbidearen geroarekin baina Albaolako arotz gazte apartekin harrobia ziurtatuta utzi du. Mikel Zubimendi Berastegi O rioko Esteban Gozategi arotza aitarekin hasi zen lanean oraindik ere mutil koskorra zela, duela mende erdi pasa, Gipuzkoako herriko Mutiozabal ontziolan. Aurrena zerrak zorroztuz, egurrak ekarriz, intendentziako lanak eginez. Zurezko ontzigilea da oriotarra, nabigazioarekin batera Egipton, K.a. 3000. urtea baino lehen, sortutako lanbide zahar eta magikoaren Euskal Herriko azkenengo ordezkaria. Aitaren alboan ontziolan jardun zuenean ezagutu zituen arrantzarako egurrezko baporeak egiten aritu izan da, jateak ere egindakoa da, batelak eta motor txikiak baita. Beti egurrarekin lanean aritu izan da Gozategi, eta, opari gisa ia, bere ibilbidearen azken urteotan, XVI. mendeko “San Juan” baleontziaren erreplika eraikitzeko lanetan aritu da, orduko teknikak erabiliz gainera, Pasai San Pedroko Albaola ontziolan. Dena egurrarekin, ia dena haritzarekin. Gaur bertan hartuko du erretiroa Gozategik. Urduritasuna nabari zaio, beti oso gustuko izan duen lanbideari agur esateak pena ematen diola aitortzen du eta, etengabe, «pribilegiatua eta eskertua» sentitzen dela azpimarratzen du. «Oso gustura ibili naiz lanean, lagun onak egin ditut eta nirekin oso ondo portatu dira. Oso eskertuta nago Albaolako aukera eman zidatelako segitzeko. Dakidan dena erakusten saiatu naiz etortzen direnei. Hona hiru urteko ikastaro baterako datoz, toki guztietatik: frantsesak, greziarrak, belgikarrak, italiarrak, austriarrak… Ondo preparatuta daude. Bertakoak bost arotz gaude eta, aprendiz, hemezortzi mutil». Zuntza eta txapa vs egurra Bere erretiroarekin, tradizio bati, historia bati, akabera emango ote zaion sentitzen al du Gozategik? «Hemen arotzak dezente daude eta onak ere badatoz atzetik. Orain, ze lanbide izango dute? Hori beste kontu bat da. Gu egurrezko ontzien konponketak kito egitean geratu ginen. Zortea, pribilegioa izan dut Albaolan nik ikasitakoa erakusteko eta hemen asko ikasi duen harrobia dago. Baina ez naiz baikorra zurezko ontzigintzak Euskal Herrian izango duen geroarekin, ez bada itsas ondare kontuetan edo aberats baten kapritxoekin, egurrezko ontzigintzak ez du etorkizun argirik» Gozategirentzat zuntzak eta txapak desegin zuen egurrezko ontzien negozio osoa. «Lehenago bazter guztietan egoten ziren egurrezko ontziak, besterik ez zen. Behin zuntza eta txapa sartzen hasi zirenean, denak desegin ziren. Hemen kristoren ontzi ederra egiten ari dira [XVI. mendeko “San Juan” baleontziaren erreplika], baina, horrelako batzuk ez badira, niri ez zait iruditzen etorkizuna dagoenik». Ezta aberatsen yateetan ere? Balitekeela dio. «Yate horien barrunbeetan oraindik egurra erabiltzen da, mahaiak, oheak, dekorazioak egurrezkoak izaten dituzte. Nahiz eta zuntza erabili, kubiertan ere egurra izaten dute. Horretan egongo da igual etorkizuna, luxu eta kapritxoz betetako yateetan. Baina bestela egurrezko ontziak ez dut uste gehiago egingo direnik, ez bada kapritxoso batek agindu eta ordainduta, ‘kosta ahala kosta egurrarekin egingo dut’ tematzen ez bada norbait». Baina iraungo al dute zuntzezko eta txapazko ontziek egurrezkoek iraun duten beste? Buruarekin baietz egiten du Gozategik. «Egurra baino material gogorragoak dira eta gauza bat ederra dutena mantenuarena da. Egurrezko baporeak, nahitaez, urtero edo bi urtetik behin geratu eta begiratu behar izaten dira, txukun eduki, egurra pixka bat usteltzen hasten bazaizu, egur hori besteak jaten hasten baita. Gaitza kentzen ez badiozu, izorrai! Txapazkoek ere izaten dute mantenua, baina ez hainbesteko zerarik». Egurraren magia Prozesu osoa, hasieratik, beraiek zuzentzen ote duten galdetu diogu. Basora joan eta egurra beraiek aukeratzen ote duten. «Nik hori ezagutu dut. Lehen, aita zena basora joaten zen arbolak aukeratzera. Euskal Herrian bertan ibiltzen ziren, Sakana eta Gasteiz alde horretan. Seguru ez nago non, ni oso mutil koskorra bainintzen egurrezko baporeak egiten ezagutu nituen garaian. Baina akordatzen naiz Kanpezun zerratzen zituztela egurrak. Beti haritza, egituretan, armazoietan, beti haritza. Albaolan ere hala da. ‘San Juan’-ek dena haritza darama, goiko zati batean pinua kenduta». Baina