2020 OTS. 29 IKUSMIRA ZIRRIKITUETATIK Amagoia Mujika Telleria Zirrikituetatik sartzen zaigu inauteria, eguneroko pausoa makaldu egiten digu eta bestea bizkortu, txarangaren aginduetara joaten den pauso berezi hori. Edozein tokitan gaudela agertzen zaigu parean, ohikoa hankaz gora jartzen du eta errutina astindu. Mozorro zalea izan edo ez, zaila da erabat aparte ibiltzea. Gutxien esperotako tokian eta unean sudur gorri batek, ileorde batek, brillantina batzuek gogorarazten digute mundua aldrebes jartzeko baimena duela nahi duenak. Sanoa litzateke inauterietan janzten dugun umorea egun gehiagotan ere aldean eramatea. Batzuek, edozein trapu-zahar soinean jarri eta ondo pasatzeko gaitasun nekaezina. Beste batzuek, mozorroz ordena hankaz gora jartzeko abilidadea dutenei begira irri egiteko erraztasuna. Bai, ondo legoke inauterietako umoreak luzexeago irautea, urte batetik besterako itxaronaldia, errutina esaten zaion hori, ez dadin hain zurruna izan. Amagoia Mujika Telleria