2020 OTS. 29 «Lolita Azpeitiko neska politta…» Ana Elosegi Serna Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea Aurtengoz, joan dira inauteriak, gure inguruan hain sentsazio ezberdinak pizten dituzten festak. Badago edozein lekutara joango litzatekeen jendea mozorrotzearen inguruan edozer gauza entzun aurretik. Beste batzuk, berriz, urte guztian egun hauen zain amorratuta egoten dira. Gure kasuan, Azpeitian, egun maiteak dira orokorrean; sokamuturra, astearte goizeko diana, desfileak eta karrozak, txikiteo elegante eguna… Hain biziak izaten dira inauteriak! Ostegun gizen ilunabarrean plazan banda entzun nuen inauteriko kantuak jotzen: «Lolita Azpeitiko neska politta...». Eta han entzuten zegoen jende mordoari inauteriko gogoa pizten hasi zitzaion, odola bor-bor zainetatik barrena. Nahi gabe gorputza batetik bestera dantzan jartzen askori. Gure gazteak ere hala ibili dira, irrikaz mozorroak prestatu, ileordeak erosi, etxeko ganbarak astindu… Aurten udaberria aurreratu zaigun honetan, mozorroak ere egokitu egin behar izan dira. Klima aldaketa horraino. Zenbat oroitzapen gazte garaikoak, zein ederrak izaten ziren inauteriak! Hango mozorroak, lehen aldiz elegantez janzten ginen egun berezi hura…zenbat maitasun istorio eta zenbat desamore! Lehendabiziko gaupasak, lehen konfidentziak, lehen musuak! Mozorrotzeak badu harremana zure barneko haur horrekin konektatzeko gaitasunarekin, jolasteko eta ondo pasatzeko gaitasunarekin. Berriro ere pailazo bihurtzea edota rol joko horretan, antzerkian egiten den moduan, disoziatu eta, adibidez, Rosalia bihurtzea. Hori sekulakoa da. Badu harremana irudimenarekin eta zure buruaz barre egiteko gaitasunarekin, lotsak gainditzearekin, eta egun batez behintzat zure eguneroko errutina estutik atera eta dena posible dela sentitzeko ahalmenarekin. Hala ere, aurten badut gazi-gozoa den sentsazioa, neure buruari disfrutatzeko baimena ematerakoan kontraesana sentitu baitut. Urte hasiera gogorra izaten ari da, nahasia. Gure alboan, hogei kilometro eskasera dagoen Zaldibarko zabortegiaren gaiak barruak astindu dizkit! Hango bi gizonen gorpu galduek mina eta haserrea sortzen dute, baita Eibar eta Ermuko eskoletako leiho itxiek, haurdunentzako pauta bereziek eta inauteri debekatuek ere. Zabor usaina dario guztiari, ezta? Ez al da horrela? •