Gozategi bezalako arotzek geometria eta mekanika arauen ezagutza ere beharko dute, ezta? Nola moztu egurrak, zein angelurekin... «Hori batik bat planoetan etortzen da. Bertan azaltzen dira ze gradu eman eta horrelakoak. Planoetatik ateratzen duzu ze kaida, neurri eta abar eman behar dizkiozun, ze gradu dituen, hau hona doa, hau hara...». Egurrarekin aritzeak magia berezia omen du. Bizirik dagoelako, usaindu daitekeelako… «Hori ofizio guztietan egongo dela iruditzen zait, jartzen diozun gogo eta arretaren araberakoa izango dela. Neroni bizi osoa horretan jardun naiz, gustura beti; ontziari piezak pegatzean zerorrek poza hartzen duzu, badoala gora. Horixe da magia. Eredua egin, egurra bilatu, egurra ekarri, trazatu, moztu, eta, behin pegatzen diozunean, esaten duzu, ‘beno, gauza polita geratuko da behintzat’. Horrek poza ematen du, bai». Gozategi 57 urterekin hasi zen Albaolan lanean. Ez da oso ohiko lantoki berri batera adin horrekin sartzea. Lanbidearen etorkizun beltza Bere ibilbidea gogoratu du berriz: «Xabier Agoterekin gogoratu nintzen lanik gabe geratzean. Bisita batera etorri zen Orioko Mutiozabal ontziolara eta komentatu zidan: ‘noiz edo noiz zerbaiten beharrean bazabiltza, esadazu lasai’. Eta gure ontziola deklibera joan zenean, ba gogoratu nintzen. Izaten da ba, ‘Xabik hola eta hola esan zidan, eta badaezpada ere deitu egin behar diot’. Izan ere, ongi esan duzunez, 57 urterekin nora zoaz? Ze tailer mekaniko edo elektrizistan emango dizute lana?» Bazekien bere lanbidea «bukatuta» zegoela. Egurrezko ontziolarik ez zegoen inon. Agoteri deitu eta bazeuzkala proiektu batzuk eta pixkanaka behintzat hasteko esan zion. «Pare bat urtez lanaldi erdiz egon nintzen, hemen baziren-eta errekuperatzeko egurrezko ontziak. Gerora ‘San Juan’ baleontzia egiten hasi ginen. Pozgarria izan zen. Ikusgarria». Ofizioari ez zion aterabiderik ikusten, etorkizun iluna zuen. «Hemen behintzat ez. Badaude yateak-eta barruan egurra erabiltzen dutenak, baina hola, lan fuerteak, ontzi osoak egurrez egitea, horretarako kanpora joan behar da. Bretainian badaude egurrezko baporeak egiten dituztenak, Galizia aldean ere oraindik funtzionatzen dute pixka bat, baina hemen ez. Ez bazaizu horrelako itsas ondareko lan bat etortzen edo dirua duen baten batek ez badu kapritxoa izaten...». Lanbidean dakien jendea behar dela dio, eta beste jende asko. «‘San Juan’ baleontziarekin, adibidez, bost urte daramazkigu eta beste urte eta erdi beharko dugu bukatzeko, pentsa. Ordu asko egin eta kolpe asko eman behar izaten dira hemen! Jakina, baleontziarena ez da lan normala, garai bateko moduetan egin behar dugu. Arrantzontziek ondo pegatuta edukitzen zituzten pieza guztiak; ‘San Juan’-en kasuan, pegatu behar den tokietan brea eman eta pegatzen dira zatiak, baina armazoiak eta ligazoiak elkarrekin asko pegatu gabe daude, nahiko libre, harritzekoa da elkarrekin pegatu gabe nola eraikitzen zituzten orduko ontziak». Etxekoak zaindu Eta hemendik aurrera nola imajinatzen du egunerokoa? «Bi biloba dauzkat, suhiak eta alabak lana egiten dute eta Orion bi biloba txikiekin ibiliko naiz, ikastolara eraman, jaso... Gero, anaia paraplegikoa dut, gurpil aulkian, eta zaindu beharra dago, txandatuz-eta. Andrea bi umeekin ibiltzen da, gero harengana joaten... Anaia 70 urte betetzear da eta adin horretatik aurrera arreta handiagoa behar du». Gaur erretiroa hartzean zeozer egin beharko dutela dio, «hainbeste urte elkarrekin egon ondoren!». Ongi mereziak izango ditu denak. Bejondeiola! • «Ez naiz baikorra zurezko ontzigintzak Euskal Herrian duen geroarekin. Ez bada itsas ondare kontuetan edo aberats baten kapritxoekin, egurrezko ontzigintzak ez du etorkizun argirik» «Egurrezko ontziak urtero edo bi urtetik behin begiratu behar dira nahitaez, egurra pixka bat usteltzen hasten bada, egur hori besteak jaten hasten baita. Gaitza kentzen ez badiozu, izorrai» «Eredua egin, egurra bilatu, egurra ekarri, trazatu, moztu, eta, behin pegatzen diozunean, esaten duzu, ‘beno, gauza polita geratuko da behintzat’. Horrek poza ematen du, bai» «‘San Juan’ baleontziarekin bost urte daramazkigu eta beste urte eta erdi beharko dugu bukatzeko, pentsa. Ordu asko sartu eta kolpe asko eman behar izaten dira hemen»